Debagoieneko birziklatze tasa "batez bestekoaren gainetik" dago, Aldundiaren arabera

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 28a, 13:22

Mankomunitateen birziklatze maila.
“Gipuzkoarrok ondo ari gara; bidea luzea da, baina norabide egokian goaz”, adierazi du gaur eguerdian Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Hondakinen kudeaketaz ari zen Errazkin. Emandako datuen arabera, "2014. urte hasieran, birziklatze tasa %40 da Gipuzkoan – ia bikoiztu egin du tasa bost urtean–; materia organikoaren gaikako bilketa %70 hazi da urtebetean; eta gero eta hondakin gutxiago eramaten dugu zabortegietara –%31 gutxiago 2007tik".

2013ko datuak aurkezteko Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako prentsaurrekoaren ildotik egin ditu adierazpenok Iñaki Errazkinek. "Iaz Gipuzkoa osoko batez besteko birziklatze tasa %38" izan zela, eta "gaur egun %40an" gaudela jakinarazi du Errazkinek, eta "bost urtean bikoiztu" egin dugula gaineratu du: "2009an %22,5 birziklatzen genuen, eta orain, 2014. urte hasieran, %40an gaude. Oso salto handia da, baina hori baino garrantzitsuagoa da mankomunitateak eta udalerriak hartzen ari diren neurriekin, planifikatzen ari garen azpiegiturekin eta, batez ere, herritarren ahaleginarekin, urrats sendoak ematen jarraitzeko oinarria jarri dugula".

Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak aletu ditu 2013ko datuak: "2013an, Gipuzkoan 318.000 tona hondakin sortu genituen, guztira. Bost zatiki nagusiei dagokienez, 24.177 tona beira jaso ziren gaika sailkatuta; 13.694 tona ontzi arin (2007an baino%60 gehiago); 36.402 tona paper eta kartoi; 14.170 tona organiko (etxeetan); eta 190.383 tona errefus zabortegietara eraman ziren".

Etxeetan gaika bildutako organikoa nabarmendu du Iraolak: "Iaz 14.170 tona materia organiko jaso genituen konpostatzeko; duela bi urte 8.327 izan ziren, eta beraz, igoera %70 da urtebetean".

Erraustegi proiektuak "ez zuen zentzurik"

"Zabortegietara gero eta hondakin gutxiago eramatea" ere adierazgarria dela esan du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak: "Beheranzko joera agerikoa da: 2007an 276.000 tona eraman genituen zabortegietara, eta iaz 190.000: %31 gutxiago. Honek agerian uzten du behin eta berriro errepikatzen dugun ideia bat: Zubietako erraustegi proiektuak ez zuen zentzurik. Erraustegia 260.000 tona hondakin erretzeko zegon diseinatuta, eta iaz, 190.000 izan genituen. Hau da, gaur egun erraustegia izango bagenu kanpotik 70.000 tona hondakin ekarri beharko genituzke, edo bestela, dirua galdu beharko genuke. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, 190.000 tona horietatik, gehien-gehiena birziklagarria dela, eta Europak dio hori birziklatu behar dela eta ezin dela erraustu".

Debagoieneko birziklatze tasa, "batez bestekoaren gainetik"

Birziklatze tasari dagokionez, Sasieta, Urola Kosta eta Debagoieneko mankomunitateen emaitzak nabarmendu ditu Iraolak, hirurak batez bestekoaren gainetik daudela esanez. Debagoienari dagokionez, birziklatze maila %41,2koa da, Aldundiak publiko egindako estatistiken arabera.

"Ondo ari zarete"

Iñaki Errazkin diputatuak herritarrak zoriondu ditu: "Gipuzkoarrok erakusten ari gara posible dela hondakinak modu iraunkorrean eta eraginkortasunez kudeatzea. Horregatik, gipuzkoarrak zoriondu nahi ditut: haiek dira aldaketa honen protagonista nagusiak. Eta aldi berean, bide beretik jarraitzeko animatu nahi ditut. Ondo ari zarete, benetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak