Nabarmentzekoak dira herri handienetan dezente datu hobeak izan direla: Arrasaten eta Oñatin, langabezia tasa 0,7 txikitu da; Bergaran, ia puntu bat.
Herriz herri, hauek izan dira abenduko datuak:
- Antzuola: 104 langabe (-2), %9,53 (-0,19)
- Aretxabaleta: 344 langabe (-7), %10,17 (-0,21)
- Arrasate: 1.547 langabe (-72), %14,93 (-0,7)
- Bergara: 853 langabe (-57), %12,16 (-0,82)
- Elgeta: 40 langabe (-5), %7,38 (-0,92)
- Eskoriatza: 245 langabe (-4), %12,03 (-0,19)
- Leintz Gatzaga: 9 langabe (-2), %6,67 (-1,48)
- Oñati: 467 langabe (-37), %8,90 (-0,7)
Oro har, 2013an %12 eta %13 artean izan da Debagoieneko langabezia tasa. Gailurra otsailean jo zuen, 3.868 langaberekin eta %12,98ko tasarekin. Datu onenak, aldiz, udan izan ziren, eta behin bakarrik jaitsi zen tasa %12ko markatik: abuztuan, 3.557 langabe eta %11,93ko tasa izan ziren.
2013 bukaera 2012 bukaeraren oso antzekoa izan da: 2012ko abenduan, %12,18ko langabezia tasa eta 3.631 langabe izan ziren orduan Debagoienean. Urteko balorazioa, baina, askoz hobea da oraingoan, izan ere, 2012an 2011n baino 400 langabe gehiago izan ziren, eta 2013ko abenduan, iaz baino 22 langabe gutxiago.
Euskadin eta Espainian ere, datu hobeak
Esparru zabalagoetara jota, langabezia denetan murriztu zen. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, azaroan baino 7.326 langabe gutxiagorekin bukatu zen urtea, eta 167.374 langabe zeuden Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda. Hala, 2013 bukaeran 2012 bukaeran baino 1.709 langabe gutxiago zeuden Euskadin, urte arteko 1,01 puntu gutxiago langabezia tasan.
Hego Euskal Herrian eta Espainian, batera, 4.701.338 langaberekin bukatu da urtea. Abenduko datuek markak hautsi dituzte, onerako, izan ere, 107.570 langabe gutxiago izan ziren azaroan baino; erregistroak daudenetik, abenduan izan den murrizketa handiena izan da 2013koa.
"Azken 10 urteotako abendu onena da"
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren esanetan, enplegu-datuei dagokienez, "azken 10 urteotako abendu onena" izan da 2013koa, langabezia tasa %4,19 murriztuta. "Aldi horretan, langabezia gehien murriztu den erkidegoa da Euskadi; estatuko batez bestekoa baino 1,95 puntu gehiago murriztu da", esan du Enplegu Sailak.
Euskadiko langabezia tasa %15,9 da orain.
Gizarte Segurantzako afiliazio maila ere handiagoa izan da: azaroan baino 1.019 afiliatu gehiago izan dira abenduan.
Enplegu Sailaren datuen arabera, enplegu garbia sortu zen hiru lurraldeetan: Araban, 323 afiliatu gehiago (+%0,23); Bizkaian, 547 gehiago (+%0,12), eta Gipuzkoan, 148 (+%0,05). Azaroan baino %2,2 kontratu gehiago egin ziren, eta 2012ko abenduan baino %10,7 gehiago.
Emakume eta gazte langabe gutxiago
Emakumeen artean, gehiago txikitu zen langabezia tasa gizonezkoen artean baino. Hala, emakumeen langabezia tasa %5,31 txikiagoa izan zen, eta gizonezkoena, %3,02 txikiagoa. Gainera, gazte gehiagok aurkitu zuten lana: 25 urte azpikoen artean, %25,87 jaitsi zen langabezia; 25 eta 44 urte artekoen artean, %3,17; eta 44 urtetik gorakoen artean, %1,33.
Sektoreka, zerbitzuetan jaitsi zen gehien langabezia: %5,03. Aurretik lanposturik izan bako langabeen artean, %10,98 murriztu zen langabezia. Nekazaritzan eta Industrian oso apal jaitsi da langabezia; eraikuntzan, %0,89 handitu da.
Aktibitate hauetan jaitsi zen gehien langabezia: txikizkako komertzioa (1.071 langabe gutxiago); Eraikinetarao zerbitzuak eta lorategigintza (591 gutxiago); Jan-edanen zerbitzuak (519 gutxiago); eta Erresidentzia-establezimenduetan laguntza lana (514 gutxiago). Ordea, langabezia gehien hazi zen honako aktibitateetan: Edifizioen eraikuntza (105 langabe gehiago); Motorrezko ibilgailuen ekoizpena (83 gehiago); Espezializatutako eraikuntzako aktibitateak (69) eta Metalezko produktuen ekoizpena (52).
Langabezia gehien murriztu da Gipuzkoan (%5,28); gero, Bizkaian (%3,92) eta Araban (%3,24). Euskadiko eskualde guztietan murriztu zen langabezia.