ETAk armak erabileraz kanpo uzteari ekin diola baieztatu dute egiaztatzaileek

Goiatz Arana 2014ko ots. 21a, 14:49

ETAk armak erabileraz kanpo uzteko prozesua hasi duela iragarri dute Nazioarteko Egiaztatzaileek Bilbon egin duten agerraldian. Aurtengo urtarrilean, ETAk hainbat arma ez erabiltzeko moduan eta zigilatuta utzi dituztela ere adierazi dute egiaztatzaileek eta haien aurrean egin zutela hori. BBCk argitara eman du bideo bat non egiaztatzen den ETAk emandako urrats berria.

Erabilerarik kanpo utzi dituzten hainbat munizio eta lehergailuren inbentarioa ere egin dutela esan dute eta erakutsi egin dute inbentarioa jasotzen duen papera.

Ram Manikkalingam-ek irakurri du Nazioarteko Egiaztatzaileen batzordearen bere eskumatara beste hiru kide zituela. Gazteaniaz eta ingelesez irakurri du.

Manikkalingam-ek Egiaztatzaileen borondate eta konpromiso osoa agertu du, bakea behin betirako egonkortu dadin "inpartzialtasunez" lan egiteko.

Balorazioak arratsaldean

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk 15:30ean egingo du agerraldia, Bilbon; PPko EAEko presidente Arantza Quirogak 16:00etarako deitu ditu hedabideak Gasteizen; EH Bilduk, 17:00etarako iragarri du agerraldia –Pernando Barrena, Pello Urizar, Patxi Zabaleta eta Oskar Matute izango dira bertan–; eta PSE-EEko Idazkari nagusi Patxi Lopezek, 17:30ean emango du alderdi sozialistaren balorazioaren berri.

Atzotik Euskal Herrian

Atzo eguerdian iritsi zen Euskal Herrira ETAren su-etena egiaztatzeko sortutako Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea. Ikusmin handia sortu du lantaldearen agerraldiak Euskal Herriko indar politiko eta eragile sozialen artean eta gizartean orokorrean, ETAren desarmatzearen "keinu" baten berri emango duela iragarri ostean.

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da lehena Ram Manikkalingam buru duten nazioarteko egiaztatzaileen mezua ezagutzen; gaur goizean ziren batzartzekoak, agerraldia baino lehen.

Hainbat eragile politiko eta sozialekin ere bilduko da Egiaztatzaileen Batzordea: EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin, CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuekin, Confebask EAEko enpresarien elkartearekin eta Elizako ordezkariekin. Egiaztatzaileak ez dira bilduko PPrekin eta UPyDrekin; azken horiek esan dute ez dutela inolako gonbidapenik jaso baina deitu izan baliete ere ez liratekeela joango, ez dietelako hizketakide horiei egiazkotasunik ematen.

Ram Manikkalingam (Sri Lanka) buru dela, Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India), Fleur Ravensbergen (Herbehereak) eta Aracelly Santanak (Ekuador) osatzen dute taldea.

Erlazionatuak

Bideoa: Kale-inkesta

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014 ots 21 Arrasate

Horrela jaso dute hedabideek albistea

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 21 Debagoiena

ETAren desarmatzearen dokumentua

Goiatz Arana Begiristain 2014 ots 21 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak