Hondakinen %35,9 birziklatu zuten debagoiendarrek iaz, Aldundiaren arabera

Goiatz Arana Begiristain 2013ko eka. 5a, 18:23

Eskualde guztietako datuak plazaratu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa departamentutik. Datu horietatik abiatuta, "gipuzkoarrek iaz hondakinen %33 birziklatu" zutela adierazi dute, eta Ingurumeneko diputatu Iñaki Errazkinek gehitu du "asko" dugula egiteko. 2016rako % 60 birziklatzeko deia egin du.

"Gipuzkoarrek hondakinen %33,4 birziklatu zuten 2012an", Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak jakinarazi duenez. Mankomunitateek emandako datuak bildu ditu departamentuak, eta Iñaki Errazkin diputatuak esan duenez, "nabari da oraindik ere asko dugula egiteko".

Emandako datuen arabera, mankomunitateka, Txingudik % 29,9 birziklatu zuen iaz; San Markok, % 35,2; Tolosaldeak, %32,9; Sasietak, % 36,3; Debagoienak, % 35,9; Debabarrenak, % 22,7; Urola Erdiak, % 32,9; eta Urola Kostak, % 37,5. Gipuzkoa osoak, %33,4.

Igoera "txikia"

Orain bi urte, 2011n, Gipuzkoan, hondakinen % 31,7 birziklatu zirela diote Aldunditik eta, beraz, urtebetean birziklapenak igoera "txikia" izan duela, "soilik puntu eta erdi pasatxo" hobetu dugulako: "Argi dago hazkundea moteldu dela eta oraindik ere asko dugula egiteko. Europako herri eta eskualde askotan %70eko edo %80ko birziklatze maila dute; gipuzkoarrok, aldiz, ez gara erdira ere iristen. Badugu aurrera egiteko oinarria, baina baita bide luzea egiteko ere", adierazi du Iñaki Errazkinek.

Gipuzkoan, azken urteotan, hondakinen arazoari arduraz eta iraunkortasun eta eraginkortasun irizpideen arabera heltzeko esperientzia interesgarriak sortzen ari direla, eta ondorengo urteetan jarraitu beharreko bidea hori dela gaineratu du Errazkinek: "Gure lurraldean, badira %70etik gora birziklatzen duten herriak, badira mota horretako konpromisoak hartzen ari direnak; beste batzuek Zero Zabor norabidea hartu dute, hainbat esparrutan –ikastetxeetan, Basque Culinary Centerren…– Kontzientziazioa zabaldu da, birziklapenaren gizarteranzko bidea egiten ari gara. Baditugu, beraz, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko tresnak".

"2016rako, %60"

Ingurumeneko diputatuaren hitzetan, konpromiso pertsonala eta kolektiboa behar da helmugara iristeko. "Helburua jarrita dago, eta lehen geltokia 2016an dugu: % 60 birziklatu behar dugu ordurako. Hori erabat egingarria da, baina helburua lortzeko, denok ahalegin txiki bat egin behar dugu: instituziook, alderdi politikoek, jendartearen eragileek, eragile ekonomikoek, herritarrek… Konpromisoa hartu eta koherentziaz garatu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak