Debagoienerako Bus Rapid Transit edo bus azkarra delakoa lantzen diharduzue, ezta? Zein puntutan dago proiektua?
Bi zati ditu proiektuak: batetik, herrien arteko zatia eta, bestea, herri barrukoa. Alternatiba ezberdinak aztertu ditugu; izan ere, zeharo bikoiztea errepidea, herri eta erreka ondoan doala, konplikatua zen guretako. Eta ingurumen aldetik ere ematen zituen arazoak askoz ere gehiago ziren onurak baino. Foru aldundiak zehaztuta dauka herrien arteko proiektua. Kasu batzuetan, errailen erdian busarendako erraila egitea planteatzen da. Bidegurutzeetan eta biribiletan, lehentasuna ematen zaio, beti, autobusari. Eta, litekeena da, errotonda erdi-erdietatik joatea autobusa.
Eta herrietan?
Bai, beste zatia da herrietakoa. Kaleak gehiegi zabaldu gabe eta bestelako obra handirik egiteke, saiatu gara proiektua egingarri bihurtzen. Baina herri bakoitzak erabaki behar du neurri horiek hartu daitezkeen edo ez. Izan ere, esate baterako, egunez aparkalekuak kentzea ekartzen du-eta. Martxoaren amaieran berriro elkartu, iritziak jaso eta erabakiko dugu aurrera egin edo ez proiektuarekin. Zer egin, zela egin eta ze epetan.
Ze tartetan jarriko litzateke bus azkarra?
Ardatz nagusia izango da Bergaratik Eskoriatzara eta Oñatiko adarra ere kontuan izango da. Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzagarako beste irtenbide batzuk planteatuko ditugu. Taxi-busaren antzeko zerbait.
Hau dena noizko egongo da zehaztuta?
Udalen onespena izango bagenu, agintaldia bukatu aurretik epeak eta aurrekontua zehaztu ditzakegu. Eta, azkarrenez, gutxienez, beste urtebete beharko genuke proiektua egi bihurtzeko.
Zenbatero edukiko genuke busa?
Zerbitzu gehien behar denean, ordu puntetan, 10 edo 12 minuturo. Eta erabiltzaile gutxiago dagoenean, goiz erdian edo arratsalde erdian, pasako ginateke 15 edo 20 minutura.
Ze harrera izan du ibarreko alkateen artean proiektu honek?
Jarrera ona, baikorra, agertu dute. Kostatu egin zaigu denekin egotea eta proiektua aurrera ateratzea, baina uste dut martxoaren amaieran adostasunera helduko garela eta proiektuak aurrera egingo duela.
Bailara honetan eszeptiko samar gaude garraio publikoarekin: tranbia bertan behera geratu zen, orain beste hau…
Bai, hori sumatu genuen alkateekin egindako batzarrean. Esperientzia ez delako oso ona izan, baina, bestalde, ikusi genuen proiektu eroangarria dela. Aldez aurretik, behinik behin, nahiko samurra abian jartzeko. Ez du obra handiegirik eskatzen-eta.
Herritik herrira errepidea zabaltzea proposatzen da ezta?
Bai, tramu batzuetan bakarrik, baina ez larregi ere. Osterantzean, herrietan, busarendako tokia marraztuta egongo da lurrean eta ez du beste oztopo edo berezigarririk izango
Elkarrizketa osorik