Txarteldun edukiontzi marroia probatuko dute Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko uzt. 19a, 14:55

Eskoriatzan hiri hondakinen sistemaren bueltan adostasunera heldu da Hondakinen Mahaian bildu den gehiengoa; hain justu, Bildu, Ezker Anitza-IU eta Eskoriatza Zero Zabor. EAJk ez du babestu, eta PSE-EEko ordezkaria ez da azken batzarrean izan. Prentsa ohar batean jakinarazi dute sistemak kontenedore marroia barne hartzen duela, komunitarioa izango dena eta sarrera kontrolerako txartelak erabiliko dituena.

 

Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, hondakinen bilketa sistema berriaren ezarpena mailakatua izango da. Horretarako, proba pilotua jarriko da martxan, eta "horretatik abiatuz eta datu errealetan oinarrituta", Eskoriatzarako eredurik "onena" bilatuko da. Sistema dagoenetan uztea edo zuzenketak egitea erabakiko dute orduan. Horren harira, oharrak honakoa dio: "Behin sistema balidatuta, herri guztira hedatuko da sistema hau".

Kezkei erantzuten

Oharrak dio adostutako proposamenak herritarrek helarazi dizkieten kezkei "guztiz erantzuten" diela: "Organikoarentzat ez da egutegi eta ordutegirik izango, eta ondorioz, usainarekin, arrainarekin, e.a. dauden beldurrak ez dira arazo izango frogatzerako garaian. Intimitatea eta estetika ere zaintzen dira, ekonomikoki bideragarria da eta mankomunitateko gainontzeko zerbitzuekin koordinatua dago". Idatziak nabarmentzen du sistema aurreko bileran sinatutako akordioaren helburuak lortzera bideratuta dagoela: %70eko bilketa selektibo tasa lortzera, hondakin organikoa derrigortasunarekin bereiztera eta errefusari ateak ixtera. 

Irailean xehetasun gehiago

Oharrak gaineratzen duenez, irailean emango dituzte sistemari buruzko xehetasun gehiago eta parte-hartze prozesuak ere jarriko dituzte abian, bizilagunei hobeto azaltze aldera.

Uztailean 11n, sistema berriak izan beharreko helburu eta ezaugarrien gaineko akordioa sinatu zuen Hondakinen Mahaiko gehiengoak: Bildu, Ezker Anitza-IU, PSE-EE eta Eskoriatza Zero Zabor taldeek. EAJ alderdiak eta Eskoriatza Garbia plataformak ez zuten akordioa sinatu, mahaiko partaide baziren ere. Plataformak, gainera, iragarri zuen mahaia uzten zuela.

Hondakinen arazoari irtenbidea emateko asmoz eratu zuten mahaia eta, helburu eta ezaugarrietan adostasunera helduta, orain sisteman jarri dira ados.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak