Ibarreko indar abertzaleek positiboki hartu dute ETA armak erabileraz kanpo uzten hastea

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 22a, 18:24
EH Bilduko Pello Urizarrentzat, "ETAk ekintza armatua bukatuko zuela esan zueneko ildo beretik jarraitzen duela adierazten du iragarpenak". EAJko Lourdes Idoiagarentzat, "desarme koalitatibo garrantzitsua" da.

ETAk armak erabileraz kanpo uzteko prozesua hasi duela iragarri zuten atzo Nazioarteko Egiaztatzaileek Bilbon egin zuten agerraldian, eta gaineratu zuten aurtengo urtarrilean, euren aurrean, ETAk hainbat arma ez erabiltzeko moduan eta zigilatuta utzi zituela.

Iragarpen honen inguruan galdetuta, ibarreko indar abertzaleen ordezkariek diote era positiboan baloratzen dutela ETAk emandako urratsa.

Pello Urizar, EH Bildu

EH Bilduko Pello Urizarrentzat bi ikuspuntutatik da positiboa: "Alde batetik, adierazten du Aieteko Bake Konferentziari erantzunez orain bi urte ETAk bere ekintza armatua bukatuko zuela esan zueneko ildo beretik jarraitzen duela eta atzeratuta doan arren, ezarritako bide-orria jarraitzeko prest dagoela. Eta bestetik, zailtasunak zailtasun naziortean prozesua bultzatzeko konpromiso bat badagoela  erakusten du". Bere esanetan, Espainiako Gobernuak erakutsitako borondate faltaren ondorioz ez da erraza izan prozesu hau aurrera eramatea.  

"Eragile ezberdinok konpromisoa hartu behar dugu urrats honek ekar ditzakeen gainerako urratsak babesteko. Zoritxarrez, Espainiako Gobernuak entzungor egiten du, eta horren adibide da Auzitegi Nazionalak Egiaztatzaileak deklaratzera deitzea. Hori da hain justu ere euskal gizarteak eskatzen duenaren kontra egitea", gaineratzen du EH Bilduko ordezkariak. Bere esanetan, nazioarteko esperientzia eta gomendio guztien kontra, Espainiako Gobernuaren partetik blokeorako interes etengabea dago. Hala, Urizarrek dio Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeari babesa eman behar zaiola. "Espainiako Gobernuak laguntzeko borondaterik ez duela ikusita, nazioartean segitu beharko da gaia jorratzen" dio eta oso garrantzitsutzat jotzen du nazioarteko babesa. "Zoritxarrez gauzak jendarteak gura baino motelago doazen arren, atzokoa bezalako aurrerapausoak egongo dira", gaineratzen du Pello Urizarrek.

Lourdes idoiaga, EAJ

EAJko Lourdes Idoiagak ere positibotzat eta garrantzitsutzat jotzen du Nazioarteko Egiaztatzaileen iragarpena: "Txikia izango da erakutsitako arma kopurua, baina desarme koalitatibo garrantzitsua dela uste dut". "ETAren disoluziorako bide bat da hau", gaineratzen du ordezkari jeltzaleak, "eta Madrileko Gobernuari presio egiten zaio presoen gaia aldatu eta berauek hurbiltzeko pauso positiboak ematen joateko".

"ETAri eskatuko nioke bide horretatik jarraitzeko, nire ustez hau da-eta espetxe politika hobetzeko bidea" dio Idoiagak, eta gaineratzen du, ikusitakoak ikusita, Espainiako eta Frantziako Gobernuek ez dutela ezer ere mugituko: "ETAk hartutako aldebakartasun horretatik ikusten dut Madrilen presio egiteko modua, borondaterik ez dago-eta".

PSE-EE eta PP 

Ibarreko PSE-EE eta PPko ordezkariek ez dute baloraziorik egin gura izan. Euskadiko sozialisten idazkari nagusi Patxi Lopezek atzo adierazi zuen ETAren adierazpena bide onean egindako keinu bat izan arren, ez dela aski. Armategi guztia entregatzeko ere eskatu zuen Lopezek, baina desarmatzea ez dela nahikoa eta gizarteak espero duena desagertzea dela.

Arantza Quirogak, Euskadiko PPren presidenteak, bere aldetik, esan zuen atzoko iragarpena beste engainu bat dela, eta armak "epeka" uztea ere kritikatu zuen.

Erlazionatuak

Bideoa: Kale-inkesta

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014 ots 21 Arrasate

Horrela jaso dute hedabideek albistea

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 21 Debagoiena

ETAren desarmatzearen dokumentua

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 21 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak