Gipuzkoako Ur kontsorzioak du, ofizialki, Epeleko araztegia ustiatzeko ardura

Miren Arregi Amasorrain 2013ko ira. 12a, 16:20

Espainiako Ingurumen Ministeritzak Epeleko araztegia ustiatzeko lagapena egin dio gaur Gipuzkoako Ur Kontsorzioari. Sinatze ekitaldian izan dira besteak beste, Federico Ramos Ingurumen estatu idazkaria, Ingurumeneko foru diputatu Iñaki Errazkin eta Gipuzkoako Ur Kontsorzioko presidente eta Azpeitiako alkate Eneko Etxebarria. Kudeaketa akordioa gaur goizean sinatu bada ere, ez da orain arteko lan egiteko modua aldatuko, hain zuzen ere, gaur arte ere Gipuzkoako Urak enpresak eraman baitu kudeaketa hori.

Sinatze ekitaldiaren ostean, araztegiko instalazioak ezagutu dituzte. Goian aipatutakoez gain, bertan izan dira Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Josean Galera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordea, eta Debagoienetik, Arrasateko alkate Inazio Azkagarraurizar, besteak beste.

Azkarragaurizarrek esan du, ingurumenaren aldeko apustu hau hasia dela dagoeneko emaitzak ematen: "Deba ibaiaren kutsadura maila jaistea lortu dugu eta, batez ere, bertako bizitza berreskuratzea lortzen ari gara". Dio, Arrasaten, aireko eta erreketako kutsadura murrizteko aurrerpausu handiak eman direla eta orain, lurzoruko kutsaduraren txanda dela: "Orain, lurzoruko kutsadura murrizteko pauso sendoak ematea dagokigu, eta lehen bezalaxe, bakoitzak bere alorretik erantzukizunez jokatzea".

Epeleko araztegiak, bestetik, duela urte bete ingurutik dihardu ehuneko ehunean lanean. Aretxabaletatik, Eskoriatzatik eta Arrasatetik datozen ur zikinak jasotzen ditu lehen kolektore batek, eta bigarrenak, ponpatze sistema baten bitartez, Oñatiko urak jasotzen ditu. Araztegian, ur horiek garbitzen dira gero berriz ere ibaira isuri aurretik. Urtean, 2.500 tonelada solido eta materia organiko hartuko ditu araztegiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak