Goiena.net Debagoieneko Interneteko atari erreferentziazkoak, 1.442.441 bisita izan zituen iaz, hau da, 2012an baino %19,59 gehiago eta azken urteetako joerari eusten dio. Urtetik urtera, hazkunde nabarmena du eta, gaur egun, egunero, asteko egunetan, 5.000 erabiltzaile ditu, batez beste. Google Analytics-etik jasotako datuak dira.
Gainera, aurten, inoizko errekorra hautsi du Goiena.net-ek. Fagor Etxetresnen krisiaren gaia dela-eta, erabiltzaileen begiak Goienaren Interneteko albistarira begira egon dira. Eta, hain justu ere, bisitari bakarrei dagokienez, errekor historikoa egin zuen webguneak urriaren 16an, 10.750 bisitari bakarrekin. Iazko urri eta azaroarekin konparatuta, bisiten hazkundea %43,72koa izan da; datu benetan adierazgarria.
Bestalde, sare sozialetan eta, bereziki, Twitterren, ere, geroago eta jarraitzaile gehiago ditu Goienak. Esaterako, Goiena Albisteak kontuak, gaur egun, 2.275 jarraitzaile ditu eta Goienaren Twitterreko kontu guztien jarraitzaile kopurua batuz gero, 5.922 dira.
Goiena paperak ere gora: 32.000 irakurle Debagoienean
Goiena paperak ere gora egin du aurten, CIES-en arabera; %18,75ko hazkundea izan du Debagoienean, hau da, 6.000 irakurle irabazi ditu 2012arekin alderatuta. Gaur egun, 32.000 irakurle ditu gure eskualdean eta askogatik da nagusi, bigarren papereko irakurrienak, El Diario Vasco-k, 18.000 irakurle ditu-eta Debagoienean.
Gipuzkoan ere gora egin du. 35.000 irakurle ditu, iaz baino 2.000 gehiago. Gipuzkoan, laugarren periodiko irakurriena da El Diario Vasco, Hitza (Gipuzkoako Hitza guztiak) eta Gara-ren atzetik.
Kontuan hartzeko datu bat da Goiena papera dela gora egin duen bakarrenetakoa. Ian ere, joera da paperekoek geroago eta irakurle gutxiago dituztela eta hori erakusten dute CIESen datuek. Esaterako, Gipuzkoan nagusi diren bost periodikoen artean (El Diario Vasco, Hitza, Gara, Goiena eta Berria), Goiena-k eta Gara-k bakarrik egin dute gora; besteek behera.
Tokiko telebistek 28.000 ikus-entzule
Goienako hedabideen artetik, audientzian behera egin duen bakarra Goiena telebista da. Konpetentzia izugarria da telebistaren alorrean, batez ere Lurreko Telebista Digitalaren eskaintza ugariagatik. Gaur egun, 7.000 ikus-entzule ditu Gipuzkoan eta 4.000 Debagoienean. Halere, Gipuzkoako euskarazko telebista lokalen artean, 28.000 ikus-entzule dituzte lurraldean eta telebista lokal ikusienak dira. Hamaika, Goierri, 28 Kanala, Erlo eta Goiena telebistek osatzen dute Gipuzkoako euskarazko toki telebisten sarea.
Telebistei dagokienez eta CIESen arabera, azpimarratzekoa da ETB1en gorakada Debagoienean: 6.000 ikus-entzule irabazi ditu 2012an zituenekin alderatuta: 3.000tik 9.000ra igo da. Izan ere, gurean gertatutakoaren kontrara, Gipuzkoan, 1.000 ikus-entzule galdu ditu-eta ETB1ek.