Mondragon Taldearen egoitza nagusiaren kanpoko aldean "Ordaindu gure dirua" bezalako oihuak entzun dira. Eta bilerak "espero baino gutxiago" iraun du; 30 minutu inguru. Olaberen esanetan, ez dira bildu espero zituzten pertsonekin eta "bitartekari" batzuekin egon behar izan direla azaldu du. Gaineratu du euren kontuari buruz "ezer ez dutela egingo" esan dietela. Ordaindukoek eskatu diete astebeteko epean beste bilera bat izatea eta gutxienez interesak ordaintzea kaltetuei.
Ordaindu plataformako kideak Mikel Zabala Mondragon Korporazioko gizarte kontuetako zuzendariarekin eta Arantza Laskurain idazkariarekin elkartu dira. Ordaindu plataformako kideek aditzera eman dutenez, une honetan, eta Txema Gisasolaren dimisioaren ostean, Mondragon Taldeko Batzorde Kudeatzailearen egiteko nagusia eta lehentasunekoa ez da irtenbidea ematea Ordaindu plataformakoen arazori: "zor zaigun dirua itzultzea".
"Dorre handiagoak erori dira"
Hori horrela, honako hau adierazi die Mondragon Korporazioko bi ordezkariei Ordaindu plataformakoek gaurko batzarrean, betiere, Ordainduko iturrien arabera:
- "Inposatzen diguten bide kooperatibista salatzea, elkarrizketaren aurkakoa, arazoak konpartitzea negoziatzeko eta akordiotara heltzeko".
- "Korporazioak batzarrera bidali dituen ordezkariak ez zaizkigu balekoak iruditzen, pertsona horiei errespetu osoa diegun arren. Eskatzen dugu astebeteko epean Korporazioko Batzorde Kudeatzaileko lau kideetakoren batek artatzea".
- "Eskatzen dugu, hasteko, eta borondate onaren erakusle, zor zaigunaren interesak ordaintzea".
- "Mondragon Taldeak eta beronen Batzorde Kudeatzaileak paretaren kontra utzi gaitu eta plataforma osatzen dugun gizon eta emakumezkook lortuko dugu imajinazio, tinkotasun eta erabakimenarekin, Korporazioaren iritzia aldatzea. Dorre handiagoak erori dira".