"Europako Batzordeak adierazi du errausketa eta isurketa garestitzen edota debekatzen diren neurrian birziklatze mailak igo egiten direla eta, horregatik, hondakinak lehengai gisa hartzea aholkatzen du, urrea izango balira bezala", azaldu dute Ingurumen sailetik.
Prentsa oharrak jasotzen duenez, hondakinen ekoizleei eskatzen die ahalegin berezia egin dezatela eta erraztasunak eman ditzatela, gaikako bilketa eraginkorragoa izan dadin, eta birziklatze maila handia duten herrialdeak goraipatzen ditu. "Hondakinen bizitzaren ziklo osoan eragiteari ezinbestekoa deritzo Europako Batzordeak".
Dioenez, baita ere, denborarekin irizpideak eta legeak zorroztu egingo direla iragarri du Batzordeak, eta hori kontuan hartu behar dutela Europako Batasuneko kideek. "Azken batean, Gipuzkoako Aldundiak, udal gehienek eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak abiatutako ereduarekin bat dator txostena. Gipuzkoan zero zabor eredu duten politikek gero ezarriko diren neurriei aurrea hartu nahi diete. Alegia, Gipuzkoan orain planteatzen ari den bidea, ezinbestean, Europako Batasun guztian aplikatu beharko dute geroago".
Gaineratzen du Europako Batzordeak garbi esaten duela errausketak eta zabortegiek ez diotela birziklapenari mesederik egiten eta, horren harira, Juan Karlos Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zera adierazi du: "Nola da posible Europako Batzordeak dioena hemen deabrutzea? Nola da posible atez atekoak %80ko birziklatze maila lortu arren, kontra egotea? Nola da posible lehengaiak erre nahi izatea, Europan urrea direla esaten denean?"
"Aitzindariak gara"
Alduntzinen esanetan, hondakinak "aukera" dira garaiotan, eta aukera horri heltzen jarraituko dute Gipuzkoan: "Erakundeen politika aktiboekin, %70eko birziklatze maila lortzen dute gurean baino herrialde handiagoetan. Aitzindariak gara. Europan proposatzen dena indarrean jartzeko lehen urratsak ematen ari gara Gipuzkoan. Biharko Euskal Herria ari gara gaur Gipuzkoan eraikitzen".
Europako Batzordearen dokumentazioa aztertuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egiten die eragile politikoei "zentzuz" joka dezaten: "Hondakinen kudeaketa eraginkor batek guretzat eta gure herriarentzat onurak besterik ez ditu ekarriko", dio Alduntzinek.
El Salvadorren atez ateko sistema jarri duen ordezkaritza bati harrera egin dio Aldundiak
El Salvadorreko Chalatenango departamenduan, Amuchades Mankomunitateak atez ateko bilketa sistema jarri du abian, Euskal Fondoak lagunduta, eta, orain, Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko esperientzia gertutik ezagutu nahi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Ingurumeneko diputatua, Ainhoa Iraola Ingurumeneko zuzendaria eta Arantzazu Santos lankidetza zuzendaria izan dira harrera ekitaldian; Amuchades Mankomunitatearen izenean, Pablo Martinez Molina idazkaria eta Jose Luis Perez gerentea.
Jose Luis Perezen esanetan, atez ateko bilketak emaitza onak ekarri dizkio eskualdeari. %80ko birziklatze tasa lortu dute eta gero eta udalerri gehiago ari dira sartzen ekimenean; dagoeneko 15 udalerrik egin dute bat mankomunitatean eta, guztira, 70.000 lagun bizi dira bertan. Mankomunitateak egindako konposta herritarrek hartzen dute, etxeko baratzetan erabili ahal izateko. Sistemaren onura ekonomikoak nabarmendu dituzte eta baita jendea kontzientziatzeko lan handia egin ere.
El Salvadorreko atez ateko esperientzia oso interesgarria iruditu zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Ordezkaritza Euskal Fondoaren eskutik etorri da, eta domekara arte izango da Gipuzkoa bisitatzen.