Industria Ministerioak iragarri zuen sistema berria apirilaren 1ean sartuko zela indarrean; dena dela, gero argitu zuenez, "beste hilabete pare bat" behar izango ditu guztiz finkatzeko.
Handizkako merkatuak bere gorabeherekin egunero markatzen duen tarifaren arabera kobratuko zaio kontsumitzaileari. Bi kontsumitzaile multzo daude, duten kontadorearen arabera: gehienei fakturazioko 60 egunen batez besteko tarifaren arabera kobratuko zaie; eta kontadore elektronikoak dituztenei (gutxienak) orduka fakturatuko zaie elektraindarra. Kontadoreak pixkana-pixkana aldatzen joateko plana dauka Industria Ministerioak, eta ez dago kontsumitzailearen esku berau aldatzea, baizik eta faseka dabiltza aldatzen.
TUR duten guztiei
Industria Ministerioaren esanetan, sistema berriarekin, batez beste, %3 gutxiago ordainduko du erabiltzaileak; aldiz, kontsumitzaileen elkarteen iritziz, erabiltzailea babesgabe gelditzen da, aurretik ezingo baitu jakin ze tarifa aplikatuko zaion.
Industria Ministerioak Internet bidez jakinaraziko du eguneroko prezioa, handizkako merkatuaren arabera.
Tarifikazio berria gaur egun Azken Baliabideko Tarifa (TUR) duten kontsumitzaile guztiei aplikatuko zaie. Elektraindarra merkaturatzen duten enpresekin bestelako kontratua duenak kontratu horren arabera ordaintzen jarraituko du.
Bestalde, merkaturatzaile handiek tarifa lau bat eskainiko dute, baina sistema berriarekin ordaindu beharrekoa baino zerbait garestiagoa izango da; horren truke, aldez aurretik jakin ahal izango du bezeroak zenbat ordaindu behar duen.