Babestutako 739 etxebizitza eraikiko dituzte Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga

Algodonerako lanak iazko urrian. (Argazkia: GOIENA).

Bergara tentsio handiko bizitegi-eremu izendatu dute, eta dagoeneko 21 herri dira Euskadin tentsionatu izendapena duten udalerriak. Ekintza-planak neurriak ezartzen ditu 2026-2028 aldian alokairuen prezioak mugatzeko, eskaintza eskuragarria handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko, birgaitzea bultzatzeko eta erakundeen arteko koordinatzioa hobetzeko. Neurriak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez, joan zen astean elkartu zen Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordea Gorka Artola alkatearekin eta Markel Azkargorta Hirigintzako zinegotziarekin Bergarako etxebizitza-egoera eta planean jasotako neurriak aztertzeko. Horrez gain, babestutako etxebizitzak eraikitzeko asmoa duten hainbat lursail ere bisitatu zituzten. 

Eman dituzten datuen arabera, Bergaran alokairuen batez besteko prezioa %21,5 handitu da azken bost urteetan, eta 470 espediente daude aktibo Etxebiden; horietatik %86,6 alokairuko etxebizitza bat eskatzen dutenak dira. De los Toyosen esanetan, tresna publikoak herritarren benetako beharretara egokitzea da erronka: "Eskaintza handitu behar da Bergaran, eta alokairuaren benetako eskariari erantzun handiagoa eman". Artolak azpimarratu du herritarrek etxebizitza duin bat eskuratzea dela Udalaren lehentasuna: "Lan egin behar dugu Bergaran bizi-proiektua garatu nahi dutenek etxebizitza prezio eskuragarrian eskuratzeko benetako aukerak izan ditzaten. Horretarako, ezinbestekoa da administrazio ezberdinen arteko lankidetza eta egungo beharrei, batez ere gazteei eta alokairua eskuratzeko zailtasun handienak dituzten familiei, erantzun zehatzak emateko plangintza bat".

Udalak gehitu du, "egungo beharrei erantzungo dioten etxebizitza politikak" garatu nahi dituztela: "Diagnostikoak aditzera ematen diguna da alokairurako eskaera handia dagoela. Batez ere gazteei eta alokairua eskuratzeko zailtasun handienak dituzten familiei, erantzun zehatzak emateko modu bat izan daiteke eta aukera horretaz aritu ginen".

739 etxebizitza babestu

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) 1.123 etxebizitza berri aurreikusten ditu; 739 babestuak: horietatik 291 babes ofizialeko etxeak (BOE) izango dira eta 448 tasatuak, Udaletik eta Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, "alokairura lehenesteko". Esaterako, A-17.1 udal-partzelak –Artzamendi kaleko pilotalekuaren alboko eskilaren eta iturriaren arteko maldan– 20 BOE hartzeko ahalmena du eta lagatzeko eta egikaritzeko aukera zehaztu dute. Azaldu dutenez, Miguel Altuna institutuaren eraikin berriaren inguruko eremuen aukera ere baloratu dute; baita Urteaga eta Algodonera zaharraren eremukoak ere, besteak beste. Gaur egungo HAPOan daude jasota gune horietako garapenak. Udaletik azaldu dute Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan aukera horiek epe ertain batean aurrera eramateko formulez hitz egin zela, baina kontuan izan beharrekoa dela Artzamendi eta Miguel Altuna inguruko lursailak salbu, garapen probatuei lotutako promozioak direla: "Horrek ez du esan nahi egun batetik bestera eraikiko direnik, baina bai abiapuntu bat jartzen duela elkarlanean garapen horiek aurrera eramateko".

Iaz onartu zuten Algodonerako A-18 Gune Berezian jasotzen denaren arabera, 346 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da; horietako gehienak libreak, baina baita 90 etxebizitza babestu eta tasatu ere: "Jasotzen diren kopuruak gaur egungo HAPOn agertzen direnak dira. Eremu hau garapen pribatuari lotuta dago eta sustapen publikoko etxebizitzak garapen probatu horren erritmoari baldintzatuta daude".

Ekintza-planak proposatzen du egin gabe dauden garapenen hirigintza-irizpideak eta babes-araubideak berraztertzea, "etxebizitza babestuaren pisua handitzeko eta eskaintzaren zatirik handiena alokairura bideratzeko". Aurreikusitako jarduketen artean dago, Ernai kaleko A-40 lursailaren garapena –36 etxebizitza libre ari dira eraikitzen–. Dokumentuak ez du epe laburrerako bizitegi-hedapen berri bat egitea proposatzen; eskaintza publikoa eta babestua handitzeko dauden aukerak hobeto aprobetxatzea eta administrazioen arteko lankidetza indartzea proposatzen du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin eta Visesarekin akordioak egitea aurreikusten du.

Momentuz, ez dago eperik, baina Udalaren nahia da ahalik eta azkarren eraikitzea: "Jaurlaritzaren zesioa formalizatzeko epeen beraien gauzatzeko gaitasunaren baitan egongo da".

De los hoyos, Artola eta Azkargorta Miguel Altuna eraikin berriaren inguruko lursailetan. (Argazkia: Bergarako Udala).

Etxebizitza hutsen auzia

Ekintza-planean 790 etxebizitza huts identifikatu dira Bergaran, eta horietako batzuek antzinatasun edo kontserbazio arazoak dituzte, eta merkatuan sartzeko beharrezkoa da birgaitze-lanak egitea. 62 etxebizitza daude Bizigune programan, eta pisu gehiago erakartzeko programari lotutako pizgarriak mantentzea eta hutsik dauden etxebizitzekin lotutako neurri fiskalak aztertuko dituzte. Aukeren artean dago, ohiko bizileku ez diren etxebizitzei aplikatutako Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) errekargua gaur egun araudiak baimentzen duen gehieneko kopurura igotzea. Gaur egun, errekargua %50ean dago, baina aurreratu dutenez, %150erainokoa ere izan daiteke. Udaletik azpimarratu dute fiskalitatearen gaia "modu pedagogikoan" landu nahiko luketela, "etxebizitzari bere funtzio soziala" itzultzeko: "Beraz, OHZren inguruan har daitezkeen erabakiez gain, pizgarriez, lankidetzaz eta erakundeen arteko koordinazioaz hitz egin behar da".

Birgaitzeari dagokionez, proposatzen da bizitegi-parkearen beharrak identifikatzea, eraikinen irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzea, eta lehentasuna ematea esku-hartzeak behar dituzten egoerei, hala nola, bizigarritasun baldintzei, adinekoei edo hutsik dauden etxebizitzei. Artolak dioenez, "Udalak lanean jarraitu behar du gaur egun erabiltzen ez diren etxebizitzen egoera zein den jakiteko eta alokairuaren merkatuan sartzea zein neurrik erraztu dezaketen identifikatzeko".

Eraikita dauden espazioen aprobetxamendua

Halaber, planean jasotzen da lokalak etxebizitza bihurtzeko erraztasunak ematea, baserri jakin batzuen banaketa aztertzea –nekazaritza jarduerarekin bateragarria denean– eta tamaina handiko etxebizitzen segregazioa ahalbidetzea. Neurri horiek hartuta, udal-ordenantza eta prozeduran berraztertu beharko dira, etxebizitza bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta etxebizitza berriek bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztela eta hiri ingurunean egoki integratzen direla bermatzeko. Lokalei buruzko araudia eguneratu beharko da, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak