Garagartzako eta Eskoriatzako plantak, egueneko argi izpien zain

Monika Belastegi 2014ko mar. 8a, 16:37
Fagor Etxetresnen Gargartzako planta.
Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiak onartu egin du Cevital taldeak Fagor Ireland erosteko eskaintza. 25 milioi euroko eskaintzarekin, jaso den proposamen bakarra izan da. Aljeriako taldeak Garagartzako eta Eskoriatzako produkzio zatiak martxan jarrita 300 lanpostu sortzea aurreikusten du. Frantzian zabaldutako prozeduraren kasuan, hilaren 13an, eguena, amaitzen da Nanterreko Merkataritza Arloko epaitegian eskaintzak aurkezteko epea.

Fagorren zati bat berriz ere martxan jartzeko beste urrats bat eman zen egubakoitzean. Hain zuzen ere, Aljeriako Cevital taldeak Fagor Ireland erosteko bidea zabalik duela berretsi zuen Pedro Jose Malagon epaileak, Donostiako Merkataritza Arloko epaitegiko titularrak.

Azaldu zuenez, Cevitalena izan da Fagorrenak diren Frantziako marken truke jaso duen eskaintza bakarra –25 milioi euro. Legeak ezartzen duen  moduan, helegiteak jartzeko epea ere irekita dauka epaileak. Gaur, astelehena, amaituko da epe hori eta Cevitalek Fagor Ireland erosteko egindako eskaintzaren gainean erabakiko du Donostiako epaitegiko titularrak.

Otsailaren 27an onartu zuen tramitera Aljeriako Cevital enpresak egindako izaera orokorreko eskaintza Malagon epaileak: 25 milioi euro Fagor Irelandenak diren Brandt, De Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook markengatik; zehazki, Frantziako Brandt planta eta Euskal Herriko Garagartzako eta Eskoriatzako produkzio zati bat berreskuratzekoa.
Eskaintza hori baina, beste orokorrago baten barruan dago eta bere baitan hartzen ditu markez gain, Fagor Taldeak Frantzian,  Polonian eta Euskal Herrian dituen aktiboak.

Frantzian 13a da mugaeguna

Donostiako epaitegian urrats horiek emanda eta Frantzian, Nanterreko epaitegiak daraman bigarren prozedura judiziala argituz gero –Fagor Taldeko filial frantsesen konkurtsoa tramitatzen du–, gertuago egongo da Fagor Etxetresnen Garagartzako eta Eskoriatzako planten jardueraren itzulera.

Frantzian zabaldutako prozeduraren kasuan, Nanterreko Merkataritza Arloko epaitegiak tramitera onartuta dauka Cevitalek egindako proposamena. Hala ere, eskaintzak jasotzeko epea luzatu egingo zutela jakinarazi zuten Frantziako epaileek  otsail amaieran eta epea egunean, hilaren 13an, amaituko da.

Bien bitartean, Fagor Etxetresnen hartzekodunen lehiaketak aurrera segitzen du eta litekeena da bi asteren buruan likidazio fasea hastea. Fagor Taldea eta Administradore Konkurtsalak, euren aldetik, likidazio plan hori prestatzen ari dira eta epaileari aurkeztu beharko diote haren oniritzia jasotzeko. Edozelan ere, marken salmenta likidazio fasea ireki aurretik egingo litzateke.  

300 lanpostu sortu

Cevitalek ezagutzera emandako txostenaren arabera, aurreikusten du Frantzian, 1.200 lanpostu mantentzea; Polonian, 300 lanpostu berreskuratzea eta Arrasateko eta Eskoriatzako plantei dagokienez, 300 lanpostu sortzea: 240 produkzioan aritzeko eta 60 bat, komertzializazio eta banaketa arloan.

Gauzak ondo bidean, apirilean martxan jarriko litzateke Arrasateko eta Eskoriatzako produkzioa eta 2015erako, ordainketa-etendura aurretik zegoen egoerara bueltatzea aurreikusten dute. Izan ere, jabetze-prozesuan inbertituko dituen 25 milioi euroez gain, 20 milioi euro gehiago jarriko ditu lan aktibazioa gerta dadin. Beraz, Cevital enpresaren eskaintza gauzatuz gero, lanpostu askotxo mantenduko lirateke; hori bai, kooperatibistak izateari utziko liokete langileek.

Ekoizpenari dagokionez, Garagartzako instalazioetan labeak eta bitrozeramika-plakak egiteari ekingo liokete ahal den eta denbora laburrenean. Produkzio hori Espainiako merkatura zuzenduko da, gehienbat, Cevitalen txostenaren arabera,  baina zati bat Europa mailara begira ere egongo dela jakinarazi dute. Frantziako bi plantekin batera elkarlanean egingo lukete lan Garagartzako langileek, logistika arrazoiengatik. Eskoriatzako instalazioetan egingo liratekeen lanek, aldiz, ekoizpen perimetro historikoa mantentzen jarraituko lukete.

Industria-proiektua

Operazioa gauzatuz gero, Fagorrek utzitako marka, ospea, berrikuntza, marketina eta ekoizpena izango ditu herentzian enpresa horrek. Gainera, geografikoki helburu komertziala aurrera aterako du eta kostuetan ere abantailak izango ditu. Era berean, nazioarteko kudeaketa taldea izango du, eta, hainbat merkatutara sarbidea izanda, enpresa hazi egingo litzateke. Gaur egun, Cevital taldeak 13.000 langile ditu eta 2012an 2.500 milioi euroko negozio zifra lortu zuen. 1971n sortu zen eta Aljerian enpresa pribatuetan lehena da.

2012an markatutako helburuen artean nazioartekotzea zegoen; zehazki, Europan eta Afrikan presente egoteko helburua lortzeko lanetan hasi ziren. Testuinguru horretan, 2013an, Frantziako Oxxo enpresa bereganatu zuen, eta baita Alas Aluminium enpresaren Espainiako ekoizpen planta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak