Zazpi urte eta gero, bizikleta bideen sarea osatzeko plana zehaztuta geratu da

Ander Larrañaga 2013ko eka. 5a, 20:31

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana (GBBLAP) onartu dute Batzar Nagusiek. Alderdi guztiek babestu dute foru araua. Biztanleriaren mugikortasun ohituren aldaketak ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik adierazi du motorrik gabeko mugikortasunaren aldeko jarrera, horregatik, bizikleta bideak antolatzeko eta eraikitzeko eta bizikleta alternatiba gisa bultzatzeko ekimenak egin dira urteotan.

Diputatuen Kontseiluak otsailean onartu zuen plana eta Batzar Nagusian plana aurkeztu, jendaurrean jarri eta zuzenketak jaso eta aztertu ostean, gaur onartu da plan hau jasotzen duen foru araua.

Larraitz Ugartek, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, prozesu zabala eta emankorra izan dela adierazi du, hainbat eragilek parte hartu baitute. Ugartek dioenez, herriak lotzen dituen sarea funtsezkoa da eta hau planifikatu, eraiki eta zaindu behar den zerbait da. Bidegorrien onura soziala ere azpimarratu du; gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da hauen erabilera eguneroko zereginetan, adibidez, lanera edo ikastetxera joateko. Herrialdearen bateratzerako den onura eta ingurumenaren ikuspuntutik duen onura ere apimarratu gura izan du Ugartek, izan ere, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu bidegorriak autoa etxean lagata.

Helburuak

Lurraldearen Arloko Planak (LAP), ondoko helburuak ditu:

  • Foru bizikleta bideen sareari dagokionez, helburu nagusiak zehaztea.
  • Bizikleta bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea.
  • Aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lortzearren, egin beharreko jarduera programak zehaztea.

Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea jasotzen du planak, sare hori definitzen du. Oinarrizko sare horretan bi zati bereizi daitezke: Oinarrizko Foru Sarea eta Oinarrizko Udal Sarea. Foru Sarearen kasuan arauak izaera loteslea du, eta Udal Sarearen kasuan gomendiozkoa.

Proiektuan bederatzi ibilbide agertzen dira bi laurtekotan banatuta, eta ibilbide horietako batzuren zatiak aurreragoko berrikuspen baterako uzten dira. Ibilbideak ondokoak dira:

  1. ibilbidea: Donostia-Irun
  2. ibilbidea: Donostia-Mutriku
  3. ibilbidea: Donostia-Beasain
  4. ibilbidea: Debarroa
  5. ibilbidea: Urola bailara
  6. ibilbidea: Bergara-Beasain
  7. ibilbidea: Bidaso bailara
  8. ibilbidea: Leitzaran bailara
  9. ibilbidea: Ego bailara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak