EH Bilduren Bergarako Mahai Politikoak Maite Usabiaga (Bergara, 1981) proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal hauteskundeetan Bergarako alkategai izateko. Bergarako Mahai Politikoak adierazi du "ezkerreko subiraniston proiektua gidatzeko pertsona egokiena" dela Usabiaga, "azken urtean udalgintzan eta beste esparruetan taldean lan egiteko eta ezberdinen artean lanean aritzeko erakutsi duen gaitasunagatik eta herriaren ezagutzagatik".
Usabiagak sare sozialetan nabarmendu du "ilusio handiz" jaso duela proposamena eta alkategai izateko aukera eskaintza: "Herri proiektu sendo bat garatzen ari da EH Bildu 2019a ezkero Bergara hobeago baten alde, herritarrengana asko gerturatu gaituena, eta berau lideratzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi dut". Azpimarratu du "ardura handiz" egingo duela lan, "aurreko lantaldeen egitekoa zainduz eta nire begiradarekin aberastuz".
Udalgintzako ibilbidea
EH Bildu taldeko bozeramailea eta herritarren arloko burua izan da azken agintaldian; baita Kultura, Hezkuntza eta Gazteria eta Garapen zinegotzia ere. "Bertan, proiektu komunitarioen lidergoa eraman du, eta horretarako gaitasuna erakutsi du. Bisioa, ikuspegi berritzailea eta sentsibilitate soziala erakutsi ditu, eta, gainera, udal proiektuen ezagutza dauka. Horrela, gaur arteko proiektuak sendotzeko aukera eta berriei bultzada emateko anbizioa eta gogoa adierazten du", azaldu du EH Bilduk.
Gehitu dute Usabiagak "oso ongi" ezagutzen duela herria eta "ongi konektatzen" duela eragileekin, eta hori "ezinbestekotzat" jotzen du EH Bilduk alderdiaren proiektua gauzatzeko: "Herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko proiektua EH Bildurena da, gipuzkoarren eta bergararren gehiengoak adierazten duen gisan. Urteotan erakutsi duen konpromisoagatik, Bergaran hori gidatzeko pertsona egokiena Maite da".