Mondragon-en "mespretxua" salatuko dute Ordaindukoek Korporazioaren egoitzan gaur

Jon Berezibar 2014ko ots. 13a, 09:14
Ordaindu plataformakoek zein kaltetuen bestelako taldeek protestak egingo dituzte egunotan. Gaur, hasteko, Ordaindukoak Mondragon Taldearen Olandixoko egoitzara joango dira eta bihar bat egingo dute Fagor Etxetresnen itxierak kaltetu dituen beste hainbat talderekin Gasteizko Parlamentuaren aurrean. Diote Mondragonek eta Fagorrek "mesprezatu" egiten dituztela kaltetuak.

Arimazubi auzoko Bolintxo okindegitik abiatuko dira plataformako kideak gaur (15:00) Mondragon Taldearen egoitza nagusira, Olandixon. Protestek, halaber, bihar ere izango dute jarraipena, kaltetu taldea Eusko Legebiltzarrera joango baita, Gasteiza.

Fagor Etxetresnen itxieraren kaltetu taldeekin egingo dute bat bihar, hain zuzen, protesta saio bateratuan. Joateko autobusa egongo da eta nahi duenak izena emateko modua izango du gaur arratsaldez Ordainduren bulegoan: Arrasate pasealekua 3, 16:30etik 18:00etara.

Azkenik, martitzenean protesta egitasmo bitxi batekin jarraituko dute Kataluniako antzerki talde batek egingo duen antzezlan batekin. Doako saioa izango da eta San Andresko lantegi ohiean bertan izango da antzezpena.

Hemen, jarraian, hedabideetara bidali duten oharra, osorik.

MCC Fagorrek kaltetu guztiak mespretxatzen ditu

"Joan den azaroaren 29an Fagor Etxetresnek jakinarazi zigun konkurtsoan sartu zela eta, harekin batera  Grumal eta Edesa lantegiak ere.

Iragarpena egin zutenetik aukera gutxi izan dugu bai Mondragon Korporazioarekin bai Fagor taldearekin biltzeko. Bi talde hauek ez dira agertu ere egin prozesu honetan, eta hori gutxi balitz, aitzakia bat jarri dute: "Administrazio Konkurtsalak kudeatu behar du dena”.

Administrazio Konkurtsalak gainera hasieratik esan izan digu hiru enpresek kontratuak amaitzeko ERE bat  sartuko zutela bazkide ez ziren langile guztientzat. EREa dagoenez sarturik eta tramitatuta dago.

Ikusten duzuenez bazkide ez garen langileok, Fagorreko bazkide batzuk, Lagun Aron kotizatzen ez duten bazkideak, 55 urtetik gorakoak, aurre-erretiroa har dezaketenak eta kaltetuak... egoera honen aurrean babesik gabe aurkitzen gara egoera honi irtenbide bat aurkitzeko.

Non daude ardura dutenak? Guk ordaindu behar dugu pertsona gutxi batzuen kudeaketa penagarria? Ezta pentsatu ere!

Gaur bildutako taldeok zera nahi dugu salatu. Multinazionalik gogorrenek ere ez die tratu hain txarra eman langileei eta ordezkariei.

Bilerak egin ezina, erantzunik gabeko galderak, irtenbideak bilatzeko borondaterik eza, bazkide ez garen langileekiko erabateko mespretxua, bazkideen birkokapenak, ordainketa boluntarioak, 55 urtetik gorakoak, maileguak eta abar.

Honekin ere, benetako birkokapena eskatzen dugu, irizpide batzuen ondoren  etorkizunean inor  ez  dadin  gelditu bazterturik, eta hau dena kooperatibismoak dituen baloreak aintzat hartuta eta ez gaur egun egiten den modu interesatuan.

Eta Eusko Jaurlaritzari zera adierazi nahi diogu: guk bizi dugun egoera honen aurrean aurpegia eman dezala, eta edozein diru publiko Mondragon Korporazioan sartzen bada gu guztiontzako irtenbidea  kudeatzeko izan dadila. Hau ez bada honela, bazkide ez diren langileen kaleratzeetan konplize bilakatuko dira.

Azkenik, azken deialdi bat egin nahi diegu MCCko zuzendaritzari eta erakunde publikoei. Bazkide ez diren langileek bazkide diren langileen tratu berdina eduki dezatel: Justizia kontu bat da".

MCCKo tsunamiaren kaltetuak

Erlazionatuak

Ordaindu: "Dorre handiagoak erori dira"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014 ots 13 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak