Pribatutasun arazoei orain "errobot lagunen arriskuak" batu behar zaizkie Facebooken. Columbia Unibertsitateak eginiko azterketa baten benetako profilak imitatzen dituzten "errobotek" osatutako sareak antzeman dituzte, profiletatik erabiltzaileen datuak lapurtu eta spam eta phishing saiakerak egiteko. 102 ordenagailuk osatutako sarea sortu dute. Sare horretan 3.055 Facebookeko lagun lortu eta 46.500 e-posta eta 14.500 kaleko helbide eskuratu dituzte socialbot horiek. Datu horiek gainera merkatu beltzean erraz saldu ei daitezke eta programa bera eskuratu 24 dolarren truke.
Lagun imitatzaileak
Profil faltsuak sortu ala benetakoak okupatu eta lagunak egiten dituzte socialbot delakoak. Ostean, kontaktu horren lagunen portaera imitatzen hasten da socialbot-a. Hortik eskuratzen ditu erabiltzailearen datuak eta horrez gain hark bisitatzen dituen webguneak imitatuz, gune faltsuak sor ditzake, datu pertsonak eskuratzeko, phishing delakoa, eta, esate baterako, banketxeko datuak eskuratu.
Kontrol falta
Facebookek profil berriak sortzeko unean dituen erraztasunez baliatzen dira errobot hauek kontuak sortu eta kontaktuak egiten hasteko. Facebookentzat ere kontrolatzea zaila da errobota ze haien portaera pertsonen oso antzerakoa da, mezuak eta argazkiak partekatzen eta lagun eskaerak egiten baitituzte, gainontzeko erabiltzaileek bezala. Columbia Unibertsitateko ikerlari taldeak 102 ordenagailuk osatutako sarearen jarraipena eginez jakin ahal izan dute errobot hauek gauza direla profila zabaldu eta kontatu baten kontutik minutu gutxitan datu pertsonalak eskuratzeko. Aipatutako datuak gainera 8 astetan eginiko jarraipen batekoak besterik ez dira baina sareak askoz ere lehenagotik dihardute profilak sortu eta datu pertsonalak lapurtzen. Facebookeko profil faltsuen aurkako alarma ere ez zen piztu, egunean 25 kontaktutik behera egiten baitzituzten lagunek, segurtasun neurri hori piztu aurreko kopurua. Normalean, eskuratutako datuak spamerako erabili ohi direla eman dute jakitera ikerlariek baina kaleko helbideak ere eskuratu ahal izan dituztela azpimarratu gura izan dute Columbiako Unibertsitatetik.
Facebookekoen erantzuna
Facebooketik erantzun dute ikerketa bera "oso etikoa ez" dela eta iruzurraren aurka egiteko daukatzen sistemak defendatu dituzte. Euren buruak defendatzeko esan dute alarmak ez zirela piztu ikerketa egiten zebilen zerbitzaria bera unibertsitekoa zelako eta "seguru" moduan zeukatela identifikatuta.
Edozelan ere, sekula ere ez dago sobera lagun eskaera arraro ala ezezagunei arreta berezia jartzeko eskaera eta edozein portaera susmagarriren aurrean Facebooken bertan aurki daitezke salaketa bideak erabiltzea.