Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatza, Bertsomovieda lehiaketan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 28a, 17:00

Bertsomovieda! bertsoak oinarri dituen eta Beasaingo Arrano kultura elkarteak antolatzen duen film laburren sareko lehiaketa da. Hirugarren edizioa du aurten, eta aurkeztutako 24 lanen artean, Debagoieneko hiru film labur daude: helduen mailan Oñatiko Gero Pentzauku Produxions taldeak eta Eskoriatzako Hankamotx bertso eskolako kideek parte hartu dute eta gazte mailan lehiatuko dira, berriz, Aretxabaletako Lekaixoka bertso eskolakoak. Ikusleen sarirako botoa emateko epea domekan, hilaren 30ean amaitzen da. Apirilaren 11an banatuko dituzte Beasaingo Igartza Jauregian, aurtengo sei sariak.

Aretxabaletako Lekaixoka eskolakoek bigarrenez hartu dute parte."Ikastolan egindako lan bat bidali genuen iaz nahiz eta nahasketa arraro bat atera zitzaigun. Oraingoaz pozik gaude; ederto pasatu genuen grabatzen, une batzutan lotsa ere pasatu bagenuen ere. Kattalin Linazisoro, Enaitz Garai, Xubane Beltran de Heredia, Haizea Arana eta ni gara protagonistak" dio Oihana Aranak. Kamara lanak, berriz, Xabier Arenazak, eskolako irakasleak egin ditu: "Euren proposamena izan zen eta gazteek  egin dute ia guztia. Segituan eman nien baiezkoa, bide batez, bertso eskolara etortzeko gonbitea egin dugu-eta" dio irakasleak. 

Oñatiko Gero Pentzauku Produxions lagunarteak ere badu eskarmentua; iaz 500 euro eskuratu zuten ikusleek horrela erabakita. Ondo pasatzeko helburuaz egin dute aurtengoa ere, sariei muzinik egin barik baina.

Eskoriatzako Hankamotx bertso eskolakoen helburua, ondo pasatzeaz gainera, herriko eskola sortu berria, bertso-eskolen mapan kokatzea izan da. Honakoak dira egileak: Aritz Oianguren, Dorleta Kortazar, Xabier Arenaza, Beñat Errasti, Ibai Oianguren, Beñat Errasti, Dabid Arrieta, Iñaki Astiazaran, Jon Ibabe, Josu Pagaldai eta Miren Amuriza, azken hori, irakaslea.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako Bertso eskolakoek, ipuin ezagunak bertsotan

Ipuin klasikoen bertsioak bertsotan kontatu dituzte Eskoriatzako Hankamotx eta Aretxabaletako Lekaixoka bertso eskolatik. Lekaixokako bertsolari gazteek, Hamelingo txistulariaren kontakizuna oinarri hartuta, herrian aspertuta dauden gazteei bertso eskolara urbiltzeko gonbidapena egiten diete. Guztien artean gidoia aurrez pentsatu eta osatuta, egun bakarrean, pasa den martitzenean, Aretxabaletako hainbat kaletan grabatu zuten.

Orain gutxi sortutako Eskoriatzako Hankamotx bertso eskolako helduek, berriz, Hiru Txerrikumeak ipuin ezaguna aukeratu dute eta gaur egungo krisiarekin konparaketa eginez, ipuinaren moldaketa egin dute. Eskoriatzako deposito zaharrean grabatu zuten pasa den eguenean.

Iñaki Olalde (Gero Pentzauku Produxions): "Iaz posible izan bazen saria eskuratzea, aurtenb erem zergatik ez?"

Ikusleen saria eskuratu zuen iaz, Oñatiko Gero pentzauku taldeak. Aurten Bertsofrikia lana egin dute.

-Iaz saria irabazita, ze aurreikuspen duzue aurten?

Iaz posible izan bazen aurten ere posible da, batez ere egin dugunarekin gustura gaudelako. Aste betean, bozketak gora behera asko izango ditu, beraz zai egon behar...

-Zeri buruz oraingoa?

Bertsofriki bat da protagonista, bizitza guztia bertsoarekin lotuta egon da, eta aurten,  txapelketa bukatu berri delako, burumakur edo behea jota dago. Egunero behar du bertso-dosi bat bere bizitzan eta edozer egiteko gauza da hori lortzeko helburuaz.

-Non eta noiz grabatuta?

Oñatin martxoaren 15ean eta 16an grabatutakoak dira eszena guztiak, baina artxiboko irudiak ere txertatu ditugu.

-Zeintzuk zarete egileak? Gero Pentzauku Produxions taldea esan genezake dagoeneko talde egonkorra dela. Oraingoan, Leire, Ibai, Egoitz, Arkaitz, Haizea, Ana Mari eta ni neu aritu gara kamera aurrean. Kamera atzean eta muntaia lanetan, berriz, Haizea eta Idoiak jarduten dute  normalean. Gidoia egiteko, berriz, beste askotan bezala Idoiaren ideiatik abiatuta, guztion artean osatuz gero.

-Zer diozue horrelako lehiaketak antolatzeari buruz? Gu gustura gaude; gustua hartu diogu horrelakoei, ia hobby bihurtzeraino. Gu elkartu izanaren errua, Oñatiko Laburmetrai Rallyarena da.

 

Sari banaketa Apirilaren 11n, Beasainen

2.500 euro banatuko dituzte saritan eta apirilaren 11n egingo dute horiek banatzeko ekitaldia Beasaingo Igartza jauregian. Ikusleek erabakiko dute sari horietako bat, Ikusleen Saria hain zuzen, eta botoa emateko epea domekan amaitzen da, hilaren 30ean, bada.

Lan guztiak ikusteko eta lehiaketaren gaineko informazio gehiagorako: bertsomovieda.com

Erlazionatuak

Bertsomovieda!-ko 2. saria Oñatira

Goiatz Arana Begiristain 2014 api 01

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak