Gipuzkoako Foru Aldundia herri akusazio gisa aurkeztuko da irailean Deskargako lanetan hildako langilearen auzian

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 25a, 13:52
Aldundiaren esanetan, hainbat "arau-hauste larri" gertatu ziren; Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen txostenen arabera, “kriminalitate zantzuak” egon daitezke; eta Larraitz Ugarte diputatuak azaldu du “ezinbestekoa" dela lan istripu guztietan "ardurak zuritzea", eta "erakundeek ardura erakustea". Sindikatuekin osatutako Jarraipen Batzordea, bestalde, ostegunean elkartuko da Aldi Baterako Enpresa Batasunaren aurka har daitezkeen neurriak aztertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak erabaki du 2013ko irailaren 18an GI-632 errepidearen eraikuntza lanetan ari zela hil zen beharginaren kasuan akusazio gisa aurkeztea epaitegien aurrean. Lan istripu horren harira, Bergarako lehenengo instantzia eta instrukziozko 2. epaitegiaren aurrean 548/13 aurretiazko diligentziak daude martxan eta, hain zuzen, prozedura horretan aurkeztuko da Aldundia herri akusazio gisa.

Joan den astean Lan Ikuskaritzak bere txostena kaleratu zuen istripua eragin zuten arrazoien inguruan, eta aurretik Osalanek ere atera zuen berea; bada, horietan adierazi dute "kriminalitate zantzuak" egon daitezkeela, "hainbat arau-hauste larri" gertatu baitziren.

"Txosten horietatik ondorioztatzen da urratu ahal izan zela langileen segurtasuna eta osasuna babesteko betebeharra, Zigor Kodeak 316. artikuluan tipifikatutakoa. Kasu horretan, ekintzen erantzukizuna duten arduradunei dagokien zigorra jarri beharko litzaieke, akatsen berri izan eta konpontzeko aukera izan zuten arren, horretarako neurririk hartu ez izanagatik", azaldu dute Diputaziotik.

Hori ikusita, Aldundiak uste du bere egitekoa dela "kriminalitate" zantzu horiek argitzeko eskura dituen tresna guztiak erabiltzea; eta herri akusazio gisa aurkeztea da tresna horietako bat, "betiere herri interesaren babeserako". Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek azaldu duenez, "ezinbestekoa da lan istripu guztietan ardurak zuritzea eta, gainera, erakundeek ardura erakutsi behar dute". Bere hitzetan, erabaki honek "argi erakutsiko" du "Aldundiak lan baldintzak betetzearen alde duen konpromisoa": "Hori oso garrantzitsua da eta kontuan hartu beharrekoa, baita lan publikoetan jarduten duten enpresen artean ere", azaldu du.

"Beste langile batzuk arriskuan jartzea saihestu"

Larraitz Ugartek gogorarazi du, istripua gertatu ostean, Aldundiak kautelazko neurri gisa Aballa enpresa lanetatik kanpo utzi zuela, eta hartutako erabakia "egokia" izan zen, bere esanetan: "Orain baieztatu da erabaki hori egokia izan zela, eta beste langile batzuk arriskuan jartzea saihestu zela, argi geratu baita enpresa horrek erabiltzen zituen makinak eta abar ez zeudela egoera onean eta arriskutsuak zirela".

Bide judizialaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lanean jarraituko du Deskargako pleguetan ageri ziren klasula sozialen bidetik ere, "istripuaren ardurak mahai-gaineratze aldera".

Bilera ostegunean

GI-632 errepideko lanei segimendua egiteko Jarraipen Batzordea osatu zuen Aldundiak sindikatuekin, eta batzorde hori ostegunean elkartuko da berriro. Bilera horretan, besteak beste, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak kaleratutako txostenak aztertuko dituzte eta lanak daramatzan Lapatza Aldi Baterako Enpresa Batasunaren aurka "hartu beharreko" neurriez hitz egingo dute. Gipuzkoako Foru Aldundia aztertzen ari da zein motatako isuna jaso beharko lukeen Lapatza enpresa batasunak eta hori sindikatuekin partekatu nahi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak