Bailarako gimnastek ikuskizun ederra eman zuten Gipuzkoako txapelketan

Leire Kortabarria 2014ko ots. 9a, 11:37

Labegaraieta kiroldegian jokatu zuten zapatuan gimnasia erritmikoko A mailako eskola arteko Gipuzkoako txapelketa. Lehen fasea izan zen eta Bergarako eta Arrasateko taldeetako gimnastak primeran ibili ziren; azpimarratzekoa da Ainhoa Delgado arrasatearrak 2. postua lortu zuela Senior B kategorian. Dena dela, zapatuko faseko sailkapena ez da behin betikoa; martxo bukaeran bigarren fasea jokatuko dute eta bi saioetako puntuak batu ondoren jakingo da ze gimnasta sailkatzen diren Gipuzkoako finalerako.

Bergarako Ariznoa elkarteak antolatuta jokatu zen zapatuan Gipuzkoako txapelketako lehen fasea. Bergarako gimnastak eta Arrasateko Dragoi taldekoak ibili ziren eta, horiez gain, Donostia, Azkoitia, Eibar, Hernani, Tolosa, Zarautz eta beste herri batzuetako taldeko gimnastak etorri ziren.

Zapatuko txapelketaren berezitasuna da puntuatzeko sistema berria lehenengo aldiz erabiltzen zela. Horrez gain, aurtengo lehenengo txapelketa izanda, gimnastendako, batik bat, urteko egutegia hasteko eta norbera nola dabilen ikusteko modua izaten da, Ariznoa taldeko Lore Alberdik dioskunez.

Bada, bailarako gimnasta guztiak sailkatu dira eta bi klubak "oso pozik" daude. "Hasteko modurik onena izan da", esaten du Dragoi taldeak.

Goizean, infantil, alebin eta kadeteek egin zituzten euren erakustaldiak, eta batez ere hor egon zen ikusle gehien. Arratsaldean, jubenilen eta seniorren txanda izan zen; lehenengo, taldekako saioak egin zituzten, eta gero, banakakoak.

Bergaratik, infantil, alebin eta jubenil B kategorietako taldeek jardun zuten, eta bakarka, Irati Gardokik (Infantila), Irene Azkargortak (Infantila), Arianna Burgosek (Kadete B) eta Marianna Nunesek (Kadete A).

Arrasatetik, Ane Fernandezek (Kadete B) eta Maialen Gallardok (Kadete B) jardun zuten goizean, eta, bakarka, arratsaldean, Eider Altubek (Jubenil B), Olatz Fernandezek (Senior B) eta Ainhoa Delgadok (Senior B).

Momentu batzuetan urduritasuna nagusitu zen arren, bailarako gimnastek une horiek gainditzea eta epaileen aldetik puntuazio onak eskuratzea lortu zuten.

Datorren zapatuan, Arrasateko Uarkape pilotalekuan, Gipuzkoako benjaminen topaketa izango da.

Erlazionatuak

Asteburuko irudiak

Jon Berezibar 2014 ots 10 Debagoiena

Jai giroa San Blas auzoan

Leire Kortabarria 2014 ots 09 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak