Udalak Eusko Jaurlaritzan aurkeztu duen dokumentazioan jasotzen da Bergaran, azken urteetan, nabarmen areagotu dela etxebizitzaren prezioen presioa, eta horrek eragina duela herritarren etxebizitza eskuratzeko gaitasunean. "Azterketek erakusten dutenez, alokairu eta salmenta prezioek goranzko joera izan dute, eta horrekin batera, familiek etxebizitza duina eskuratzeko egin behar duten ahalegin ekonomikoa handitu egin da. Era berean, identifikatu dira merkatuan dauden hutsuneak eta gabeziak, bereziki eskaintza eskuragarriaren urritasunari eta prezioen mailari dagokienez, eta horiek guztiak biztanleriaren egoera sozioekonomikoarekin eta dinamika demografikoekin lotuta aztertu dira", azaldu dute Udaletik.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenen arabera, 2018tik 2023ra bitartean etxebizitza alokatzeko prezioak %21,5 igo dira, eta igoera hori Kontsumo Prezioen Indizearen hazkunde metatua (%16,6) baino handiagoa da eta legeak ezarritako gutxieneko diferentzia gainditzen du. Ondorioz, legeak eskatzen duen baldintza objektiboa betetzen da.
Udalak azaldu du, aurkeztu duen Ekintza Planak merkatuan hautemandako desorekak zuzentzeko neurri zehatzak jasotzen dituela, eta plana "egokia eta bideragarria" dela baloratu dutela, etxebizitza eskuragarriagoa eta bidezkoagoa bermatzeko bidean: "Izendapen prozedura martxan jartzeak, gainera, legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko aukera emango du, besteak beste, merkatuaren jarraipen zorrotzagoa egitea, prezioen bilakaeraren kontrola indartzea eta administrazio publikoen esku-hartzea eraginkorragoa izatea".
Bergarako alkate Gorka Artolak "positiboki" baloratu du Jaurlaritzaren onarpena, udalerriko etxebizitza egoerari "modu estrategikoan" heltzeko eta herritarren beharrei erantzuteko neurri zehatzak aktibatzeko balioko baitu: "Prozesu hau tresna garrantzitsua da etxebizitza eskuratzeko zailtasunak arintzeko eta Bergaran bizitza proiektu duinak garatzeko baldintzak hobetzeko".