'Harro hadi' izango da 2027ko Kilometroak jaiaren leloa

Idoia Aranbarri Arzuaga

Jendez lepo bete da Bergarako Udal Pilotalekua gaur iluntzean. Hantxe aurkeztu dute 2027ko urriaren 3an Bergaran ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia, eta, besteak beste, leloa, logotipoa, arropa eta bozeramaileak aurkeztu dituzte. Hitzartzeak egon dira, baina baita ezusteko handi bat ere; izan ere, Pantxoa eta Peio ere frontoian bertan izan dira lau abesti kantatzen.

Dagoeneko baditu leloa eta logotipoa 2027ko Kilometroak jaiak. Harro hadi izango da leloa, eta adierazi dute "jarrera bat" iradokitzen duen leloa izango dela, "egiteko modu bat" irudikatzen duena: "Inurri-lanaren bidez, txikitik eta isilean egindako elkarlana bistaratu nahi du. Harrotasuna piztu eguneroko lanaren bidez eraikitako guztiagatik, edota deseraikitzeko hartutako erabakiegatik. Harro Ikastola eta herria kontzientziaz elikatzeagatik".

Azaldu dute leloa deiadar bat ere badela, "aktibaziorako" deiadarra. "Bergara eta Euskal Herria Ikastolok defendatzen dugun herri-eredutik eraikitzeko beharra adierazten du. Herrien eta norbanakoen askatasuna kolokan dagoen honetan, hizkuntza eta kultura txiki eta gutxituen aldeko defentsara deitzen du", adierazi dute.

Leloak bere baitan laia bat dauka, "esangura handiko ikur bat", eta azaldu dutenez, auzolanaren eta komunitatearen "adierazgarri leiala" da, lurrari eta oparotasunari "erabat lotuta" dagoena. 2027ko Kilometroetan, "lurra irauli, sakon landu, hazia erein eta uzta emankorra jaso" gura dute.

Dirua, teilatua konpontzeko

Ikastola-ereduarekiko atxikimendua estutzea; Bergarako herrigintza osatzen duten eragile eta kolektiboekin eskuz esku lanean jardutea; gero eta gizarte "indibidualistagoaren" aurrean, auzolanaren kultura ere hauspotzea, eta euskararen aldeko pizkunde berri baterako akuilu izatea dira lau helburu sozialak.

Arlo ekonomikoan, Teilaz teila kanpaina aurkeztu dute, Ikastolaren teilatua konpontzeko kanpaina. Azaldu dute Ikastolako teilatua egoera "kaskarrean" dagoela eta hori konpontzera bideratuko dutela batutako dirua: "Jakin badakigu jasotakoak ez duela kostua osorik estaliko, baina lehen pausoa izan dadin nahi dugu".

Pantxoa eta Peioren emanaldia

Plazara euskara, Ikastolen ereserkia, Telesforon Monzonek 1969an idatzitakoa da, eta Pantxoa eta Peiok jarri zien musika. Gaurkoan bi abeslariak ekitaldian bertan izan dira, Monzoni omenaldia egin eta Ikastolen proiektua babesten. Inork espero gabe agertu da bikote lapurtarra oholtzara, eta bertaratu direnekin abestu dute ereserkia. Amaieran, gainera, Txikia, Urtxintxak oihanian eta Azken dantza ere jo dituzte.

Arropa eta osagarrien denda

Oinarrizko eta udazkeneko kolekzioak ere aurkeztu dituzte. Oinarrizko kolekzioa urte osoan zehar egongo da eskuragai, eta udazkeneko kolekzioa, berriz, urtaroaren bueltako kolore eta diseinuekin. "Linea beltza" ere atera dute, estetika beltza oinarri duen kolekzioa. Bi estilo uztartu dituzte. Batek logotipoaren bueltako diseinu korporatiboa du; bestea, aldiz, Ikastolen ereserkia abestiko letrez osatuta dago.

Arropa eta osagarriak Bergarako Zaiazko dendan egongo dira salgai (Telesforo Aranzadi 3). Lehen astean, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean egunero zabalduko dute 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta zapatuan 09:30etik 13:00etara. Handik aurrera, eguen eta egubakoitz arratsaldeetan eta zapatu goizetan egongo da zabalik. Dena den, aurreratu dute, hitzordu berezietan, ezohiko ordutegia izango duela.

Lau bozeramaile

Aranzadi Ikastolaren komunitatea osatzen duten lau lagun izango dira Kilometroen bozeramaileak: Leire Urzelai gurasoa eta Ikastolako lehendakari ordea (abenduko batzar orokorrean hartuko du lehendakari kargua), Aritz Oteiza ikasle ohia eta guraso izan-berria, Ion Andueza Ikastolako gurasoa eta Artezkaritza Kontseiluko kide izandakoa, eta Aroa Elortza, Aranzadiko ikasle ohia.

Hurrengo hitzorduak

Kilometroak hasi besterik ez direla egin adierazi dute, eta gaurtik 2027ko urriaren 3ra bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte. Hurrengoa urtarrilaren 16an izango da. Txapeldunen bertso-saioa egingo dute Udal Pilotalekuan, 22:00etan hasita. Euskal Herriko herrialdeetako txapeldun guztiek egingo dute kantuan: Alaia Martinek, Aitor Etxeberriazarragak, Maddi Ane Txoperenak, Xabat Illaregik eta Iñaki Viñasprek.

Aurreratu dute, martxoaren 13an, zapatua, herri-ekitaldi erraldoia antolatuko dutela frontoian bertan Bergarako Musika eta Dantza Eskolarekin elkarlanean, euskal kantugintzaren errepaso handi bat egiteko, herriko musikari eta abeslarien ahotsetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak