Ez da harritzekoa Oñargi enpresa banatzaileko ordezkariek dioskutena: "Azkenaldian gehien entzun dugun erreklamazioa da faktura ez dagoela ondo, eurek ez dutela hori dena ordaintzeko adina kontsumitu". Eta faktura zuzena izaten da, hain zuzen, kontsumoak gero eta garrantzi txikiagoa duelako. Hain zuzen, 2013ko urtarrilean, ordaintzen genuenaren %35 zen zati finko hori, eta 2014ko otsailean, %60 da. Horrek esan nahi du kontsumitzaileak bai ala bai ordaindu behar duela gero eta gehiago, nahiz eta gero eta gutxiago kontsumitu.
Fakturaren hieroglifikoa
Argindarraren fakturak bi zati nagusi ditu. Nahiz eta bi zatiak nahitaez ordaindu behar diren, zati baten gainean, kontsumitzen den energia kantitatearen araberako ordainketan, gutxienez neurri baten eragin dezake norberak. Hor, matematika erraza da: zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta gehiago ordaindu beharko da. Hori fakturaren zati liberalizatua da. Beste zatia –gaur egun erdia baino askoz gehiago dena– arautua da eta askotariko gastuek osatzen dute: norberak kontratatuta daukan potentziaren prezioa –2013ko otsailean, 21,8 euro ordaintzen zen kilowatt bakoitza, orduro; 2014ko otsailean, 42 euro–; peaje famatuak edo sare elektrikora sartzearren ordaindu behar diren kopuruak (Espainiako Gobernuak finkatzen ditu eta, gaur egun, fakturaren %41,2 dira); eta zergak (fakturaren %21,4).
Zati liberalizatuak ere nahikoa burukomin ekartzen dizkio kontsumitzaileari, subasten kontura. Subastak hiru hilean behin egin izan dira eta egiten dira oraindik ere, eta Azken Baliabideko Tarifa (TUR) zenbatekoa izango den finkatzeko balio dute. TUR da kontsumitzaile gehienek duten tarifa eta kontsumitzaileen elkarteek diote horixe izaten dela merkeena. Subasta horietan argindarra ekoizten dutenek, saltzen dutenek eta erosten dutenek –eta beste eragile batzuek– hartzen dute parte. Bizio asko leporatzen zaizkie: besteak beste, ekoizleak eta erosleak berberak direla –argindarra banatzen duten Espainiako enpresa handi guztiak ekoizleak eta saltzaileak ere badira– eta subastetako prezioa ez dela irteten eskaintzaren eta eskaeraren benetako oreka batetik, adostasun batetik baizik.
Peajeak, %21 inguru
Tarifa arautuaren bi heren inguru zergak dira: heren bat, BEZ, eta beste heren bat, askotariko zergak eta peajeak. Oñargi enpresa banatzaileko Ana Iragik eta Mari Tere Galdosek azaltzen digute gehienok jakin edo begiratu barik formal-formal ordaintzen dugun zerga piloa: "Energia berriztagarriei dirulaguntzak ordaintzen dizkie sistemak, azken baten abonatuok: %17. Gero, banatzaileek ordainsariak jasotzen dituzte, eta diru horrekin sarea mantentzen da. Bestalde, elektrizitatea garraiatzeko zergak ordaintzen ditugu, tartean uharteetara argindarra eroatea".
Tarifa defizita ere hor dago: "Suposatzen da urteetan ibili garela ordaintzen benetan energiak balio zuen baino gutxiago, eta hori erreklamatzen dute argindar enpresek; bada, hori ere ordaintzen da". Tarifa defizita 30.000 milioikoa izan zen iaz, Gobernuaren esanetan. Hau da, enpresa handi horiei 30.000 milioi euro zor diete kontsumitzaileek.
Bonu soziala ere zergen bidez ordaintzen da. Oso kasu gutxitan ematen da bonu soziala; adibidez, gutxieneko pentsioa duen norbanako baten kasuan, edo kide guztiak langabezian dituzten familiendako.
Erakunde araugilea mantentzeko, fakturaren %0,10 doa.
Luzamendu Nuklearra dago, fakturaren %0,89. Felipe Gonzalezek 1991n erabaki zuen bost zentral nuklear eraikitzeari uko egitea, orduko 4.400 milioi euroko zorra sortuz. Orduz geroztik hilero ordaintzen dute hori herritarrek.
Eta oraindik, "Beste gastu batzuk" izeneko epigrafea dago.
Joko-arau aldaketa
Apirilean, joko arauak aldatuko dira; tira, hasieran esan zen apirilaren 1a izango zela data, baina berriki, Industria ministroak, Jose Manuel Soriak, argitu du "zenbait hilabete" atzeratuko dela inplantazioa. Modu batera edo bestera, elektraindarra tarifikatzeko modua aldatu egingo da: merkatuaren unean uneko prezio gorabeheretan oinarritutako tarifikazioa, hain zuzen ere. Hau da: subastarik ez da egingo, eta momentu bakoitzeko eskaintzak eta eskaerak markatzen duten prezioa aplikatuko zaio energiari.
Sistema berri horrek kritika asko jaso ditu: kontsumitzaileen elkarteen esanetan, herritarra babesgabe gelditzen da, unean uneko merkatuko gorabeheren arabera kobratuko zaionez gero, aldez aurretik inork ezin duelako jakin zenbat kobratuko dioten kontsumoa; operadoreen iritziz, "merkatuaren aurkako" diseinu "interbentzionista" da Espainiako Merkatuen eta Konpetentziaren Batzordeak ere tarifa zalantzan jartzen duen txostena egin du: bere esanetan, prezioak "desegonkortu" egingo ditu, eta bihilabeteko baten eta beste baten artean 2 euro eta 6 euro arteko aldea egon daiteke. Bestalde, tarifa berriak ekar dezakeen merkatzea txalotzen du: %4,3 inguru, subastek dakarten gainkostua kenduko delako.
Gobernuaren esanetan, faktura %3 inguru merkeagoa izango da urtero, batez beste.
Erabateko liberalizazioa
Energia Eredu Berri baten aldeko Plataformak beste zerbaiten aztarnak antzematen ditu: "Enpresa elektrikoek nahi duten tarifa lauaren bidetik goaz, gehiago edo gutxiago kontsumitzeak gero eta garrantzi txikiagoa izan dezan".
Gauza bera uste du Ana Iragik: "Hiru aukera egongo direla ematen du: egunetik egunerako prezioen batez bestekoa egingo dute eta horren arabera fakturatuko dute; beste bat, kontadore inteligenteak, orduro-orduro norberak duen kontsumoa neurtzen dutenak; eta hirugarrena, prezio finko bat kontratatzea, urtebeterako, sei hilabeterako… Seguru asko, horrela egitera behartuko dituzte enpresak". Tarifa lau hori erosoagoa izango da kontsumitzailearendako eta egonkortasun bat emango dio, aldez aurretik jakingo duelako epe luze baten zenbat ordainduko duen, baina, horren truke, garestiagoa izango da.
Industriaren beste asmoetako bat da Internetez tresna bat eskaintzea, non kontsumitzaile bakoitzak, kontratatuta duen potentzia, fakturazio aldia eta kontsumoa sartuta, bere faktura zuzena den jakin ahal izango duen.
Alternatiba bila
Bost enpresa handik kontrolatutako merkatu horretan, alternatibak jaiotzen dabiltza.
Horietako bat Goiener kooperatiba da, hain justu bihar, martitzena, aurkezpen hitzaldia egingo duena Oñatin. Energia-eredua aldarazteko herri alternatiba gisa sortu zen. Bazkideei %100 berriztagarria den argindarra zerbitzatzen die. Horrela, elektrizitate mota horren eskaera areagotu egiten da. Goienerreko ordezkariek diote "lanean" dabiltzala tarifa ezartzeko sisteman. "Kooperatiba izanik dugun alde ona da bazkideekin adostutako sistema izango dela", gaineratzen dute. "Gaur egun bost handiek osatzen duten oligopolioak merkatua kontrolatzen du eta merkatu funtzionamendua hark ezartzen du. Horren aurrean Goiener aukera ezberdin bat da, irabazi asmorik gabea, non bazkideek irabaziak zein proiektutan inbertitu behar diren erabakitzeko ahalmena duten", esaten dute ordezkariek.
----------
Sistema berria, bi aldeek ikusita
Aldekoek diotena
-Industria Ministroaren esanetan, tarifa sistema berriak merkatzea ekarriko du: hain zuzen, batez beste, kontsumitzaileek %3 gutxiago ordainduko dute.
-Ministerioak beste abantaila bat azpimarratzen du: hain zuzen, tarifa berriak pisua emango dio berriz kontsumoari (%35etik %60 izatera pasatuko da), potentziaren kaltetan (%40 izango da).
-Sistema bera merkeagoa izango da, 270 milioi euro inguru aurreztuko dira-eta, subastak eta bitartekariak kenduko direlako.
-Dirudienez, enpresak behartuta egongo dira urte erdirako edo urte beterako tarifa lauak eskaintzera; beraz, jakiteko modua egongo da zehazki zenbat ordainduko dugun.
-Kontadore inteligenteekin, une bakoitzean zenbat kontsumitzen gabiltzan eta energiak ze prezio duen jakin ahal izango da.
Kritikoek diotena
-Energiaren prezioa merkatuak markatuko du, unean uneko eskaera eta eskaintzaren tentsioen arabera. Beraz, kontsumitzaileak ezin du inoiz ere jakin aldez aurretik zenbat kobratuko dioten kontsumitzen duen kW bakoitza.
-Gobernuak gero eta esku-hartze txikiagoa izango du eta merkatua guztiz liberalizatzeko bidean geratzen da.
-Tarifa merkatuak erabakiko duenez, ez da inoiz izango energiaren benetako kostuaren araberakoa, espekulazioarena edo, kasurik onenean, eskaintzaren eta eskaeraren artekoa baizik.
-Kontadore inteligenteak ez dira gauza orokorra izango, gutxienez, 2018ra arte. Gainera, momentuz, kontsumitzaileak ezin ditu kontadoreko datuak ikusi, bakarrik enpresa fakturatzaileak.
----------
Txinparta batzuk
Garestienen artean Europako argindar garestienetako bat du Espainiak. Zergatik? Askotariko iritziak daude: kanpoko energiarekiko mendekotasun ia osoa; bost enpresa handik menderatutako merkatua izatea, ia batere gardentasunik gabe; fakturan sartzea primak, dirulaguntzak eta gainkostuak…
%65 Krisia hasi zenetik inoiz baino gehiago garestitu da argindarra; Facuaren esanetan, %65. Hala, 2007ko urtarrilaren 1ean 48,57 eurokoa zen batez besteko faktura, eta 2013ko urtarrilaren 1ean, 80,47 eurokoa.
Beti zorretan Gaur egungo sisteman, kontsumitzailea beti dago argindarra merkaturatzen duten bost enpresa handiekin zorretan, tarifa defizitaren kontura: iaz, 30.000 milioikoa zen. Askoren esanetan, horrek ezinezkoa egiten du faktura inoiz merkeagoa izatea.
Baja eman edo potentzia txikitu OCUk dioenez, kontsumoa ez den gainerako kostua %92 handitu da urte betean. Batez ere, etxebizitza hutsak zigortzen ditu horrek. Elektraindarrari baja ematea da aukera bat. Udako etxebizitza baldin bada, 11 hilabetean aurreratzen denak konpentsatu egiten du urtero berriz alta ematea. Beste gomendio bat da –denondako– kontratatuta dugun potentzia benetako beharretara egokitzea. Potentziaz aldatzea doan da.
Enkanteak Subasten sistema 2009an ezarri zuen PSOEk. Apirila ezkero ez dira subasta gehiago egingo, joan den abendukoan %11ko igoera erabaki zela jakin zenetik.
Politikariak Gizarte eragileek salatzen dute energia enpresa handietan ordezkari politiko ohiek izaten dituzten kargu garrantzitsuak. Alderdi politiko askotako eta esparru guztietakoak daude.
----------
Ana Iragi eta M. Tere Galdos (Oñargiko langileak): "Kontuz ibili behar da enpresek eskaintzen dituzten deskontuekin"
Oñatin, berezitasun bat dago: Oñargi udal enpresa arduratzen da argindarraren banaketaz. Oñatiar gehienak dira Oñargiren bezero.
Argindarraren merkatua oso konplexua da. Zein da Oñargiren papera? Alde batetik, enpresa ekoizlea dago: kasu honetan, Urjauziak, Oñatiko Udalaren enpresa publikoa; gero, enpresa banatzailea; eta baita enpresa merkaturatzailea ere. Gure kasuan, CHC Energía da. Guk eta gure moduko beste enpresa txiki batzuek CHCren zati bat daukagu. CHC da energia erosten duena. Oñargik instalazio elektrikoak dauzka, eta enpresa merkaturatzaileak Oñargiren sarea erabiltzen duenez, Oñargik hari fakturatzen dizkio peajeak; enpresa hori izan daiteke CHC edo bezeroak aukeratzen duen beste bat. Enpresa merkaturatzaileak abonatuari fakturatzen dizkio.
Bezeroak ze tarifa ditu aukeran? CHC merkaturatzaile librea da, baina TUR aplikatzen du beti, Gobernuak ipintzen dituen tarifak. Gero, merkatu librea dago. Lehia handia dago eta komertzial piloa ibiltzen dira etxez etxe. Hasieran, ematen du deskontu handiak eskaintzen dituztela, baina gero bestelako zerbitzuak eta kontzeptuak sartzen dituzte, edo oinarrizko prezioa TURena baino handiagoa da. Horregatik, beti galdetu behar da zein den oinarrizko prezioa eta, oro har, kontu handiz begiratu behar dira eskaintza horiek. Gainera, komertzial batzuek esaten dute Udaletik doazela, eta ez da egia.
Zer datorkigu tarifikazio berriarekin? Ez dago batere argi merkatzea ekarriko duenik, azkenean merkatuko prezioa ipiniko digutelako, hau da, ez da begiratuko benetan kilowatt bat ekoiztea zenbat kostatzen den, baizik eta eskaera eta eskaintzaren araberako prezioa izango da. Bidezkoagoa izango litzateke teknologia bakoitzeko –hidroelektrikoa, fotovoltaikoa…– ekoizpena zenbat kostatu den kalkulatzea.