Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketa, Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 25a, 17:07
Gipuzkoako txapelketako bigarren saioa jokatu zen zapatuan, Bergarako San Joxepe elkartean, eta bolari iaio eta adarjotzaile hobeekin egin genuen topo bertan. Hirugarren saioa zapatu honetan izango da Arrasateko Meatzerrekan.

"Hori da hori jaurtiketa zelebrea!". "Oraingoan, berriz, aurrekoan baino okerrago!". Halako ugari entzun genuen zapatuan Bergarako San Joxepe elkarteko bolatokian; hori bai, lagun eta umore on giroan. Baina lezioa ikasita bueltatu ginen: bolatokira joan behar da txirloak botatzeko prest eta handiak entzuteko gertu; bigarrenerako, behar bada, gehiago. Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako bigarren saioa jokatu zuten bertan; Elgeta, Bergara eta Arrasateko jendea ari da parte hartzen.

Ez da oso kirol herrikoia, baina 80-90 bat lagun mugitzen ditu saioko; jende heldua gehienbat, baina baita gazteak eta emakumeak ere. Bergaran zen, esaterako, Euskal Herriko Txapelketa hainbatetan irabazi duen emakumezkoa ere: Olaitz Rodriguez.

Hiru tiraldi dira, eta bakoitzeko hiru txirloak jotzea da helburua, baina bederatzi jotzea oso gutxitan gertatzen da. Trukorik ez dago, bolatoki guztiak ez dira berdinak, batean era batera bota behar da eta beste batean beste batera... asmatu egin behar da eta esperientziak laguntzen du horretan.

Inguruko jokoa da, ez da beste inon jokatzen, baina bada salbuespenik, atzerrira emigratutako euskal herritar askok eurekin eraman zutelako kirol hau praktikatzeko ohitura; halaxe egin zuen, esaterako, XVI. mendean Venezuelako Andeetara joandako talde batek, eta gaur tradizio handiko jokoa da bertan.

Zapatuan, Arrasatera

Fin ibili ziren zapatuan Elgetako bi taldeetako bolariak: Elgeta A taldeko Antonio Ibarluzea izan zen onena, eta Elgeta Bko Jose Luis Zabalak eta Sebas Arantzabalek hirugarren eta seigarren egin zuten. Datorren asteko saioa Arrasateko Mietzerrekan izango da eta txapelketako saio guztietan ezinbestean erabili beharreko material kutxa –txirlo eta boloduna– bertan da jada. Debagoienean jokatuko den hirugarren eta azken saioa Elgetan izango da, maiatzaren 17an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak