"Twitterren gabiltzan euskaldunon lorpena izan da"

Leire Kortabarria 2012ko abu. 7a, 18:32

Lander Arbelaitzek lagundu du Twitterren tresnak euskarara itzultzen, eta abuztuaren 6a ezkero erabil daiteke Twitter euskaraz. Emaitzarekin "oso pozik" dagoela onartu digu.

Azkenean sarean da zuen lanaren emaitza. Gustura?
Bai, ni pozik nago. Nabarmenduko nuke euskaldunon komunitateak lortu dugun zerbait dela, eta oso pozik nagoela lan horretan parte hartu dudalako.

Mundu mailako enpresa batek bere lehenengo 34 hizkuntzen artean euskara sartzea, denen artean txikiena, dudarik gabe, eta estatu gabeko hizkuntza bat gainera, oso pozgarria da. Bere neurrian hartuta, baina zerbait handia lortu dugula uste dut. Aurrerantzean, buruari eman eta antzeko gauza gehiago egiten hasi beharko genukeela uste dut. Zerbaitetan bagabiltza, baina oraindik ezin dugu ezer esan.

Zorion-mezu asko jaso dituzue Twitter bidez eta jendea badabil komentatzen zer duen gustuko, zer ez…
Bai. Itzulpen baten, termino bat modu askotara itzul daiteke; itzulpen literala egin daiteke, edo tuit, adibidez, txio itzuli. Beti egongo da gustatzen ez zaion norbait. Baina, azkenean, horrela atera da, eta kasuren batean, bozketa eta guzti egin behar izan genuen erabakia hartzeko. Ni oso pozik geratu naiz emaitzarekin. Beti egongo dira akatsak eta zer hobetu. Baina adibidez, katalanera itzuli zutenean, blog baten kritika hau irakurri nuen: oso itzulpen sosoa zela, literal-literala… eta gure kasua ez da hori. Batzuek maitasun handiz egin dute, ahalegin handia izan da eta, nire ustez, oso ondo geratu da.

Zalantza handiak izan dituzue?
Tuit eta txio aukeren artean izan genuen zalantza handiena. Izan ere, bakoitzak bide batera edo beste batera behartzen zaitu: tuit-ek retuit eskatzen du. Baina Sustatu.com-en bozketa egin zenean, txio-k irabazi zuen alde handiarekin, eta ni pozten naiz. Euskarazko bertsioak bere ukitua dauka, bai.

Berba egiteko moduan igarriko dela uste duzu? Trending topic esaten dugu, adibidez…
Oraindik kostatuko da. Nik uste dut, azkenerako, bere garaian a bildua izena erabiltzen hasi zenean moduan gertatuko dela. Sartzen bada, jendeak erabiliko du hitza, eta ez bada erabiltzen, formalismo moduan geratuko da eta listo. Baina garrantzitsuena da tresna guztiak euskaraz daudela eta Twitterren lehenengo 34 hizkuntzetan euskaraz egotea lorpen bat dela. Gainera, aurrerantzean datozen guztiondako, txio eta halakoak normalak izango dira, gure belaunaldikoondako marrazki bizidunak euskaraz izatea normal-normala zen moduan.

Lankideekin partekatu dituzu lehen inpresioak?
Oporretan nago eta ez dut eurekin hitz egin, baina imajinatzen dut jendea pozik dagoela. Nik ere izugarrizko poza hartu nuen euskaraz zegoela jakinarazi zutenean. Beste gauza asko itzuli dira, Facebook eta beste batzuk… Baina Twitterren kasuan, kanpaina egon da tarteko, eta jendeak hartu du berari eragingo balio moduan. Azkenean Twitterren euskaraz gabiltzan guztiok ados geunden, eta jendeak pozik hartu duela uste dut.

Beste ezer gaineratu nahi…
Jendea animatu nahiko nuke. Euskaldun guztiok, behintzat, euskaraz izan beharko genuke Twitter, sekulako lana izan da eta… Bestalde, oso ondo dago Twitterreko tresna guztia euskaraz izatea, baina azken-azken helburua, ezin dena garrantzian konparatu, da euskaraz idaztea. Tresna izan dezakegu euskaraz, baina ez bada euskaraz tuiteatzen ez da ezer lortu, bakarrik kanpora begira mapan puntu bat jartzea; baina askoz garrantzitsuagoa da puntu horretan bizi den jendeak euskaraz hitz egitea. Itzulpen honek buruari eragiteko balio du beharbada: hizkuntza modernoa eta dinamikoa dugula eta tresna berrietan dagoena. Baina ezin gara mugatu tresna soilik euskaraz izatera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak