Debagoiena, munduko zientziaren erakusleiho

Ubane Madera 2014ko api. 1a, 08:00

Genevatik gertu dagoen Hadroi Talkagailu Erraldoia.
"Azken boladan egin diren deskubrimendu zientifikorik inportanteenetakoen artean egon daiteke Higgs bosoiaren aurkikuntza, eta horretan parte izan dute Elayko langileek. 6.500.000 pieza baino gehiago egin dituzte haiek, CERNeko detektoreetan (Ikerketa Nuklearretarako Europako Kontseilua) eta hango aparailuetan dagoeneko instalatuta daudenak, eta euren lanarekin hori eraiki da".

Hori abiapuntu antolatu ditu Jakiundek, Zientzia, Arte eta Letren Euskal Herriko akademiak, bi hitzaldi Debagoienean datorren eguenerako, apirilak 3, Jesus Mari Ugaldek, Jakiundeko presidenteak esandako moduan. 

Bata Antzuolako Elay tailerrean izango da, 13:00etan, eta Egoi Garitaonaindia izango da hizlari. CERNeko ikertzailea da Garitaonaindia, ingeniaria, eta lanean ibili da Higgs bosoia detektatu duen detektagailuan.

Bigarren hitzaldia, berriz, Pedro Etxenike fisikariak eta Jakiundeko ohorezko presidenteak egingo du, Bergarako osoko bilkuren aretoan, 19:00etan. 45-50 minutuan zera landuko du: De lo pequeño a lo grande, de lo simple a lo complejo, la sublime utilidad de la ciencia inútil.

"Gizartearen ongizaterako"

Antzuolako fabrikan antolatutako hitzaldiari dagokionez, helburua da "azaltzea Elayko langileek egindako 6.500.000 pieza baino gehiagok zertarako balio izan duten CERNeko detektagailu eta aparailu zientifikoan. Erantzuna horixe da, alegia: Higgs bosoia deskubritu, detektatu eta aztertu egin dutela aparailu zientifiko horretan, baina hori egiteko Elayko langileen lana eta grina behar izan da, 6.000.000tik gora pieza egin baitituzte aparailu zientifiko hori eraikitzeko".

Horrela, langileei eurei ere ikusarazi gura diete eurek egindako lanaren garrantzia soldata irabaztetik harago joan dela: "Langileak konturatu egiten dira eurek egindako lanarekin kontribuzio handia egin diotela gizarte osoaren ongizateri, jakintza handituz", azpimarratu du Ugaldek, Jakiundeko presidenteak.

Azeleragailu barruan daude

Elaytarren ekarpena LHCaren (Hadroi Talkagailu Handia) hodiaren barruan dago, Genevatik gertu: "Trokeleria fina egiten dute Antzuolan, eta partikulak azeleratu egiten dituen hodiak barrutik behar dituen tramankuluak kokatzeko eta finkatzeko erabili izan dira, nik dakidanez. Baina zehazki zertarako erabili diren dakiena da Elayera etorriko den hizlaria; hura da ingeniaria da eta hark lan egin du aparailu horren eraikuntzan", azpimarratu du Ugaldek. 

"Elay, onenen artean"

Urteak eman dituzte Elayn piezok ekoizten. "Lehen kontaktuak 1999an izan ziren. 2000n hasi ziren piezak seriean ekoizten Antzuolako fabrikan, eta 2006ra arte jardun zuten piezak hara bidaltzen", jakinarazi du Ugaldek. 

Lehiaketa publiko bitartez lortu zuten lan hori bereganatzea. "Halako azpiegitura handi bat onartzen denean, lanak konkurtsora ateratzen dira, enpresak aurkezten dira eta onenek irabazten dute. Beraz, honen ondorioa da Elay onenen artean dagoela", azpimarratu du Jakiundeko presidenteak.

Akademia bat fabrikan

Bestalde, eta akademiari berari dagokionez, Jakiundek Antzuolan antolatutako ekitaldiaren ezohikotasuna ere azaleratu gura izan du hark, esanez "agerian" jartzen duela "ze nahi handia duen Jakiundek berak duena (ezagutza hutsa) gizartearen zerbitzura jartzeko, modu eraginkorrean eta modu hurbilean". Ugaldek uste du "akdemia guztien historia osoan lehen aldia dela akademia batek halako ekitaldi bat tailer batean prestatu, egin eta burutzen duela. Zerbait historikoa izan daiteke, edo akaso gehiago anekdota"; edozelan ere, haren garrantzia nabarmendu du.

Puntako industria berria

Ildo horretan, Elayk zeregin hori egitea lortu duen moduan, munduan industria mota berria sortu eta halakoetan parte-hartzearen garrantzia eta horren bueltan dauden aukeren inportantziaren gaineko mezua ere helarazi gura du Jakiundek datorren asteko ekitaldien bitartez: ikerkuntza aparailuen industria. "Badaude hainbat ikerkuntza (CERNeko instalazioez gainera), teleskopio erraldoiak, neutrinoen detektagailuak Antartidan, satelite espazialak… non aparailuak beste modu batekoak diren: oso handiak, erraldoiak, eta horiek eraikitzeko teknologia oso punta-punta-puntakoa behar den. Diru asko balio dute, eta normalean nazioarteko erakundeak dira horiek kudeatu egiten dituztenak. Eta hor badago industria berri bat, zein hor sartzeko teknologia punta-puntakoa behar den eta baita organizazio industrial bikaina. Euskal Herriak badu hori, eta uste dut konturatzen bagara hor badagoela zerbait Euskal Herri bezala sartzeko, oso onuragarria izango dela guretzat. Beste adibide bat da Lund-en (Suedian) egin behar duten espalazio zentroaren laborategi satelite bat Bizkaian (Bilbo-Leioa inguruan) jarriko dutela".

----------

Jesus Mari Ugalde (Jakiundeko presidentea): "Oinarrizko ikerketak ze balio duen, ze onura dakarren azalduko du Etxenikek"

De lo pequeño a lo grande, de lo simple a lo complejo, la sublime utilidad de la ciencia inútil izenbururekin, Pedro Etxenikek bere teoria azaldu gura die herritarrei datorren eguen iluntzean, Bergaran.

Zer kontatuko du? Batez ere, azkeneko kontzeptua (la sublime…): ze erabilgarria den hasiera batean ezertarako balio ez duela ematen duen zientzia. Alegia, zientzia basikoak, ikerketa oinarrizkoa esaten denak, horrek ze onura dakarren. Eta horretarako, bi elementuok ditu aurretik: sinpletik konplexura, txikitik handira… justu, erredukzionismoaren kontrako kontzeptua da. Hau da, denok pentsatzen dugu zerbait esplikatzeko beti oinarrietara joan behar dugula, ahalik eta gauzarik txikiena hartu, behe-beheko elementu hori hartu, eta hori dakigunean horrekin dena dakigula pentsatzen dugu. Pedro Etxenikeren argudioa da justu kontrakoa: txikienaren propietateak ezagututa, handienaren portaera  ezin daitekeela jakin. Baina kontuz, behin handienaren portaera eta propietate horiek jakinda, horrek izan behar du bateragarria (baina bateragarria bakarrik) txikienaren propietateekin. Hau da propietate berrien emergentzia.

Adibiderik jar daiteke? Nire adibideak baditut, baina ez dakit Pedrok konpartitzen dituen; nireak, edozelan ere, adibidez, kolorea bera, gizateriaren portaera sistema konplexuetan… izan daitezke. Baina onena da hitzaldira bertara joan eta han jarriko dituen adibideak entzun. Oso ondo azalduko du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak