Abendu bukaeran hasi zen gripe epidemia Debagoienean eta 4 eta 6 aste bitartean iraungo duela aurreikusten dute medikuek. Epidemiaren puntu gorena 15 egun barru egotea espero dute eta otsail bukaerarako gripea epidemia mailatik kanpo egongo dela uste dute adituek.
Ez da izango epidemia indartsua
Baina Javier Mar Osasun Kudeaketa Unitateko arduradunak dio garrantzitsuena ez dela jakitea zenbat iraungo duen, baizik eta zein epidemia maila hartuko duen: "Momentuz ematen du ez dela izan behar epidemia indartsua. Orain arte nahiko ondo konpondu gara guk ikusi dugunarekin. Larrialdietan eta ospitalizazioetan nahiko ondo konpondu gara eta ez dugu arazorik eduki bailaran".
Txertoen funtzionamendu ona
Artatu dituzten kasu gehienak ume eta gazteenak izan dira eta horiek ez dira larriak izan orokorrean. Helduak, berriz, ez omen dira asko kutsatu. Zein izan daitekeen horren arrazoia? Txertoek oso ondo funtzionatu dutela: "Normalean txertoak ekoizteko asmatu behar da zelako birusak agertu behar diren hurrengo denboraldian eta hori beti ez da lortzen. Baina aurten behintzat gauzak oso ondo joan dira eta txertoek oso ondo funtzionatu dute. Seguru aski hori da arrazoietako bat adierazteko zergatik ez dugun izan arazorik".
Arazorik ez da egon, beraz, momentuz behintzat eta Debagoieneko Ospitalean ohe nahikoa daude libre oraindik; oheen %84 inguru daude okupatuta momentu hauetan. Hori normala da garai hauetan, izan ere, Javier Marrek azaldu digu normalean abendu bukaeran, urtarrilean eta otsailean egoten dela gripe epidemia bat eta urte bakoitza desberdina izaten den arren, urtero ikusten dituztela horrelako egoerak ospitaleetan eta osasun zentroetan.
Prebentzioaren garrantzia
Aurtengo gripea beraz, esan moduan, ez da hain larria izan orain arte behintzat eta Javier Marrek txertoak hartzearen garrantzia azpimarratu du beste behin.
Eta gripearen sintomak nabaritzen baditugu, berriz, gogoratu sukarra zaindu behar dela eta ondo hidratatuta egotea ere komeni izaten dela, besteak beste.