Gorlako azken zuzenean eraso gogorra jota, Arnau Solerendako txapela

Xabier Urtzelai 2014ko mar. 30a, 21:30

Arnau Sole, helmugan.
Lasterketa hasi dutenetik, Arnau Sole-k (Caja Rural) begi bakarra izan du errepidea zaintzeko. Beste begiak nahikoa lan zuen garaipenerako faborito zen Marc Sole (Lizarte) jarraitzen. Kataluniarrak obsesio horrekin egin ditu lasterketako 89 kilometro, baina Gorlako azken kilometroan (90 kilometro dira), paella atzean utzi eta zuzen gogorrean Sole-k makal ikusi du Soler: "Ez doa eroso", pentsatzeaz batera jabetu da indartsuago zeudela beste batzuk, tartean, igoera osoan lan handia egin duen Imanol Estevez (Zirauna) arabarra.

[ARGAZKIAK] eta [SAILKAPENA]

Orduan hasi dira tropeleko oilarrak mokoka, azken kilometro horretan indartsu nor zegoen ikusteko eraso saiakerak eginez. Etxafuegoak, azken batean, irabazleak Gorlako gainetik 600 metrora benetako tiroa jo duen arte. Alvaro Trueba (Baque Campos) berehala itsatsi zaio gurpilera, eta biek lortu dituzte 30 metro: "Hor Alvaro ostera erasotzea erabaki dut, indarrik ba ote zuen ikusteko. Ahalegin betean nindoala atzean geratzen zela ikusi dut, eta hor psikologikoki hondoa jo du, seguru; hortik aurrera ez dut burua altxa ere egin, helmugara arte".

Egia esan, gaurkoa ez da izan begi bakarraz lehiatzeko lasterketa, inoiz baino eroriko gehiago izan direlako, haize gogorraren eraginez baino, hasieratik tropelean egon den urduritasunagatik. Urduri egote horrek, baina, ez du egin azkarrago joatea, eta lehenengo igoera iaz baino mantsoago egin dute ziklistek.

Lehenengo igoera iaz baino mantsoago egin zuten ziklistek.

Aipatu moduan, Soler zen fabortitoa, eta haren taldekide Lizartekoek lan egin behar izan dute Gorla hasi baino lehenago, ihes egindako taldetxoak tarte txikia izan zezan. Mendate erdi inguruan harrapatu dituzte ihes egindako horiek, eta 25 laguneko taldetxoak ia batera egin du igoera guztia. Hala, erritmoari eutsi diote, azken paellaraino, bailarako Jokin Etxabek (Debabarrena), Eneko Lizarraldek (Gipuzkoa) eta Iker Eskibelek (Zirauna), baina, ez dute azken kilometroko borroka erabakigarrian sartzeko aukerarik izan. 51 segundora helmugaratu dira hirurak.

Aurreko taldea, Gorlako bigarren igoeran. Tartean ziren Eskibel, Etxabe eta Lizarralde.

Ordurako, Sole garaipenaz gozatzen zegoen, abizen ia berdina duen ziklistari protagonismo guztia kendu ostean. [Bihar, astelehena, Harmailatik saioak erreportaje berezia egingo du Gorlako Igoerako lasterketarekin, 19:30ean, eta 22:00etan]. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak