6.500.000 pieza baino gehiago egin dituzte Elayko langileek CERNeko (Ikerketa Nuklearretarako Europako Kontseilua) detektagailu eta aparailu zientifikorako, eta Higgs bosoia deskubritu, detektatu eta aztertzea ahalbidetu du horrek.
Bada, hori abiapuntu moduan hartuta antolatu ditu Jakiundek, Zientzia, Arte eta Letren Euskal Herriko akademiak, bi hitzaldi biharko.
Egindako lanaren garrantzia ikustarazteko
Antzuolako Elay tailerrean izango da lehen hitzaldia, 13:00etan, eta Egoi Garitaonaindia izango da hizlaria. CERNeko ikertzailea da Garitaonaindia, ingeniaria, eta lanean ibili da Higgs bosoia detektatu duen detektagailuan. Berak eta Elayko 250 bat langilek parte hartuko dute hitzaldian –topaketa moduko bat izango da– eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok aurkeztuko du.
Helburua da azaltzea Elayko langileek egindako 6.500.000 pieza baino gehiagok zertarako balio izan duten; langileei eurei ere ikusaraztea eurek egindako lanaren garrantzia soldata irabaztetik harago joan dela.
Antzuolan antolatutako ekitaldiaren ezohikotasuna azaleratu gura izan du Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugaldek: "Akademia guztien historia osoan lehen aldia da akademia batek halako ekitaldi bat tailer batean prestatu, egin eta burutzen duela".
Etxenike Bergaran
Bigarren hitzaldia, berriz, Pedro Etxenike fisikariak eta Jakiundeko ohorezko presidenteak egingo du, Bergarako osoko bilkuren aretoan, 19:00etan: Txikitik handira, sinpletik konplexura. Baliorik gabeko zientziaren goieneko balioa. 45-50 minutu iraungo du eta publiko ororentzako irekia izango da.
Azkeneko kontzeptuaren gainean (goieneko balioa…) jardungo du batez ere: ze erabilgarria den hasiera batean ezertarako balio ez duela ematen duen zientzia. Alegia, zientzia basikoak, ikerketa oinarrizkoa esaten denak, horrek ze onura dakarren. Hala aurreratu digu Jesus Mari Ugaldek.