Igoera fasea jokatzeko postua ziurtatuta, pozik itzuli dira Durangotik MUko mutilak Tabirako menpean hartuta. Josu Larreategi entrenatzaileak aditzera eman duenez, "aurreneko unetik menperatu" dute norgehiagoka, eta hala, 64-83 irabazita egin dute itzulerako bidaia.
"Oso partidu ona jokatu dugu. Gainera, kanpo arrazoiak medio, bestetan ez bezala, toki berri batetan neurtu ditugu indarrak, eta horrek hein batetan, bi taldeak parekatu gaituela esango nuke".
Hasieratik aurretik
Oso hasiera ona izan du Durangoko partiduak arrasatearrentzat. Aurretik joan dira lehenengo unetik eta nahiz eta aurkaria markagailuan gerturatzen joan, jokaldi hobeak egin dituzte eta baita saskiratze gehiago ere: "Oso ondo mugitu dugu baloia, joko orekatua egin dugu, bai kanpotik eta baita barrutik ere lehia menperatuz".
Bi taldeen arteko aldea handitzen joan da partiduak aurrera egin ahala, eta une batetan 22ko aldea eskuratu dute arrasatearrek. "Arerioak urduritzen joan dira orduan, gogor jokatzen hasi dira eta jokalari bat ere bota dute epaileek".
Lehenengo postua helburu
Sei partidu geratzen dira denboraldia amaitzeko eta Tolosak (lehenengoak) oraindik MUk baino garaipen bat gehiago dauka. "Azken aurreko partidua jokatzera etorriko dira Arrasatera eta gure helburua da ordurako lehenengo postua borrokatzeko moduan egotea".
Denboraldiko partidu onena jokatuz irabazi zuten eskoriatzarrek
Zortzi puntuko aldeaz irabazi zion zapatuan Eskoriatzak Tolosako Aralar Kirolak taldeari (40-48). Akatsak egin arren, hobetzen joan ziren eta azken bi laurdenak oso ondo jokatu zituzten eskoriatzarrek. Hiru partidu dituzte aurretik, eta emaitzen arabera, lauko finala jokatzeko aukera izango lukete.
Garaipena erdietsi zuen Natra Oñatik Irunen zapatuan
Etxetik kanpo irabazi zuen zapatuan Natra Oñatik Errobide Irun taldearen aurka eta 60 eta 71 erakusten zuen markagailuak amaieran. Hori horrela, zazpigarren postuan daude orain oñatiarrak, 11 punturekin. Hurrengo norgehiagoka etxean jokatuko dute, Astigarragako Mundarro-La Salleren kontra.
Galdu arren, aurkari bikaina izan da Bergara
Nahiz eta amaieran markagailuak 53-60koa erakutsi, Soraluce BKE taldeko kideak pozik zeuden Tecnumen aurka, hau da, sailkapeneko bigarrenaren aurka jokatutako partiduarekin bai norgehiagokaren mailarekin zein etxean bertan emandako itxura onarekin.
Bergararrek zapatuan sailkapeneko azkeneko taldearen aurka Donostian jokatuko duten partidua prestatzeko ordua dute orain.