Batzordeak osaera zabala izango du eta 45 kidek parte hartuko dute, orotara. Juan Karlos Alduntzin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatua izango da lehendakaria, eta Aldundiaren izenean Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak ere parte hartuko du. Horiekin batera, Batzar Nagusietako talde guztietako kideak izango dira bertan: Bilduren izenean, Iñaki Azkarate; Eusko Abertzaleen izenean, Xabier Ezeizabarrena; Euskal Sozialistak taldearen izenean, Denis Itxaso; Talde Popularrarenean, Jose Maria Murguiondo; eta Aralarrenean, Rebeka Ubera. Mankomunitateei dagokienean ere, guztiak egongo dira ordezkatua: Debagoienekotik Leire Egaña joango da.
Politikatik harantzago, zenbait gizarte eragilek parte hartuko dute batzordean: Adegiko ordezkari Patxi Sasigain, ELAko Ainhara Plazaola, LABeko Galder Sierra, Dendartean elkarteko Jesus Uriarte eta Ostalaritza Elkarteko Kino Martinez, esaterako. Horiez gain, udaletako, Eusko Jaurlaritzako, GHK-ko, unibertsitate munduko eta ingurumenarekin zerikusia duten elkarteetako ordezkariak ere izango dira batzordean.
Funtzioak
Batzorde horrek zenbait funtzio izango ditu. Besteak beste:
- Batzordeari dagokio abian dagoen plangintza interpretatzea, eta egiten ari den bilketa guztia aztertzea, bai plangintza orokorrari dagokionean, bai kudeaketarako hartzen diren erabakiei dagokienean; analisia eta ebaluazioa egitea dagokio, beraz, hondakinen kudeaketa, uneoro, lurraldearen benetako beharretara egokituta egon dadin.
- Hondakinen kudeaketa orokorraren alorreko politikak aztertuko ditu, beti ere udaletan hartutako erabakiak kontuan hartuta. Plangintza benetako egoerara egokitzen den aztertuko du.
- Beste batzuk ere izango ditu: arautegi aurreproiektuei, planei eta proiektuei proposamenak egitea; hondakinen kudeaketari buruzko iritzia ematea; lanei eta programei buruzko aholkuak ematea; garapen iraunkorrari buruzko neurriak proposatzea, hezkuntzako neurriak proposatzea; eta herritarren partaidetza sustatzea.
Gipuzkoako hiri hondakinen prebentzio eta kudeaketarako batzordeak egindako proposamenak irizpidetzat hartuko dira. Horrez gain, Ingurumeneko Departamenduak batzordeari jakinaraziko dizkio hondakinen kudeaketaren inguruan hartutako erabakiak.
Batzordeak parte-hartzeari ere atea irekiko dio.