"Izan ere, Diputazioak planteatzen du, besteak beste, herri barruko aparkaleku batzuk kentzea autobus azkarrari lekua egiteko, eta guk planteatu genuen justu hori dela herriek duten defizitetako bat", gaineratu du Bergarako alkateak. Hala ere, jakinarazi du oraindik ez dutela Diputazioaren azkeneko proposamena aztertzerik izan, ez dutelako jaso.
Tranbia nahiago
Hori bai, gure ibarrak zerbait behar zuela helarazi zioten Diputazioko ordezkariari,eta ahal bada, hobe tranbia izatea: "Diputazioko ordezkariari helarazi genion gure nahia zela tranbiaren proiektuari ez diogula ukorik egin nahi. Jakina, ongi-etorria emango geniokeen bailara barruko garraio publikoa hobetuko zukeen proposamen bati. Guk esan genion Arantza Tapiari Debagoienerako zerbait behar dela, eta gainera, epe motzean. Ze tranbiarekin EAJren Jaurlaritzak ez zuen ezer ere aurreratu, eta orain PSE-EE dagoela, Eibar eta Zumarraga arteko trenaren proiektuarekin etorri dira; baina horrekin ere ez dute ezer egin. Proiektu piloa egin dituzte Debagoienerako, baina oraindik bat bera ere ez dute gauzatu".