Nerabeak Facebook-en aspertzen direlako arduratuta dago Zuckerberg

Jon Berezibar 2013ko mar. 6a, 10:23

Mark Zuckerberg-ek, sustatzaile eta zuzendaria, dio jada nerabeentzako Facebook ez dela interesgarria. Halaxe jakinarazi die inbertsoreei urteko txostenean. Hain zuzen, Facebook-en antzekoak ala haren ordezko izan daitezkeen zerbitzuetara jotzen dutela dio eta horrek “negozioari epe ertainera kalte egin” diezaiokeela jakinarazi die inbertsoreei. Negozio aukera berrien bila jo behar dute, hortaz. Argazki eta bideo laburretan oinarritutako zuzeneko mezularitza aplikazioak dira, joerek agintzen dutenez, nerabeen artean arrakasta duten sareak.

Snapchat da Estatu Batuetako nerabeen artean gaur egun horren bogan dauden zerbitzu horietako bat. Argazkietan oinarritutako zuzeneko txat aplikazioa da Snapchat, Instagram-en antzerakoa baina, esan moduan, txat-erako funtzioarekin. Milioika erabiltzailerekin ere, aurrera begira gazteen artean Facebook-ek duen “aspergarri” irudiak arduratzen du Mark Zuckerberg.  Garai baten Myspace baztertu zen moduan Facebook alde batera utziko duten beldurrez, gazteenen artean irudia hobetzea ezinbestekotzat jotzen dute Facebook-en. Euren jabetzakoa den Instagram-en lukete orain, hortaz gakoa.

 

Oraindik ere milioika eta milioika erabiltzaile

Hamar urte beteko ditu aurki Facebookek eta 10.000 milioi erabiltzaileen muga gaindituko du zerbitzuak. Hazkundea itzela izan da urteetan, mundu mailako lehen sare soziala da baina animaliako neurri hori arazo izan daiteke, batez ere, kritikoak izan daitezkeen erabiltzaile poltsetan asmatzen ez badute. Adituek luze eta zabal dihardute fenomenoa aztertzen eta gehienak bat datoz nerabeen artean dagoen pertzepzio horretan masifikazioak eragin handia duela. Kontaktu pilaketak eta lagun eskaera guztiak, edukazioarengatik bada ere, onartu behar izateak sare sozialaren erakargarritasunari kalte egiten dio azken finean eta erabiltzailearen hormak harekin zerikusirik ez duten mezu eta edukiz josita bukatzen du.

Negozio ereduan ere ezin asmatu

Negozioaz arduratuta dago Zuckerberg, baina, hain zuzen, enpresa eta marka ezberdinek ere ez dute oraindik asmatu sare sozialei etekin ekonomikoa ateratzen eta askok diote nekeza eta garestia dela bertan jardutea. Ikuspegi teknikotik ere diseinua oso barrokoa eta funtzionaltasun gutxikoa dela diote diseinatzaile askok eta askok, nabigazio zailekoa gaur egun dituen osagarri guztiak kontuan hartuz gero. Hamar urte eta gero, baliteke krisi bati aurre egin beharko diola aurki Facebook-ek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak