Desfibriladoreak bizia salba dezake, nahiz eta ez beti

Julen Iriondo 2014ko ots. 18a, 12:00

Iragan otsailaren 2an gertakari tristea jazo zen Donostiako futbol zelai batean: Tolosako jokalari Urtzi Gurrutxaga ormaiztegiarrari –Arrasaten ikasketak egindakoa, bide batez– partidua jokatzen ari zela bihotzekoak eman eta hil egin zen 26 urteko gaztea.

Zelaian bertan saiatu ziren jokalaria erreanimatzen, lehian ari ziren taldeetako masajistak eta harmailan zegoen mediku bat, aurrena, eta ondoeza izan eta hamar minutu igaro ondoren iristen joan ziren anbulantzietako osasun zerbitzuak ondoren. 40 minutuz jardun zuten zelaian bertan, eta ospitalera eraman zuten gero. Han hil zen Urtzi Gurrutxaga, Ormaiztegiko gaztea. Gertaera lazgarria jazo eta gutxira, hildakoaren anaiak idatzi hunkigarri bat zabaldu zuen sare sozialetan; hunkigarria, eta eskaera bat jasotzen zuena.

Ondorengo galdera botatzen du Urtziren anaia Enetzek aipatutako idatzian: "Zer gertatu izango zatekeen futbol zelaian defibriladore bat eduki izan balute?". Eta ondorengoa da eskaera: "Izan dadila derrigorrezkoa kirol instalazio guztietan desfibriladoreak egotea", horrek izan dezaken kostua dela-eta, gisa honetara jarraituz: "Ze inporta du diruak bizitzak salbatzeari buruz ari garenean?". Bere eskaera bete dadin eskatzeko sinadura bilketa ere jarri du martxan, bere anaiaren heriotzak balio izan dezan, "behintzat, beste pertsona askok bizirik jarrai ahal dezaten, desfibriladoreei esker".

Debagoieneko egoera 

Debagoienean, osasun zentroetakoak alde batera utzita –zenbait lantegitan ere badaude–, dozena inguru desfibriladore –11 zenbatu ditugu– daude eraikin publikoetan edo zerbitzu publikoen eskura, leku horietan edo kalean horrelako ezbeharren bat gertatuko balitzateke erabiltzeko moduan: bat dute Oñatin –kiroldegian–; bi dituzte Eskoriatzan –kultura etxean eta kiroldegian– eta Bergaran –udaltzaingoan eta Agorrosinen–; eta hiru, Aretxabaletan –Arkupen, udaltzaingoan eta kirol-etxean– eta Arrasaten –udaltzaingoan, Iturbide egoitzan eta Musakolako kiroldegian–.

Urte batzuk badaramatzate gailuok –Arrasaten, adibidez, 2008tik daude–, eta –eman dizkiguten datuen arabera– erabilitako aldi guztiak zenbatuta, lau izan dira: behin erabili dute Oñatin –iazko ekainean; ezin izan zuten bihotzekoa izan zuen lagunaren bizitza salbatu–, eta hiru aldiz Arrasaten –bitan udaltzainek, emaitza onik gabe; bestea, Musakolan–.

Lau aldi horietatik, azkena aipatutakoan lortu zen ezbeharra izan zuen lagunak bizirik jarraitzea. Iazko otsailean gertatu zen, Arrasateko kiroldegiko gimnasioan: kirola egiten ari zela bihotzekoa gertatu eta igerilekuko sorosleak eta lekuan zeuden bi irakaslek eta erizain batek, elkarlanean eta desfibriladorearen laguntzaz, lortu zuten guztia ondo amaitzea.

Derrigortasunik ez 

Urtzi Gurrutxagari gertatutakoak mahai gainean jarri du, berriz ere, desfibriladoreen gaia. Hasteko, eta bihotzeko batzuen kasuan "oso eraginkorrak" izan daitezkeen bezala, egia da, baita ere, beste batzuetan ez dela nahikoa, Arrasateko Udaleko Lan Arriskuen teknikari Yoli Pastorrek dioen bezala: "Kasu batzuetan, nahiz eta desfibriladorea era egokian erabili, zoritxarrez, bihotzekoari aurre egitea ezinezkoa izaten da". 

Kirol instalazio guztietan horrelako gailuak egon daitezen hildako futbolariaren anaiak egindako eskaria aintzat hartuta, Lan Arriskuen teknikariak dioskunez, Espainian ez dago, gaur egun, inor horretara behartzen duen legerik; desberdin da beste leku batzuetan, eta Mexikoko adibidea ematen du: "Han araututa dago zein eraikinetan egon behar diren desfibriladoreak, langileen kopuruaren arabera, bertan egiten diren ekintzen arabera...". Dena dela, "laster, urte batzuen bueltan", hemen ere arautzea espero dela dio.

Desfibriladoreen zenbatekoa, oraingoz behintzat, kopuru handian gehitzeko aukerari buruz, berriz, zera dio Pastorrek: "Egun dugun krisia kontuan hartuta, zaila izango da eraikin guztietan bat edukitzea". Dio, Arrasaten dauden hirurak aipatutako lekuetan jartzea erabaki zutela haietan "erabilera handiagoa" izan zitekeelakoan; bestalde, udaltzainek autoan eramaten dutela, "larrialdi batean eurak izaten direlako lekura iristen lehenengoak". Hala ere, "hurrengo urteetara begira", ez du baztertzen herriko beste eraikin batzuetan gailuok jartzea: "Amaia antzokian, Kulturaten...". 

Iaz, ondo atera zen 

Aurreko urtean Musakolan gertatutako hartan parte-hartze zuzena izan zuen Sergio Serranok, kiroldegiko sorosleak. Berak gidatuta, taldeko lan ederra egin zuten bihotzekoa izan zuen laguna bizkortu nahian jardun zutenek. Hain izan zen horrela, Osakidetzako larrialdietakoek zoriondu egin zituztela. Horrela gogoratzen du Serranok gertatutakoa: "Goizeko 09:30ak jota izango ziren deia jaso nuenean. Lekura joan eta, horrelako kasuetan, balorazio bat egin behar da, eta egoera aztertuta lanak banatu: bati esan 112ra deitzeko; beste bati, harrerara joan eta desfibriladorea hartzeko; eta hirugarren bati, jendea apur bat aldentzeko, lasaitasunez lan egin ahal izateko. Kasu hartan, erizain baten laguntza izan nuen [aurretik bi irakaslek jardun zuten], eta bion artean aplikatu genuen bizkortze teknika [modua da goiko argazki sekuentzian ageri dena, gutxi gorabehera; amaitzean, errepikatuz. Makinak bi minuturo egiten du azterketa, eta egin beharrekoa ahots mezu bidez agindu]".

Anbulantziak iristerako lortu zuten bihotza berriz ere taupaka hastea. Egonkortu eta ospitalera eraman zuten haiek. Kontuan izan behar da, oro har, larrialdietara dei egin eta osasun zerbitzuek hamar bat minutu behintzat behar izaten dituztela iristeko. Denbora horretan –lehenengo lauzpabost minutuak gakoa dira, ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen–, bihotzekoa izan duen pertsonaren biziraupena ingurukoen menpe egoten da, haien jarduna bizkorra eta egokia izatearen menpe. Bihotz-birikak berpizteko aurreneko maniobren –konpresio torazikoak eta aireztapenak– ondorioz, biderkatu egin daitezke biziraupen aukerak, desfibriladorea unean bertan erabiltzerik ez dagoen kasuetan –desfibriladorea iristean ere konbinatu egin behar da konpresioekin eta aireztapenekin–. 

Hauetaz guztiez gain, baina, bihotzekoaren ostean bihotzak berak duen erritmo elektrikoa ere bada beste gakoetako bat, bizkortzea lortu ahal izateko. Gisa honetara azaltzen du Musakolako sorosleak: "Normalean, kasuen ehuneko oso handi batean, fibrilazio bentrikularrean geratuko da bihotza, eta orduan bai erabili daiteke desfibriladorea, eta bihotzekotik pasa den denboraren arabera handitzen dira arrakastarako aukerak. Denbora pasa ahala, aukerak gutxitu egiten dira, eta gerta daiteke fibrilazio bentrikular hori asistolia bilakatzea –miokardioak batere aktibitate elektrikorik ez izatea–. Eta asistolia egoeran, nahiz eta desfibriladore indartsu bat eduki, ezin da ezer egin. Beraz, mirariak ere ez ditu egiten".

Esanda bezala, gorputzarekin kontaktuan jartzean makinak berak egiten du azterketa, eta agintzen du egin beharrekoa. Alde horretatik, ez da zaila desfibriladore bat erabiltzea. Dena dela, hobe prestatuta egotea, inoiz halakorik esku artean ibiltzea tokatzen bada ere: "Makinak berak badu informaziorako botoi bat hala adierazita, eta sakatuz gero berak esaten dizu zer egin behar duzun. Baina aurretik ikastaroren bat egina baduzu honen ingurua, ba hobe", dio Serranok. Zentzu honetan, uste du erakundeek "baliabideak eskaini" behar lituzketela: "Instituzio batzuk ari dira horretan, baina badago zer eginik".

Prestaketa saioak 

Hain justu ere, Arrasateko Udalak, adibidez, antolatzen ditu prestaketa saioak, Lan Arriskuen teknikari Yoli Pastorrek azaltzen duenez: "Guk, udaletxean, desfibriladore simulagailu bat badugu praktikak egin ahal izateko, eta, noizbehinka, hura erabiltzeko ikastaroak antolatzen ditugu". Iazko azaroan egin zuten azkena.

Horrez gain, desfibriladoreak dituzten eraikin edo zerbitzu publikoetako langileek ere jasotzen dute prestaketa; horrela dio Pastorrek: "Desfibriladoreak edukitzeaz gain, berebiziko garrantzia du nork eta nola erabiltzen dituen. Desfibriladorea lehen aldiz instalatzean prestakuntza konkretu eta homologatua jaso behar da, legeak hala esanda. Beste zenbait komunitatetan derrigorra da birziklapen ikastaroak egitea ere". 

Hona, beraz, txanponaren bi aldeak: 2014ko otsailean, 26 urteko gaztea hil da, futbolean ari zela bihotzekoak emanda. Suspertzeko lagungarri zatekeen gailua lekuan ez edukitzeak amorrazioa eragin du gertukoengan; urtebete lehenago, Arrasaten, bizirik atera zen beste lagun bat, gailua eduki eta han zirenek dena ondo egin zutelako. 

----------

Alberto Garai (kirol medikua): "Bihotzekoetan, desfibriladore bat gertu edukitzea oso garrantzitsua da"

Derrigorra ez den arren, zenbait lekutan, behar lukeela dio kirol medikuak.

Desfibriladore batek zenbateraino lagundu dezake bizitza salbatzen? Lagungarria dela argi dago. Neuk ere irakurri dut Urtzi Gurrutxagaren anaiaren idatzia. Eta, bai, bihotzekoetan, desfibriladore bat gertu izatea oso garrantzitsua da. Egun ez dago derrigortasunik, baina nire iritzia da ekintza fisikoa egiten den lekuetan, leku publikoetan eta jende asko biltzen den lekuetan derrigorrez egon beharko lukeela. Eta, gainera, Urtziren anaiak dioen bezala, ez dira garestiak.

Eta erreakzio bizkorra gakoa da. Gakoa da, bai. Bihotza gelditzen bada oxigenoa ez da burura iristen. Eta denbora igarotzen bada, bizirik irtenda ere, ondorioak gera daitezke. Gogoan duzu zer gertatu zitzaion mutiko hari Oñatin 2012ko San Silvestrean? Mutiko hark izugarrizko zortea izan zuen, larrialdietako medikuak zeudelako lasterketa ikusten eta desfibriladorea zegoelako; bestela, mutiko hori...

Denok behar genituzke sorospenerako gutxieneko ezagutzak? Kultura kontua da hori. Bakoitzaren esku geratzen da halako ikastaro bat egitea. Baina eskoletan, unibertsitatean eta lantokietan landu behar litzateke hori. Erakutsi eta, noizean behin, freskatu, ze teknikak-eta ere aldatu egiten dira. Inportantea da denok zerbait jakitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak