Erramu-zapatua Bergaran, mahoi jantzita gozatzeko feria

Imanol Gallego 2014ko api. 11a, 12:45
Simon Arrieta plazan batuko dira gozogile eta okinak.
Erramu-zapatuko ferian gauza on asko egongo da ikusteko. 09:30ean irekiko dute feria eta bazkal ordura arte ganadua, artisauak, bertako produktuak... egongo dira erdigunean. Udalak mahoiz janzteko gonbidapena egin die herritarrei.

Ibargarai kalean ganadua egongo da ikusgai; Seminarioko jolaslekuan hegaztiak, animalia bitxiak eta baserriko makineria; San Martin plazan artisauak egongo dira, Fraiskozurin sasoiko produktuak eta txosna egongo dira eta Simon Arrieta plaza aldiz, gozozaleen txokoa izango da, bertan batuko baitira gozogile eta okinak. Aurten gainera, Seminarioko jolaslekuan, euskal txerria ezagutzeko parada izango da.

14:30ean aldiz herri bazkaria egongo da, Udal Pilotalekuan, eta 500 bat lagun espero dira. Zoritxarrez, baina, bazkariko txartel guztiak lehen egunean saldu ziren. Arratsaldean, 17:30ean, umeendako zezentxoak egongo dira Seminarioko jolaslekuan.

Kontuan izan, gainera, Martinez Iralan egiten ari diren lanengatik, San Martin ikastetxeko jolaslekua izango dela aparkaleku moduan egokituko den toki bakarra. Horregatik, behin baino gehiagotan Udaletik argitu duten moduan, azoka egunaz gozatzeko aukerarik onena, autoa etxean uztea da.

Bertsoak egubakoitzean

Erramu-zapatuko egitaraua astelehenean hasi zen. Amaia Diaz de Monasteriogurenek eta Peio Zabalak Udaberria, natura entzunak ditugun elikadura beharra hitzaldia eskaini zuten osoko bilkuren aretoan.

Egubakoitzean 22:30ean, Udal pilotalekuan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Iker Zubeldia, Amaia Agirre eta Nerea Elustondo lehen mailako bertsolariak arituko dira, saioko gai-jartzailea aldiz Iker Iriarte izango da. Aldez aurretik, sarrerak 8 eurotan www.bergara.net gunean eta 18:00etatik 21:00etara Kultura etxean eros daitezke. Azken orduan erosi nahi duten horientzat, baina, pilotalekuko leihatila 21:30ean irekiko dute.

Castellers ikuskizuna eguerdian

Gure Esku Dago dinamikak goizeko 11:00etatik aurrera, eta herria girotzeko, kalejira egingo du erdiguneko kaleetatik zehar.

Eguerdiko 12:00etan, Sant Cugat del Vallés-eko castellersak emanaldia eskainiko du Irizar jauregiko lorategian, eguraldi txarra egiten badu, ikuskizuna pilotalekuan egingo dute. Gogoan izan, goizean zehar, ekainak zortzira begira, Irizar jauregian eta pilotalekuan metroak salduko dituztela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak