GI-632 errepide berriko lanak martxa onean doazela azaldu du Larraitz Ugartek

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 17a, 13:10

Larraitz Ugarte, Deskargako lanetan azalpenak ematen.
Bidegi elkarte publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia GI-632 errepide berriko (Beasain-Bergara) azken bi zatiak egiten ari dira, eta gaur hedabideekin bisita egin da bertara, lanak nola doazen ikusteko. Bisita horretan Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak lanak bide onetik doazela azaldu du.

Deskargako lanak ikusteko egindako bisita aprobetxatuz, Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak poza azaldu du obrak bide onetik doazelako. "Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bidegi lan handia egiten ari dira GI-632 errepide berria 2015eko apirilerako errealitate izan dadin. Errepide hau Aldundiarentzat oso garrantzitsua da, Gipuzkoa eta Euskal Herria egituratzerako estrategikoa delako, eta horregatik jarraitu du proiektu honekin".

Inguruko herrietako zazpi pertsona lanean

Larraitz Ugartek, halaber,  obra bera aipatzeaz gain, obra eredugarri izatea ere nahi dela azaldu du. "Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi nahi dugu: bai, lan arloan sindikatuekin elkarlanean lan hitzarmena bete dadin; bai, diru publikoaren kontrol zorrotza eginez…", adierazi du Ugartek. Ildo horretan, gogoratu du lanak hasi zirenean Gipuzkoako Foru Aldundiak, inguruko Udalekin elkarlanean, bertako eraikuntzako langileen zerrenda osatu zuela, eta une honetan zerrenda horretako zazpi lagun ari dira lanean: Bergarako bi, Antzuolako bi, Zumarragako bi eta Urretxuko bat. "Lan hauek gipuzkoarron diruarekin ari dira egiten, eta garrantzitsua da obra horien onura ere bertako herritarrek sentitzea", azaldu du Ugartek.

Bi zati, bukatzeko

GI-632 berria bukatzeko bi zati falta dira eta biak eraikuntza fasean daude une honetan:

    • Urretxu-Antzuola zatia Bidegi ari da eraikitzen, eta lanak 2011ko uztailean hasi ziren, 39 hilabeteko epearekin. Beraz, obra zibila bukatzeko epea 2014ko urria da, eta ondoren, instalazioetako obra egin beharko da. Amenabar eta Moyua enpresak ari dira lanak egiten, eta 46,8 milioi eurotako (gehi Bez) aurrekontua dute. Obra zuzendaritza Eptisa-Cinsak darama. Zatiaren ezaugarriei dagokienez, zati honek 2.800 metro izango ditu, norabide bakoitzean bi erreirekin, ibilbidean gehieneko aldapa %5ekoa izango da, eta punturik altuenetik baxuenera 29 metroko desnibela egongo da. Zati honen muturretan lotune bana izango da.

Zati honen ezaugarri nagusia Deskargako mendatea saihesteko tunela da. Tunelaren hodi bateko aldeak, Antzuolatik Urretxurako noranzkokoak, joan den abenduaren 20ean elkartu zituzten. Tunela eraikitzerakoan hainbat arazo izan ziren, luiziak izan zirelako, baina arazo horiek konpondu dira eta lanak aurrera doaz, martxa onean. Tunela 708 metro luze da, norabide bakoitzean hodi bat du (bi errei norabide bakoitzean), eta oinezkoentzako bi larrialdi irteera izango ditu, tunelaren norabide baterako hodia beste norabidekoarekin lotuz. Tunela zulatzeko metodo austriarra erabili da, eta horren ezaugarria da lanak bi fasetan banatzen direla: lehenengoan, erdialdetik gorako zatia zulatzen da (63 m2) eta eusteko sistema ezartzen da, tunel naturalaren luzera osoa zulatu arte; eta bigarrenean, gainerako zatia (33 m2) zulatzen eta eusten da. Zulaketa lanak bukatuta tunelaren barrualde guztia 30 zentimetroko lodierako hormigoi eraztun batekin estaltzen da.

    • Beasain-Bergara ardatzeko azken zatia, Antzuola-Bergara, Gipuzkoako Foru Aldundia ari da eraikitzen. Lanak 2013ko urtarrilean hasi ziren eta obra zibila amaitzeko epea 25 hilabetekoa da. Moyua eta Antzibar enpresak ari dira bertan lanean, 41 milioi euroko (gehi BEZ) aurrekontuarekin. Laguntza teknikoa, berriz, Girder eta Saitec enpresak ari dira egiten.

Zati hau 2015eko apirilerako bukatzea aurreikusi da. Zati honen ezaugarriei dagokienez, 4.800 metro luze da, eta ezaugarri nagusia bidezubiak edo biaduktuak dira, bost baititu. Antzuolako lotunetik hasita, herria saihesteko, hiru bidezubi eraikiko dira: Ipurtika (205 m), Antigua (262 m) eta Lapatza (81 m). Bideak Deskarga ibaia saihestuz jarraituko du, eta bi aldiz gurutzatuko du Antzuola (180 m) eta Igeribarerrota (76 m) biaduktuen bidez. Antzuolatik Bergarako lotuneraino aldapa %5eko izango da beherako norabidean. Bergarako lotunea Benta Berri auzoan dago, eta bertatik AP-1erako lotura egingo da.

GI-632 errepide berriak, 23 kilometro

GI-632 errepide berriak, amaitutakoan, 23 kilometro izango ditu, eta norabide bakoitzean bi erreikoa izango da. Lehenengo zatia, Beasain eta Zumarraga artekoa, 2006an ireki zen. Bigarren zatia,  Zumarraga-Urretxu zatia, 2012ko ekainean ireki zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak