Kilometroetako lekukoa iritsi da Bergarara

Idoia Aranbarri Arzuaga

Gaur goizean egin duten lekukoaren iritsiera-ekitaldiko talde argazkia.

Aranzadi Ikastolak Kilometroen lekukoa urriaren 4an Lazkaon hartu bazuen ere, gaur goizean heldu da Bergarara, eta urtebetez Aranzadi Ikastolan egongo da. Munibe plazan egin dute ekitaldia, eta sei ikaslek eman diote Gotzon Huegun zurginak egindako artelana Leire Urzelai Aranzadiko lehendakariordeari.

Ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak elkartu dira, besteak beste, gaur goizean Munibe plazan egin duten lekukoaren iritsiera-ekitaldian. Leire Urzelaik jaso du lekukoa eta berak egin du hitzartzea. Ekitaldia amaitzeko, gainera, Ikastolen ereserkia eta Lau teilatu kantuak abestu dituzte. Urzelaik azaldu du, Kilometroak hartzeko prest daudela eta sendo oratuko dutela lekuko berria: "Ardura eta ilusio handiz beteko dugu edizio gogoangarri hau antolatzeko zeregina. Gipuzkoako ikastolen izenean, Euskal Herri osoko ikastolekin elkarlanean", azaldu du.

Kilometroen 51. aldia hartuko du Bergarak 2027ko urriaren 3an, baina, aldi berean, Euskal Herriko ikastolen aldeko jaien 50. urteurrena izango da. 1977an ospatu zen lehen aldiz Kilometroak jaia, eta haren atzetik etorri ziren Araba Euskaraz, Ibilaldia, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats. Urzelaik gogorarazi du mende erdiko ibilbidearen ostean milaka herritar aritu direla ikastolen proiektua babestu eta eraldatzeko lanean: "Euskal herrian gorpuztu den auzolan erraldoienetakoa gara".

Aranzadi Ikastolako lehendakariorde Leire Urzelai bere hitzartzean.

Lekuko eta ziklo berria

Orain arte, Antton Mendizabal artistak egindako oroigarriak ematen zuen Kilometroak antolatzeko ardura, baina Aranzadik estreinatu du Gotzon Huegunek egindako oroigarria: "Aranzadik estreinatuko duen lekuko honek ziklo berri bati eman nahi dio hasiera". Adierazi duenez, oroigarriak hiru zutabe ditu: mugimendua irudikatzen duen zirkulua, herria eta ikastola batzen dituena; ikastolen hiru zutabe nagusiak –gurasoak, profesionalak eta ikasleak–; eta etorkizunerako leihoa.

"Kilometroak zerbait bada, gure egiteko moduen adierazgarri leiala da: auzolana, auzolana eta auzolana. Mundua bizitzen ari den garai aldrebes honetan, lehen lerrora ekarri nahi ditugu ikastolon bereizgarriak", gehitu du Urzelaik.

Lekukoa eraman duten sei ikasleak lekukoarekin.

Aurkezpena, azaroaren 27an

Lekukoa dagoeneko Bergaran badago ere, azaro amaierara arte ez dute ekimena aurkeztuko. Zehazki, azaroaren 27an egingo dute ekitaldia, Udal Pilotalekuan, 19:00etan. Ekitaldi horretan aurkeztuko dituzte bai leloa, baita jaia ordezkatuko duen irudia ere. Horrez gain, herriari azalduko dizkiote asmoak eta helburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak