Hondakinen %70 birziklatzeko akordioa lortu dute Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko uzt. 10a, 20:42

Eskoriatzan osatu den Hondakinen Mahaia akordiora iritsi da hiri hondakinen sistema berriak izan beharreko helburu eta ezaugarrietan. Bildu, Ezker Anitza-IU, PSE-EE eta Eskoriatza Zero Zabor taldeek adostu dute; aldiz, EAJ eta Eskoriatza Garbia plataformak ez dute akordioa sinatuko, mahaian parte hartu izan badute ere. Plataformak, gainera, iragarri du mahaia utzi duela.

Bildu, Ezker Anitza-IU, PSE-EE eta Eskoriatza Zero Zabor taldeak adostutako akordioak bost puntu ditu. Horrela diote, hitzez hitz:

  • "Ahalik eta gehien birziklatze aldera, egungoa baino emaitza hobeak lortuko dituen hiri hondakinen kudeaketarako sistema baten alde egitea berresten dugu, bilketa osasungarri, jasangarri eta bideragarriaren alde, alegia. Horrela, gutxienez, %70eko gaikako bilketa maila lortzea ziurtatuko duen sistema ezarriz.
  • Bilketa sistema berrian materia organikoa berezita jasoko da derrigorrez, frakzio hori baita ugariena gure zabor poltsetan, eta arazo gehien ematen duena zabortegietan.
  • Era berean, errefusa ezingo da 24 orduz eskuragarri egon, hau da, ordutegia eta egutegia izan beharko ditu, bere garaian finkatuko direnak.
  • Erabakitako sistema ezarri baino lehen, hondakinen kudeaketaren berri emango da, informazio egiazkoa, gardena eta objektiboa emanez. Lehenengo kanpaina Zer egiten da gaur egun Eskoriatzako zaborrarekin?lemapean egingo da, eta behar beste kanpaina egingo dira helburua lortu arte.
  • Sistema ezarri ondoren, aldiro ikuskatuko da jarritako helburuak lortzen diren ikusteko; horrela ez balitz, beharrezko hobekuntzak eta aldaketak  egingo dira".

Bildu: "Garrantzitsuena da emaitzak lortzea"

Bildutik "oso positiboki" baloratu dute akordioa. Beñat Herce alkateak nabarmendu du "garrantzitsuena" emaitzak lortzea dela, eta "ez hainbeste" nola heldu horietara. Honakoa esan du: "Sistema eraginkorrena atez atekoa dela pentsatzen jarraitzen dugu, baina prest gaude beste sistema adostu batera heltzeko, betiere helburuetara bideratuta badago". Bestetik, "penaz" hartu du EAJk eta Eskoriatza Garbiak akordioa sinatu ez izana: "Benetan birziklatzearen alde egonez gero, sinagarria dela uste dut, eta mahaian parte hartzera gonbidatzen ditugu".

PSE-EE: "Plataformaren adierazpenak bidegabeak dira"

Ildo beretik, PSE-EEk errespetua erakutsi du Eskoriatza Garbiak mahaia uzteko erabakiaren aurrean, baina bidegabetzat jo ditu plataformak mahaia osatzen duten alderdiei buruz esandakoak. Sozialistek azaldu dute eurek urteak daramatzatela atez atekoaren kontrako eta bosgarren edukiontziaren aldeko proposamenak egiten; are gehiago, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako Hiri Hondakinen Kudeaketa Planarekin bat egiteko ere eskatu diotela Udal Gobernuari. Horregatik, adierazpen horiek "bidegabeak" direla adierazi dute.

Ezker Anitza-IU: "Akordioa positiboa da"

Azkenik, Ezker Anitza-IUk "modu positiboan" baloratu du Hondakinen Mahaia osatu izana, hark duen pluraltasunarengatik. Baina Merino bozeramaileak ere "penaz" hartu du Eskoriatza Garbiakoek mahaia utzi izana "jarrera umekoi batengatik". Salatu gura du "herritarren sinaduretan babestuta egia osoaren jabe" direla uste dutela haiek. Bestalde, akordioa bera ere "positiboa" dela dio, %70eko birziklatze maila adostu dutelako. Eta herrikideei eskatu die informazio kanpainan parte har dezatela, "ados egon edo ez".  

Eskoriatza Garbia: Bosgarren edukiontzia bakarrik

Esan bezala, Eskoriatza Garbia plataformakoak ez daude ados eta Hondakinen Mahaia uztea erabaki dute. Plataformako bozeramaile Rafa Salidok salatu du hiru batzarretan parte hartu dutela, eta hirugarrenean jakin zutela Hondakinen Mahaia zela. Bestetik, gogorarazi du ia 1.500 eskoriatzarren sinaduraren babesa dutela, eta hortaz, ez dute ondo ikusten mahai horretan parte hartzen duten gainerako eragileen "pisu" bera izatea. Azkenik, nabarmendu dute 1.500 herritar horiek bosgarren edukiontziaren alde sinatu dutela, eta sistema hori baino ez dutela onartuko. Honakoa esan digu Salidok: "Eskoriatzarrek horren alde sinatu dute, eta guk hori baino ezin dugu defendatu; leialak izan behar gara. Beste sistema bat onartuko bagenu, beste plataforma bat osatu beharko genuke".

EAJ: Mahaiaren funtzionalitatea zalantzan

Bestalde, alderdi jeltzalearekin ere jarri gara harremanetan. Akordioa ez sinatzeko taldeak dituen arrazoien ebrri eman dizkigu Aitor Urrutia zinegotziak. Batetik esan digu %70eko gaikako bilketa mailarena ez duela garbi ikusten, beste hainbat herritan ehunekoa ezberdina delako. Adibide moduan Zumaia jarri du; bilketa %80koa izatea adostu dutela esanez. Bigarrenik, azpimarratu du ez daudela konforme derrigortzearekin. Hirugarrenik, galdegin du mahaia horren funtzionalitateaz. Horren harira, honakoa aipatu du: "zerbitzu mankomunatua bada ere, Debagoieneko herri bakoitza bere kabuz dabil erabakiak hartzen". Laugarrenik, salatu du elizateetan ez dela atez atekoa jarriko.

Dena dela, akordioa sinatu ez badu ere, adostasuna lortzeko "borondate osoa" agertu du, eta Hondakinen Mahaian parte hartzen jarraituko duela gaineratu du.

Datorren astetik, sistemaz eztabaidatzera 

Akordioak dio bilketa moduari dagokionez ados ez badaude ere, arazoari irtenbidea eman beharra dagoela, eta hori dela-eta erabaki zutela Hondakinen Mahaia osatzea. Horrela dio lortutako akordioak: "Uste dugu gaur egungo arazoari irtenbidea eman behar zaiola, eta irtenbide hori hondakinak murriztu, berrerabili eta gaika biltzetik etorriko dela. Hori horrela, ez da zalantzan jartzen hondakinak biltzeko egungo sistema hobetu behar dela". Datorren asteko batzarrean hasiko dira sistemaz eztabaidatzen.

Akordioaz eta martxan jarri behar den informazio kanpainaz berba egiteko agerraldia egiteko asmoa dute bihar, eguena, arratsaldean, akordioaren sinatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak