Horra datua: eskualdeak dituen 43.2000 hektareatik 24.000 inguru, %71, zuhaiztiez estalita dago. Gure lurretan dagoen koniferoen –eta bereziki insignisaren– presentzia ugariaren jatorria ulertzeko, 50eko hamarkadaraino egin behar dugu atzera. Hain zuzen ere, II. Mundu Gerraren ondoren eman zen industrializazioarekin lotu behar da insignisaren landaketa masiboa. Baserritarrek ez zuten lurra lantzeko astirik eta lurrei etekin bat ateratzeko formula hau jarraitu zuten. Profesional batzuk ere bazeuden sektorean –zerrategiei lotuta– eta egurraren kalitatea ona izateaz aparte, garai hartan etekin ekonomiko handia ateratzen zen. Hala, Euskal Herriko zuhaitz kopurua azken 100 urte hauetan %20tik %54ra igo da. Gaur, EAEn, 390.000 hektarea zuhaitzez estalita daude, Europako ratiorik altuenetarikoa hori.
Onura publikoko lurretan ere basogintzak garrantzia handia du Debagoienean. Baina, koniferoen landaketak etorkizunik badu? Badira urte batzuk egurraren merkatuan konpetentzia handia dagoela eta horrek sektorea asko ahuldu du azken urteotan. Dagoeneko, ez da hain errentagarria pinuaren sektorea. Baina, arrazoi hori alde batera, badira beste batzuk ere, pinuaren gainbeheran eta bertako zuhaitz espezieen mesedetan. Natur ondarearen eta biodibertsitatearen gaineko legeak, Europatik datorrenak eta gure administrazioek bere egin dutenak, baldintza batzuk derrigor bete beharra ekarri du. Baina arrazoi nagusia ez da aipatutako bat bera ere. Izan ere, azken urteotan jendartean zabaltzen ari diren biodibertsitatearen aldeko joerek, garapen jasangarri eta iraunkor baten alde lan egiteko nahiak, bertakoa, gurea dena bultzatzeko gogoeta eta ahaleginek, eta bertako basoak, jatorrizko espezieekin berreskuratzeak hartu duen garrantziak, aldaketa bat dakar gure basoen egitura eta kudeaketara.
Aldundiaren baso mahaia
Erakunde publikoetan oso garbia da basoen berreskuratzearen aldeko joera; bertako zuhaitz espezieak landatzearen aldeko apustua, hain zuzen ere. Gipuzkoan %60tik gora jabetza pribatuko lurrak dira eta beraz, gutxi onura publikokoak. Horietan, baina, pinu gehiago ez dituela landatuko adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bioaniztasunaren aldeko ekintzak bultzatuko ditu, bertako espezieen alde eginaz. Baso mahai bat eratuta dago, lur publikoei etorkizunean emango zaien itxura eta formaren gainean erabakiak hartzeko. Esan bezala, bioaniztasunaren aldeko bidea egingo du aurrerantzean.
Udalak bioaniztasunaren alde
Bergarako eta Arrasateko udalbatzek, 2012an onartu zituzten biodibertsitatearen aldeko konpromisoarekin bat, urratsak ematea ahalbidetzen duten adierazpenak. Oñatin, 2011n hartu zuten biodibertsitatearen aldeko konpromiso hori. Bide horretan hainbat aktuazio aurreikusten dituzte eta hor kokatzen dira galdutako basoak berreskuratzearen alde emango direnak ere. Bergaran, esaterako, jabego publikoko lurretan bertako espezieak erabiliko dituzte galdutako basoak berreskuratzeko. "Horiek pagadi edo harizti izatera pasatuko dira" dio Iñaki Irizar teknikariak. Hain zuzen ere, une honetan dihardute azterketa bat egiten onura publikoko lurretan. Horri esker, urte bukaerarako izango dute lur publikoen gaineko argazki zehatz bat eta hortik aurrera, definitu beharko dira lan ildoak. "Gero erabakiko dugu lur sail bakoitzari zein erabilera eman" dio Irizarrek. Lur eremu bakoitza zertarako erabiliko den, beraz, datorren urtetik aurrera egingo den bigarren fase baten erabakiko da. "Kasu batzuetan ezingo da aldaketa handirik egin; beste eremu batzuetan bertako zuhaitzak landatuko dira eta beste batzuk abeltzaintzarako edota nekazaritzarako erabili edo ez erabaki beharko dugu. Beti ere, biodibertsitatearen printzipioan oinarrituta", dio Irizarrek.
Arrasaten ere, adierazpen horrekin bat, hainbat urrats emateko konpromisoa dute legealdi honetan. Dagoeneko, baina, badira gauzatu diren eta norabide hori islatzen duten adibideak ere. Esaterako, Kurtzetxiki mendian, ordura arte pinudia zen eremua artadi eta zelai bilakatu zituzten 2007an. "60 hektareako basoa zegoen Kurtzetxikin. Horietatik 30 hektarea artadia zen eta beste 30 pinudia. Bada, pinudi hori bota, eta 30 hektarea horietatik 20 hektareatan artea landatu genuen; beste 10, larre moduan utzi", dio Pello Garai Ingurumen Teknikariak. Hala, Kurtzetxikin, artadia eta zelaia gelditu dira. Zelai hori, ganadua edukitzeko aprobetxatuko da urte batzuen buruan.
Oñatiren kasua ere oso antzekoa da. Han, gainera, herri lurrak kudeatzeko printzipio batzuk onartuta dituzte. Printzipio horiek, Basogintza herrijorran ekimenaren baitan onartu ziren. Herri onurako 2000 hektarea mendi daude Oñatin: heren bat larrea da, heren bat konifera basoa eta heren bat hostozabalen basoa. Hartutako erabakien arabera, baso ustiaketa edota egurraren ekoizpena bertan behera geldituko da Oñatin; ez da mendi-bide gehiago irekiko eta bertako landaretza sustatzeko urratsak emango dira.
Bertakoa bultzatzen
Elgetako Udalak bere jabetzako 24 hektarea ditu landa eremuan. 14 hektarea Egoarbitzako haitza eta inguruko landak. Dauden arbola gutxiak landare autoktonoak dira edota Zuhaitz Egunetan landatutakoak. Sei hektarea Gazteluaitz izeneko tokiko basoan daude. Bertan gaztainondoak eta gereziondoak daude insignis pinuekin tartekatuta, orain dela hogeitaka urte Udalak landatutakoak. 6 hektareako Gazteluaitz izeneko basoan, duela bizpahiru urte proiektu bat aurkeztu zen insignis pinuak kendu, basoa garbitu eta zuhaitz autoktonoak bakarrik lagatzeko. Kostua handia zela eta, bertan behera gelditu zen proiektua.
Aramaioko lur publikoetan zuhaitz autoktono asko dago: aiak, urkiak eta haritzak, besteak beste. "Gainera, zati handi bat Urkiolako Parke Naturalaren parte da eta horrek nahitaez aldaketa bat ekarri du" dio Koldo Ajuria basozainak. "Pinua ere badago, nola ez: Aramaion industria gutxi dago eta historikoki pinuari etekin ekonomiko handia atera izan zaio" gaineratu du. Hori, baina, aldatzen ari da, izan ere, landatu diren izeiak ere epe luzerako landaketak izan dira. "Hazkuntza azkarreko zuhaitzak, insignis pinua, esaterako, ezabatzen dihardugu gutxika gutxika. Nabaria da aldaketa hori herriko basoetan", gaineratu du.
Antzuolan ere hori da joera. Santi Etxezarreta nekazaritza teknikariaren hitzetan, "Udalak ez du adierazpenik onartu baina egin ditugu landaketak, besteak beste iaz". Hain zuzen ere, haritza landatu zuten Deskarga inguruko hektarea erdiko lur sail baten. Ez hori bakarrik: "Gorlako pinuz betetako lur sail baten ere tartekatu genituen pagoak duela urte batzuk. Orain gelditu ziren pinu horiek botatzea da asmoa" dio Etxezarretak.
Leintz Gatzaga da proportzioan herri lur gehien dituen herria. Landa eremuaren %80, herri lurrak dira. Horien %60 inguru dira pagoak, haritzak eta gorostiak. Gainontzekoa dira koniferak; insignisa gutxi dago Leintz Gatzagan, 500 metrotik gora ez baita ondo garatzen pinu mota hori. Ganaduarendako larreak ere badira. Leintz Gatzagan, aurten, lurraren aprobetxamendutik 20.000 euro inguru ateratzea aurreikusten dute. "Aprobetxamendurako erabiliko dira lurrok, baina aprobetxamendu zaindua egingo da, betiere natura errespetatuz" dio Eugenio Otsoa alkateak.
Iturriondo, Aretxabaletan
Aretxabaletan, Iturriondo parkea da esaten ari garen horren guztiaren adierazle garbia. Udalaren jabetzakoa den lursail horretan –11.620 metro koadro ditu– duela urte batzuk baso espezie ezberdinak landatzen joan ziren zuhaizti horri balioa emanaz. Aretxabaletako Udalak eta Basoa Fundazioak elkarlanean egin zuten lan hori. Hori bakarrik ez; garbiketa bat, soberan zeuden zuhaitzak kendu eta jatorri zientifiko eta ezagunaren araberako seinalizazio bat ere jarri zuten. Gaur egun, herritarrek erabiltzen dute, aisialdirako gune moduan.
Asteburuan ere, landaketak
Asteburu honetan ere gora egin du ibarreko zuhaitz kopuruak. Arrasaten, 40 intxaurrondo eta gaztainondo landatu dituzte Antoniñaerrekan, Zuhaitz Egunaren baitan. Oñatin, berriz, 100 bat zuhaitz landatu dituzte Enpresagintza Fakultatearen eta hilerriaren arteko zelai zatian.
----------
'Besaide egokitzea'
Zuhaiztiek funtzio ugari betetzen dituen eta konplexua den ekosistema osatzen dute; beharrezko dira biodibertsitatearen mesederako eta ezinbestekoak, gure atmosfera berritzeko. Basoa Fundazioa, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak sortutako fundazioa da eta sorreratik basoetako aberastasuna sustatu eta iraunarazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaiztiak babesteko eginkizuna izan du. Asko dira Fundazioaren eginkizunak; besteak beste, basoetako kudeaketa jasangarria sustatzea.
Basoa Fundazioaren proiektu fundatzailea 'Besaide egokitzea' izeneko proiektua izan zen. 12 hektareako lur eremuan bertako zuhaitzak landatu zituzten; pagoa, haritza eta urkia bereziki, baina baita lizarra ere. 2003an gauzatu zen egitasmo hori. Besaide berritzeko lan horretan, 12.500 zuhaitz erabili zituzten. Honela dio Josu Azpitartek, Basoa Fundazioko kideak: "Besaide aukeratu genuen toki sinbolikoa delako. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren eremua da eta mendizaleen omenaldi tokia ere bai". 12 hektareako lur eremuan landaketak egiteaz gain, 2 hektarea landatu barik utzi zituzten. Belardia utzi zuten hor. Gerora, egin dituzte garbiketa lanak, itxiturak ipini... Mantentze lanak, azken finean.