Presoak Euskal Herrira ekartzeko eskaera prozesua abian

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mar. 12a, 12:53

Gaixotasun larriak dituzten presoak eta 70 urtetik gorakoak aska ditzatela eskatu dute lehenik; astelehenean ekin zioten prozesuari eta 16k egin dute eskaera oraingoz. Espainiako presondegietan daudenek Arabako Zaballa espetxera eramateko eskatuko dute, eta Frantziakoetan dituztenek etxetik gertuen dauden espetxeetara eramateko.

EPPK-k otsailean iragarri moduan, eskakizunak kide guztiek egitea da asmoa, baina ez dituzte guztiek aldi berean egingo. Premien araberako sailkapena egin dute, eta multzoka banatu dituzte proposamenak egiteko epeak: gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak eta 70 urtetik gora dituztenak –adinagatik, kartzela eragin bereziki kaltegarria egiten ari zaiela-eta–, daude lehen multzo horretan.

Gainontzeko presoek egingo duten bezala, Euskal Herrira eramatea eskatzen ari dira eta ez hori bakarrik,  berehala aska ditzatela eskatzen ere ari dira. Hiru atal jasoko dituzte eskaera txostenek: arlo pertsonala, politikoa eta juridikoa.

Txandaka

Gainontzeko presoei dagokienez, espetxean egindako denboraren araberako sailkapena egin du kolektiboak, "kartzela urteek pertsonarengan eragin zuzena" dutela ikusi duelako. Hartara, bizkar gainean espetxealdirik luzeenak dituztenek abiatuko dute bigarren txanda, apirilarekin. Ondoren, hamabost egunetik behin hartuko dute lekukoa gainontzeko txandek, bata bestearen atzetik.

"Urrats handi bat"

EPPKren ustez, kolektiboko preso guztiak Euskal Herrian biltzeak "zaurien, gaixotasunen eta heriotzen ondotik datorren sufrimendua amaitzea" ekarriko luke; gatazkaren konponbidean "urrats handi bat" suposatuko luke; eta presoek "kaleko eztabaida guneetan" parte hartzeak prozesuaren garapenari "indarra" emango lioke.

Gai honi buruz, Goienak Etxerateko Iñaki Usandizagari egingo dio elkarrizketa bihar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak