Urte berriarekin jarriko dute martxan Bergaran hondakin bilketa sistema berria

Julen Iriondo 2013ko abe. 7a, 10:44

Bergarako udal gobernu taldeak sistema berriarekin abenduan hasteko asmoa bazuen ere, 2014 hasierara atzeratu dute, hondakinei dagokienez ere Gabonetakoa sasoi berezia dela kontuan izanda. Udalak adierazi du Bergarako familia gehienek etxean dituztela dagoeneko beharrezkoak diren material guztiak, eta datozen asteetan bukatuko dituztela sistema martxan jartzeko beharrezkoak diren egokitzapen lan guztiak.

Bergaran, hondakinen bilketa selektiborako sistema berria abenduan martxan jartzea aurreikusita bazegoen ere,  "Mankomunitateak gomendatuta", Gabon jaien ostean abiaraztea erabaki du gobernu taldeak, prentsa ohar batean azaltzen duenez: "Gabonen bueltan sortzen den mugimendua, komertzio, jatetxe eta etxeetan sortzen den hondakin kopurua ezagututa, egokiago ikusi da sistema berria behin jaiak pasata aktibatzea. Beraz, bilketa sistema berria Gabon ostean abiatuko da, behin Gabonen bueltan sortu ditugun hondakinak gaur egungo sistema bidez jasota".

Sistema berriaren inplantazioaren atzerapenerako beste arrazoi bat "zenbait horniduraren atzerapena" izan dela ere badio Udalak, hala nola, "baserri-guneetako ekarpen guneetako txartelena": "Horrez gain, Bergararen berezitasunek ere konplexutasun teknikoak suposatu dituzte sistema berria ezartzeko".

Prentsa oharrak dio, baita ere, "bideratu" direla alde zaharreko eta Iraburuko bilketa guneak ere: "Alde zaharreko hirigune historikoa kultura ondasun gisa kalifikatua dagoenez –2003 geroztik Monumentu Multzo izendapena dauka– eta kaleak estuak izanik –horrek suposatzen duen traba teknikoarekin–, bilketa guneak lokaletan eta  propio prestatutako espazioetan kokatuko dira. Lokal eta gune hauen egokitzapen lanak hil honetan amaitzea aurreikusten da. Irabururi dagokionez, oztopo arkitektonikoak gainditu behar izan dira esekitokiak jartzeko".

Bilketarako materiala

Udalak adierazi duenez, Bergarako "familia gehienek" badauzkate dagoeneko etxeetan bilketa sistema berrirako beharrezko materialak –errefusa eta organikoa bereizteko ontziak, gida lagungarriak eta egutegi eta ordutegiak gogorarazteko balio duen imana–: "Oxirondoko azokan egin zen material banaketan hamar etxetatik zazpik jaso zituzten sistema berrirako beharrezko duten aipatutako material multzoa".

"Oraindik jaso ez dituztenek Hondakin Bilketa Selektiborako Bulegora jo dezakete", jakinarazi du Udalak –baita zalantzaren bat dutenek ere–. Informazio bulegoa udaletxeko sarreran dago, astelehenetik eguenera 10:00etatik 19:00etara irekita, eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara. Telefonoz kontaktatzeko 943 76 46 18 zenbakia jarri du Udalak herritarren eskura. Bergarako Komertzioei eta industriei dagokionez ere material banaketa "bukatzear" da, zabaldutako prentsa oharrak dioenez.

Urtarrilean hasiko da, beraz, sistema berria Bergaran, eta martxan jartzen denerako herritarrei "eskaria" egin die Udalak: "Aldaketak guztiontzako egokitzapen prozesu bat eskatuko badu ere, Bergarako Udalak eta Debagoieneko Mankomunitateak ezarritako bilketa orduak eta egokitutako bilketa guneak errespetatzeko deia egiten diete bergararrei, batez ere, hondakin bilketan aritzen diren langileenganako begirunez jokatzeko eta euren lana errazte aldera. Azken batean, langile hauek ere sistema aldaketara egokitu beharko dute eta".

Azkenik, Bergarako Udalak eskerrak eman dizkie "material banaketan parte hartu duten boluntarioei". Bergarako Hondakin Bilketa Selektiborako Sistemari buruzko informazio guztia aurki daiteke udal webguneko atal honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak