Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak Zero Zabor programak egiteko hitzarmena sinatu zuten 2012ko urrian. Helburua Gipuzkoako ikastetxeetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, Zero Zabor norabidea lantzea da. “Helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta sortutakoa birziklatzeko irizpidea ikastetxeetara eramatea eta ondorengo belaunaldiek ondo barneratzea funtsezkoa da”, adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Oñatiko Elkar hezi eta Bergarako Mariaren Lagundiako ikastetxeez gain honako ikastetxe hauetan ere egiten dituzte Zero Zabor tailerrak: Antonianoak (Zarautz), S.J. Floreaga (Azkoitia), Anoetako Ikastola, Irurako Ikastola, Azpeitiko Ikasberri Ikastola, Urola Ikastola (Azpeitia), La Salle Berrozpe (Andoain), San José (Hondarribia), Andoaingo Aita Larramendi Ikastola, Eskibel Eskola (Donostia), Belaskoenea Eskola Publikoa (Irun), Katalina Erauso Eskola Publikoa (Donostia), Talaia Eskola Publikoa (Hondarribia), Txingudi Ikastola (Irun), N. S. Aranzazu (Donostia), Uzturpe Ikastola (Ibarra), Cristobal Gamón (Errenteria), Errekalde Herri Eskola (Oñati).
Lehen Hezkuntzako tailerrak
Zero Zabor programetan, hiru tailer eskaintzen dira Lehen Hezkuntzan. Lehen tailerrean, Zero Zabor Hamaiketakoa izenekoan, zenbat hondakin sortzen dugun eta horiekin zer gertatzen den aztertzen da. Ikasleek euren egunerokotasunean sortzen dituzten hondakinak murrizteko lau teknika lantzen dituzte: Beheratu, Berrerabili, Birziklatu eta Birpentsatu. Tailerraren egunean bertan gelan sortzen diren hamaiketakoaren hondakinak karakterizatu eta kuantifikatu egiten dira; Zero Zabor hamaiketakoa lortzea eta Zero Zabor Eskola izatea posible ote den eztabaidatzen da.
Bigarren tailerra, Hor Konpost! deiturikoa, konpostaren inguruko monografikoa da. Tailer honetan konposta zer den, zergatik eta nola egiten den azaltzen da, eta nahi izanez gero, eskolan bertan sortutako materia organikoarekin konpost proiektu bat martxan jartzeko laguntza guztia eta aholkua ere eskaintzen da.
Hirugarren eta azken tailerrean, Ezagueren aldamiatzea izenekoan, ezagutzak berrikusi eta haien inpaktua neurtzen da. Hamaiketakoan sorturiko hondakinen kuantifikazio berria ere egiten da.
DBHko sekuentzia didaktikoa
Bestalde, 2012-13 ikasturtean, DBHko 2. mailan garatzeko Zero Zabor sekuentzia didaktiko baten ikas materiala prestatu zuen Aranzadik: 8-15 orduko iraupena du sekuentziak.
2013-14 ikasturtean bi eskoletan testatuko da aurrez sekuentzia didaktiko hori. Lehen eskola pilotua Oñatiko Elkar Hezi Kristau Eskola izan zen, abenduan, eta bigarrena Ibarrako Uzturpe Ikastola izango da, 2014eko maiatzean. Oñatiko Elkar Hezin egindako esperientzia pilotua 2. DBHko bi talderekin egin da. Guztira, 36 ikaslek parte hartu zuten. Datorren ikasturtean beste ikastetxe batzuetara eramango da sekuentzia.
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak oso positibotzat jo du Zero Zabor programen esperientzia. “Agerian gelditzen ari da jendarte kontzientzia hartzen ari dela, konturatzen ari dela hondakinen kudeaketa ez dela soilik erakunde publikoen egitekoa eta beharrezkoa dela sektore guztien parte-hartzea. Haur eta gaztetxoen sentsibilizazioan ere aitzindari bihurtzen ari gara Gipuzkoan”. Foru Aldundiak programa hauek Gipuzkoako ikastetxeetan sustatzeko konpromisoa berretsi du.