Antzuolako alkate Ima Beristain, Elgetako Oxel Erostarbe eta Leintz-Gatzagako Eugenio Otsoak sinatu dute azken urteetako lanaren ondorioz garatu duten protokoloa. Erakundeen arteko koordinazioa hobetzea du helburu protokoloak eta genero indarkeria edota sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra eskainiko die.
2008an hasi ziren protokoloa lantzen, herri bakoitzeko egoera aztertu eta berdintasunerako plana diseinatuz. Horren baitan, besteak beste, genero ikuspuntua ezartzeko prestakuntza saioak egin dituzte udal langile eta ordezkari politikoekin.
Lankidetzan egindako protokoloa
Arlo ezberdinetako adituen laguntza izan dute udalek Daiteke berdintasun aholkularitzak garatutako protokoloa lantzeko. Eta eskerrak eman nahi izan dizkiete guztiei: "Hiru herrietako gizarte zerbitzuei, osasun zentroetako ordezkariei, Debagoieneko ospitaleko larrialdi zerbitzuei, Ertzaintzari eta Daitekeri".
Horietako batzuk gaurko aurkezpenean izan dira: Bergara, Elgeta eta Antzuolako osasun zentroko arduradun Iñaki Urgoitia; Bergarako polizia-etxeko Herritarren Zaintzarako arduradun Jokin Badiola eta Etxeko Indarkeria arloko Antonio Mondragon eta Maria Jose Franco; Leintz-Gatzagako eta Antzuolako Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Iñaki Agirreurreta eta Nagore Dos Santos eta Bideberriko gizarte langile Karmele Korta eta Ainara Gabilondo.
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeria Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari emandako diru-laguntza eskertu diete.