Konpostajerako eta birziklatzerako, 107.000 euroko dirulaguntza Debagoienera

Leire Kortabarria 2013ko abu. 30a, 11:46

Debagoieneko udalek eta Mankomunitateak 107.004,07 euro jasoko dituzte denetara hondakin gutxiago sortzeko eta birziklatzea bultzatzeko proiektuetarako, Foru Aldundiaren Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren eskutik.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 940.000 euro ipini ditu aurten bi helburu horietarako, iaz baino % 72 gehiago. Hain zuzen, 65 proiekturen artean banatu du diru hori: udalek aurkeztutako 54 proiektu; mankomunitateek aurkeztutako bederatzi; merkataritza sozietate batek aurkeztutakoa, eta irabazi asmorik gabeko elkarte batena.

Hondakinen prebentzioaren dirulaguntza lerroan, auzo konpostagailuak jartzea edo etxean konpostatzea sustatzea helburu duten proiektuak lagunduko ditu Aldundiak. Denetara, 490.000 euro banatu ditu. Deialdi horretatik dirulaguntza jasoko duten udalen artean daude Debagoieneko honakoak:

  • Arrasateko Udala, "Auzokonpostajea Arrasaten - I. Fasea" izeneko proiektuarekin (7.802,63 euro)
  • Bergarako Udala, "Konpostajearen bidez hiri hondakinen sortze prebentziorako programa: Auzo konposta egiteko 4 gune prestatzea" delakoarekin (4.836,79 euro)
  • Elgetako Udala, "Elgetako hondakin organikoak gure herrian kudeatzeko ekimena" izeneko egitasmoarekin (28.962,93 euroko laguntza). Horrekin lotuta, Oxel Erostarbe alkateak sare sozialen bidez jakinarazi duen moduan, datorren astean hasiko dira Elgetako 40 familia hondakin organikoa auzokonpost guneetan kudeatzen. Kuboak gertu daude.
  • Eskoriatzako Udala, "Komunitateko konpostajea egiteko bi esperientzia berri Eskoriatzan" delakoarekin (4.624,16 euro)
  • Oñatiko Udala, "Auzo-konpostgintza eta auto-konpostgintza Oñatin" proiektuarekin (36.062,24 euro).
  • Debagoieneko Mankomunitateari 5.411,19 euroko laguntza adjudikatu dio Aldundiak, "Leintz Gatzagako konpostaje gune komunitarioak" izeneko proiektuarendako.

Ezestu egin ditu laguntza eskaerak Antzuolako eta Aretxabaletako udalen kasuan, lehenengoan aurrekontuaren mugak eta beste eskaeren lehentasuna argudiatuta, eta bigarrenean, dokumentazioa osatu gabe edo behar bezala bete gabe zegoelako. Dena dela, auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek irailaren 23ra arte.

Ekarpen-guneetarako, 450.000 euro

Birziklapena laguntzeko proiektuetarako 450.000 euroko dirulaguntza banatu da. Proiektu gehien-gehienek ekarpen guneak egitea aurreikusi dute; alegia, edukiontziak modu arrazionalagoan elkartzea eta zerbitzuaren eraginkortasuna areagotzea bilatzen dutenak –batez ere, landa guneetan-. Lerro honetan, Debagoieneko bi udalek jasoko dituzte dirulaguntzak: Bergarak, 11.704,30 euro, bi proiekturi laguntzeko -"Bergarako udalerriko zabor-ontzien egokitzapen lanak hondakinak gaika batzeko", 1.473,60 euro; eta "Bergarako Hirigune Historikoan hiri hondakinak gaika batzeko ekarpen zentroak", 10.230,70 euro- eta Elgetak, 7.599,83 euro, "Herrian sortzen den hondakin organikoa, herrian bertan kudeatzea" izeneko proiekturako.

Bestalde, dokumentazioa osatu gabe zegoelako edo behar bezala zuzendu gabe zegoelako, dirulaguntzarik ez ematea erabaki du Oñatiko Udalak aurkeztutako bi proiekturi. Dena dela, errekurtsoa ipintzeko asmoa dute udal arduradunek.

2016rako, hondakinen % 60 birziklatzeko helburua du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak