Eraikuntza lanen hasiera ekitaldia izan da gaurkoa; baina horrelakoetan ohikoa izaten den lehen harriaren ordez pago bat landatu dute, Lapatxeko konpostarekin. Ekitaldian parte hartu duten ordezkari guztiek jardun dute egiteko horretan: Ainhoa Intxaurrandieta (GHKren lehendakaria), Jaione Isazelaia (Bergarako alkatea), Iñaki Errazkin (Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako diputatua) eta Martin Garitanok (Diputatu Nagusia), hain justu.
Bi azpiegitura izango dira Epelen
Konpostatze Plantak eta Transferentzia Estazioak dira Epelen izango diren bi azpiegiturak:
- Konpostatze plantak urtean 9.000 tona bio-hondakin konpost bihurtzeko ahalmena izango du eta, 9.000 tona organiko horiekin, urtean 2.300 tona inguru konpost lortzeko aurreikuspena dago. Goi mailako konposta izango da, A+ kalitatekoa; Gipuzkoako Konposta izen komertziala izango du; eta lau ziurtagiri.
- Transferentzia estazioak, berriz, Debagoieneko errefusa, papera eta ontzi-arinak elkartzeko funtzioa izango du, dagokion tratamendu plantara eramateko gero.
Aipatutako bi guneez gainera, beste batzuk ere egingo dira gero: bio-hondakina eta material egituratzailea deskargatzeko gunea, bio-filtroa, baskula, kamioien garbiketa eta langileen aldagelak. Euri urak aprobetxatuko dira eraikin horien ur hornidurarako.
Urtarrilerako martxan
Lurrak prestatzeko lanak egun pare baten amaituta izatea aurreikusten dute eta, horiek bukatuta, bederatzi hilabetez luzatuko diren eraikuntza lanekin hasiko dira. Hori horrela, 2015eko urtarrilerako Epeleko Konpostatze Planta martxan egotea aurreikusten da. "Epe horiek betetzeko, baina, asko lagunduko du eragile politikoen arteko adostasunak eta horiek zabaltzeko bideak lantzen jarraituko dugu; gizartean gero eta onarpen handiagoa du", azaldu du Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako diputatuak.