Ugarte: "Arkupe sistema da Deskargarako proposatzen duguna, baina oposizioak atzera botako duen kezka dugu"

Irati Goitia 2013ko abe. 12a, 16:05
Arkupe bidesari sistema da Foru Aldundiak proposatzen duena, baina Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak, adierazi du oso kezkatuta daudela oposizioko alderdiek erakutsi duten jarrerarengatik. Bestalde, Deskargako mendateko lanen azken zatia (Antzuola eta Bergara artekoa) 2015erako amaituta egongo dela aurreikusi du, eta beraz, garaiz ibiliko direla gaineratu.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak adierazi digu pozik daudela Deskargako lanak garaiz amaituko direlako, aurrekontuan ez delako gora-behera handirik egongo eta lan baldintzak bermatzeko neurri bereziak jarri direlako. Bestalde, baina, Deskargako mendatean jarri beharreko bidesaria dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundia oso kezkatuta dagoela esan digu.

Kezka

“Gipuzkoako Foru Aldundia oso kezkatuta dago. Izan ere bi urte daramatzagu bidesaria dela-eta, bueltaka. Proposamen bat aurkezteko eskatu ziguten eta foru arau proiektua aurkeztu dugu. Une honetan Batzar Nagusietan dago eta Arkupe sistema da”.

Arkupe bidesari sistema kapazitate altuko errepideetan, momentuz behintzat, garraiolariei bidesaria jarriko dien sistema dela zehaztu digu Ugartek. “Badirudi oposizioko hiru alderdiek atzera botako dutela. Horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere , Arkupe sistema bete ezean, egora zailean egongo ginateke. Izan ere, aurreko legealdian, Markel Olanok, Bidegiko administrazio kontseiluko buru zela, banketxeekin sinatu zuen Deskargan bidesaria egongo zela 2015eko apirilerako. Zenbatekoak ere zehaztu ziren: 0,90 euro ibilgailu arruntentzat eta 8,52 euro garraiolarientzat”, zehaztu digu Ugartek.

Honakoa ere gaineratu du Gipuzkoako Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak: “Jeltzaleek esaten dute bidesaria Etxegaraten bakarrik jarri nahi dutela. Zergatik ezkutatzen dute eurek banketxeekin sinatu zutela Deskargan bidesaria jartzea? Gainera, banketxeekin sinatu zuten hitzarmena Batzar Nagusietatik pasa gabe eta foru araua egin gabe”.

"Arkupe onartu ezean, arazoa"

“Guk ez dugu Deskargan bidesaria jartzeko foru araua egingo. Ez gaude ados berriro ere debagiendarrak soilik zigortzearekin. Ez du zentzurik bailara honetako herritarrek dohainik duten irteera bakarra ere ordainpekoa izateak. Beraz, Arkupe bidesari sistema ez onartzeak, bankuekin ondorio larriak izatea suposatuko luke, alderdi jeltzaleak bidesaria jarriko zuela hitzartu zuelako aurreko legealdian. Beraz, EAJ da azalpenak eman behar dituena. Zer da proposatzen duena? Banketxeei ez ordaintzea edo Deskargan bidesaria jartzea? Erantzukizunez jokatzeko eskatzen diegu oposizioan dauden alderdiei”.

Bestalde, honakoa azpimarratu du Ugartek: “Deskargan bost tramu eraiki dira eta horietatik bi bakarrik ordaindu ditu Bidegik bere kredituarekin. Beste hiru tramuak gipuzkoarrok ordaindu ditugu gure zergekin. Beraz, ez da logikoa bidesari bat jartzea, dagoeneko gipuzkoarrok gure zergetatik ordaindu dugun errepide bat erabiltzeagatik”.

Txostenen aurkezpena datorren astean

Ugartek zehaztu digu une honetan Gipuzkoako Foru Aldundia lanean dabilela autoritate finantzarioez eta Ogasun departamentuarekin, besteak beste, Batzar Nagusietako talde guztiei, komunikabideei eta jendarteari azaltzeko zeintzuk izango diren “Deskargan gauzak gaizki egitearen ondorioak”. Datorren astean aurkeztuko dituzte txosten horiek.

2015erako eginda

Bestalde, Ugartek esan du pozik daudela Deskargako lanak garaiz amaituko direlako, aurrekontuan ez delako gora-behera handirik egongo eta lan baldintzak bermatzeko neurri bereziak jarri direlako. Izan ere, lanetan egon zen ezbeharraren ostean, azpikontratatuta zegoen enpresa ateratzea erabaki zen, besteak beste. Horretaz gain, Osalanek txosten bat egin behar du gertaturikoa argitzeko. Ugartek esan du oraindik ez dutela eskuartean, baina dutenean emango dituztela azalpen guztiak. Deskargako mendateko azken zatia (Antzuola eta Bergara artekoa) 2015erako amaituta egongo dela ere aurreikusi du, beraz, garaiz ibiliko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak