Gazteen oporraldietarako, Internet ia ezinbestekoa da

Leire Kortabarria 2011ko api. 6a, 02:00

Udaberriko oporretara ailegatu ez garen honetan, gazte asko dagoeneko udako planarekin pentsatzen hasiak dira. Hala, Debagoieneko euskara elkarteak eta udalak dagoeneko badabiltza udaleku irekiak antolatzen, eta Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere urtero antolatzen dituzten gazteendako ekintzak ere iragarri dituzte; ez hori bakarrik, Foru Aldundiaren 7 eta 13 urte artekoendako udalekuetarako izenematea dagoeneko itxita dago, baina beste ekintza askorako izena eman daiteke oraindik, edo aurki irekiko da epea.

Hamaika aukera daude: 14 eta 17 urte artekoendako oporraldiak;  hizkuntza udalekuak; begirale izateko aukera; aterpetxe batera joatea; nekazal turismoak Euskal Herrian edo Espainian; kirol bateko edo besteko meeting-ak; norbere kasa Europa ezagutzera joatea; eta, gero eta gehiago, auzolandegietara, kooperante gisa lan egitera edo garapen proiektuetan parte hartzera. Horien guztien gaineko informazioa emateko gertu daude Gazte Informazio Zerbitzu bulegoak. Debagoienean halako bi dauzkagu: bat Oñatin eta bestea Arrasaten.

Bulego horiek Gipuzkoa osoan sarea osatzen dute. Eurendako gero eta lan-erreminta garrantzitsuagoa da Internet. Hortik jaio zen Uda Txoko. Arrasateko bulegoko gazte informatzaile eta arduradun Dorleta Kortazarrek dioskun moduan: "Gipuzkoako gazte zerbitzuok ikusi genuen beharrezkoa zela informazio guztia zentralizatzea, aisialdiko eskaintza eta kontsultak oso ohikoak direlako, batez ere data hauetan. Gure lanerako tresna lagungarria zen, baina interesgarria zen ere edozeinek ikusteko moduko zerbait izan zedin".

Gazteak Lankidetzan beka

Uda Txoko atarian, hainbat herrialdeko erakundeek eta Gipuzkoako Astialdi Foroko taldeek antolatutako udako ekintza eta programei buruzko informazioa dago: udalekuak eta hizkuntza udalekuak, udako lan eskaintzak (adibidez, begirale lana), auzolandegiak, brigadak, eta lankidetza eta bidaia solidarioak.

Elkartasuna eta aisialdia lotzea ohiko bihurtu da. Kortazarrek honela dio: "Jendea gero eta gertuago dago udan, oporretan turismoa egitera joan barik, auzolandegietara edo bidaia solidarioetara joateko. Kontzientzia gero eta handiagoa dago beste errealitate batzuk ezagutzeko eta, gero, errealitate horien gaineko gizarteratze-lana egiteko".

Hain justu apirilaren 1ean, egubakoitzean ireki zen "oso programa interesgarri" baten izena emateko epea, Dorleta Kortazarren hitzetan: "Eusko Jaurlaritzak urtero jartzen du martxan Gazteak Lankidetzan programa. Ehun beka ateratzen ditu garapen bidean dauden herrialdetan lankidetzan lan egiteko. Oso aukera polita da, izan ere, bidaia, egonaldia eta beste gastu guztiak Jaurlaritzak ordaintzen ditu. Egoten da jendea deialdi honen zain ere". Izena eman gura duenak informazio gehiago eska dezake Gazte Informazio Bulegoetan edo www.gazteaukera.euskadi.net webgunean.

Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailaren webgune horretan ere, gobernuaren gainerako aisialdi eskaintzaren berri jaso daiteke: esaterako, beste batzuen artean, auzolandegien gaineko atal bat dago –horietarako izenematea ere apirilean edo maiatzean irekiko da–, aterpetxeen inguruko beste bat, eta Interrail bidez bidaiatzearen gaineko beste bat.

Gaztetxoendako egonaldiak

Izenemate epea gaur, eguaztena, irekiko da Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Oporraldiak programarako, eta 15era arte izango da horretarako aukera. Oporraldiak 14 eta 17 urte arteko gaztetxoendako da. Zazpi edo hamar egunen bueltako egonaldiak dira, Euskal Herrian edo Espainian. Debagoienean, izena eman daiteke Arrasateko edo Oñatiko gazte informazio bulegoetan edo Bergara, Eskoriatza edo Aretxabaletako udaletxeetan. Beste aukera da, jakina, Internet bidez izena ematea.

Presa barik

Aukera horien eta beste askoren gaineko informazioa emateko gertu daude Gazte Informazio Bulegoetako teknikariak. Hantxe dituzte ere, urte osoan, hainbat esku-orri, mapa, gida turistiko… oro har, bidaia bat prestatzeko kontsultatzeko tresnak.

Bidaiatu gura duten gazteendako txartelak tramitatzen ere hasi direla esaten du Kortazarrek: "Ikasle txartel internazionalak eta aterpetxe-txartelak bulegootan egiten dira, eta horiek egitera etorri dira dagoeneko gazte batzuk; baina, oro har, Aste Santura edo udara begira, jendea lasai dabil".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak