Zabor asko atera dute erreketatik

Mirian Biteri 2013ko urr. 14a, 13:00

Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako 'Ura eta Errekak' astearen bueltan, bailarako errekak auzolanean garbitzen ibili dira gaur goizean. Toki guztietan nabarmendu dute zikinkeria piloa topatu dutela, eta askotarikoa, gainera.

Bergara aldean, Osintxutik Epele araztegirainoko zatian, elkartu da jende gehien: 15 bat taldetan banatuta zeuden 330 lagun inguru ibili dira askotariko zaborra kentzen. Plastiko, enbor eta metalarekin batera, bitxikeriak ere topatu dituzte parte-hartzaileek; esaterako, eskuz egindako aihotza. 

(Bergaran, Labegaraietan, errekatik ateratako zabor-hondakinak).

(Bergarako Labegaraietan erreka garbitzeko batutako taldea).

(Erreka garbitzen batutako zikinkeria Aretxabaletan).

"Harrituta eta arduratuta"

Bergarak izan du harrera onena, baina gainerako herrietan ere lan asko egin dute. Arrasaten, esaterako, 13 lagunez osatutako taldea ibili da Mojategin, Eroski atzean, zikinkeria batzen. Arrasateko Ingurumen zinegotzi Josu Pereda "harrituta eta arduratuta" zegoen aurkitutako zabor kopuruarekin, eta baita aurkitutakoarekin ere; tartean, aparatu elektronikoak.

Arrasaten, 09:30ean Mojategin zuten hitzordua, eskularruak eta botak jantzi eta 10:45 inguruan lanean hasi ziren lanean. 13:30 inguruan bukatu zuten.

Guztira, 13 pertsona aritu ziren lanean eta bi ordu eta erdian 150 metroko ibai ertza garbitu zuten alde bietatik. Ondoren, merezitako hamaiketakoa egin zuten.

Garbitutako eremua izan zen Eroskiko atzealdea, errekaren bi aldeak.

Ateratako zaborra: gehien bat plastikoa, plastikozko poltsak. Baita latak eta plastikozko beste ontzi batzuk ere. Tarteka burdin zatiak, arropak, bizikleta bat eta Eroskiko karro bat ere agertu ziren. Lurrean aztarka hasiz gero ikusten da lur azpian plastikoak lurperatuta daudela, urteetan metatzen joan direnak.

"Badira hainbat hondakin nahita botatzen direnak errekara: bertan aparkatzen duten kamioilariek, esate baterako. Edo burdinak, bizikletak, eskonbroa edo seinaleak jaurtitzen dituztenak" adierazi dute Arrasateko Udaletik. Baina "gehiena da haizeak ekarritakoa", erantsi dute: plastikozko poltsak, gehien bat.

Monterron pareko berdegunean daude erakusgai atzo errekatik ateratakoak: eguen edo egubakoitzera arte egongo da erakusgai jasotakoa. Gero, burdina, egurra eta ahal den material guztia birziklatzera eramango da Garbigunera eta beste guztia zabortegira bideratuko da.


(Arrasaten zaborra errekatik batzen eta, goian, batutakoa, Monterronen).

Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere errekan eman dute goiza. Eskoriatzan, esaterako, zazpi lagun ibili dira Huhezi eta Jose Aranako inguruneak garbitzen. Besteak beste, igerilekuetan erabiltzen diren goma-apar arrosa atera dute erreketatik.

Herri guztietan batutako zaborra erakusgai jarri dute, debagoiendarrak jabe izan daitezen inguruko erreken egoeraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak