Fagor likidazio fasera egunotan

Ubane Madera 2014ko mar. 12a, 11:16
Oraingo astean ez bada, datorren astean likidazio fasean sartuko da Fagor Etxetresnak. Horrek esan gura du Fagorren aktiboak erosteko eskaintzak egiteko epea zabalduko dutela: "Izan daitezke fabrikak, makinak, Espainiako markak…" Bestalde, bihar, eguena, jakinaraziko dute Cevitalen eskaintzaren gainean Frantziako epailearen erabakia eta asteon bertan espero dute Espainiako epailearena jakitea.

Oraingo asteko astelehenean bukatu zen Fagor Etxetresnen gaineko eskaintzari alegazioak aurkezteko epea, eta gaur komunikabideetan azaldu dena, Estatuko Abokatuaren idatzia (Cevitalen eskaintza merkeegia dela adierazi eta eskaintzarekiko kontrakotasuna azaltzen duena), "aurreikuspenen barruan" kokatu dute Fagorreko iturriek. Izan ere, Estatuko Abokatuak ordezkatzen dituen hartzekodunen artean, besteak beste, Seguritate Soziala ere bada.

Edozein modutan, eta Estatuko Abokatuak esandakoak esan arren ere, azkeneko erabakia Pedro Jose Malagon, Donostiako Merkataritza Arloko epaileak duela berretsi dute Fagorretik: "Ez dakigu ze erabakiko duen, baina bai espero dugu haren erabakia oraingo astean jakitea".

Martxoaren 27ra arte

Frantziako Nanterreko epaitegiari dagokionez, bihar, eguena, jakinaraziko du Cevitalen eskaintzarekin zer erabaki duen. Frantziako komunikabideetan atzo (martitzena) publikatutakoaren arabera, CGT sindikatuak eskatu du martxoaren 27ra arte luzatzea erabaki hori hartzeko epea, baina beti ere, Cevitalen eskaintzari bidea errazteko helburuarekin. Izan ere, Fagorreko iturrien arabera, Frantzian oraingoz eskaintza bakarra jaso dute, eta haren aldeko ahalegin guztiak egingo dituztela uste dute, are gehiago kontuan hartuta Cevitalen eskaintza Mombur ministro frantsesaren eskutik etorri dela.

Argi dagoena da Cevitalen interesik handiena Frantzian dagoela, eta hark aurrera egin ezean Garagartzako eta Eskoriatzako eskaintzak zaila izango duela aurrera egitea: "Pakete inportanteena Frantzian du; merkatu handiena ere han dago, hemengoa oso txikia da-eta", diote Fagorretik.

Likidazio fasean

Bien bitartean eta Fagor Etxetresnei dagokienez, likidazio fasean sartuko da, "oraingo astean bertan ez bada, datorren astean".

Behin epaileak likidazio faseari onespena emanda, Fagorren aktiboen gaineko eskaintzak jasotzeko epea zabalduko da: "Cevitalen moduan, badaude enpresa gehiago Fagorrekiko interesatuta; baina oraingoz ez dugu eskaintza firmerik. Likidazio fasean, beraz, Fagorren aktiboen gaineko eskaintzak egiteko epea zabalduko da; izan daitezke fabrikak, makinak, markak… Espainiako kasuan, Aspes eta Fagor markak ez dira Fagor Etxetresnenak, Fagor Taldearenak baizik, beraz, ezin dira saldu, baina bai negozia daiteke haien erabilera, adibidez. Edesa, berriz, Fagor Etxetresnena da, eta hori bai saldu daiteke", esplikatu dute Fagorretik.

Fabrikak, salgai

Saldu daitezkeenak, baita ere, dira hemengo fabrikak. "Nahiz eta Cevitalek Garagartzarekiko interesa izan, negozio jakin batzuk gura ditu bakarrik. Eta Garagartzan, adibidez, garbigailu eta ontzi-garbigailuen fabrika osoa dago eskuragai; eta San Andresen, berriz, hozkailuena. Bergaran, Geyserren erdiarengatik ere egin daitezke eskaintzak. Edo Vaillantekin negozia daiteke, segun eta zein den interesa, eta Basauriko fabrika ere hortxe dago", Fagorretik esandakoaren arabera, "momentuz aukera guztiak daude zabalik", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak